2023/06/22

Koba Live: "Argi daukagu hazten jarraitu nahi dugula, baina pixkanaka"

Abadiñoko Koba Live jaialdiak egonkortzea du helburu. Hori dela eta, aurtengo kartela esanguratsuagoa da. Etzi, ekainak 24, nazioarteko eta Euskal Herriko metal taldeek joko dute Matienako eskolako jolastokian: Primal Fear, Angelus Apatrida, Mosh, El Altar del Holocausto, Blackhearth eta Sweet Rage. 16:30ean zabalduko dituzte ateak, eta doakoa izango da sarrera. Sugaar Musika Elkartea da jaialdiaren antolatzailea, eta metalzale asko espero dituzte.

Euskal Herriko heavy metal jaialdien loraldia dela eta, bakoitza ezagutzeko elkarrizketa laburrak egiten ari gara. Hauxe duzue, hirugarrena, Koba Live jaialdiari buruzkoa. Sergio Correa antolatzailearekin hitz egin dugu.

Noiz sortu zenuten Koba Live jaialdia, eta zergatik?

Jaialdia egiteko asmoa 2016koa da, eta hainbat saiakeren ondoren, 2021. urte bukaeran Abadiño Udalaren baiezkoa jaso genuen. Horrela, iazko udan egin ahal izan genuen lehen aldiz.

Hiru arrazoirengatik erabaki genuen Koba Live sortzea. Lehenik, musikazaleak garelako, eta, batez ere, rocka eta metala gustuko ditugulako. Bigarrenik, Abadiñok horrelako ekitaldi bat antolatzeko behar diren osagaiak dituela uste dugulako. Eta, hirugarrenik, Sugaar Musika Elkartekook horrelako saltsa batean sartzeko gogoa genuelako.

Zenbat pertsona zaudete elkartean?

Sugaar Musika Elkartea 2022an sortu genuen jaialdia aurrera eraman ahal izateko. Udalak gure proposamenari baiezkoa eman ondoren, bete beharreko baldintzetako bat zen. Horrela, bost lagun elkartu ginen, ordura arte ni nintzelako jaialdiaren sustatzaile bakarra. Gaur egun bost pertsonak osatzen dugu elkartea.

Zein da zuen helburua?

Jaialdia egin ahal izatea zen lehen helburua. Hasieratik, gure asmoa izan da kalitatezko jaialdi profesional bat antolatzea. Bide horretan, bigarrenez egingo dugu Koba Live jaialdia, eta apustu garrantzitsua izan da guretzako. Etorkizuna, berriz, izaten duen harreraren araberakoa izango da. Argi daukagu hazten jarraitu nahi dugula, baina pixkanaka. Uste dut Euskal Herriak faltan duela Gernikako Metalway jaialdi hura, eta maila horretako jaialdi bat lortzea ikaragarria izango litzateke.

Zein izan da jaialdiak orain arte jaso duen erantzuna?

Batetik, iazko jaialdiaren balorazioa oso positiboa da. Jaialdia hasi arte eguraldi oso txarra egin zuen arren, mila bisitari inguru izan genituen. Bestetik, garrantzitsua da jaialdiak sareetan duen erantzuna. Lehen ediziotik bigarrenera hazi egin da jaialdiarekiko interesa. Gainera, mediatikoki gehiago landu dugu.

Aurtengo jaialdiak pizgarri ugari ditu.

Egia esan, Primal Fear alemaniarrek Koba Live jaialdian jotzeak mapan jarri gaitu, eta penintsula osoko jendea gerturatuko dela uste dugu. Alemaniatik ere etorriko omen da baten bat. Aurtengo kartelak amu gehiago ere baditu. Angelus Apatrida nahiko ezagunak dira gurean eta estatu mailan, eta aipatzekoak dira ere El Altar del Holocausto eta Mosh taldeak. Oro har, aurtengo kartelarekin koxka bat gora egin dugula iruditzen zait.

Datorren urtekoari begira lanean jarri zarete?

Lehenik, aurtengoa ondo atera dadila, ahalik eta akats gutxien eginez, eta jendeak gozatu dezala. Dena dela, 2024ko edizioa prestatzen hasi gara. Horrela funtzionatu behar dugula uste dugu, urtea azkar pasatzen delako.

Hurrengo kontzertuak