Irailaren 20an izango da Abadiñoko Koba Live jaialdiaren laugarren edizioa, eta kartela osatzeko falta zen taldea iragartzeko unea iritsi da. Ingalaterrako Onslaught thrash metal talde beteranoak hartuko du Suicidal Angels greziarrek utzitako hutsunea.
1983an Bristol inguruan sortua, Onslaught beteranoek thrash metalaren generoari egindako ekarpena ukaezina da. Nabarmentzekoak dira beraien disko klasikoak: Power From Hell (1985) estreinakoa, The Force (1986) eta In Search Of Sanity (1989).
40 urte luzeko ibilbidearekin, gaur egun David Garnett, Wayne Dorman, Jeff Williams, Nige Rockett eta James Perryk osatzen duten taldeak etengabe eboluzionatzen jarraitu du, riff gupidagabeak eta ereserki ikaragarriak eskainiz, eta thrash eszena britainiarraren aitzindari gisa duen posizioa sendotuz.
Abadiñora lan berri batekin etorriko dira: Origins of Aggression. Maiatzean argitaratu zuten Reigning Phoenix Music diskoetxearekin. Lehen diskoaren 40. urteurrena ospatzeko lan bikoitza da, 1980ko hamarkadako piezen birgrabaketekin, eta hasiera hartan haien eragina izan ziren punk eta metal banden kanten moldaketekin.
Horrela, zortzi banda ariko dira zuzenean aurtengo Koba Live jaialdian. Bost dira nazioartekoak: Eclipse (Suedia, hard rock), Onslaught (Ingalaterra, thrash metal), Wolfheart (Finlandia, melodic death metal), Before The Dawn (Finlandia, melodic death/gothic metal) eta The Electric Alley (Espainia, hard rock). Beste hiruak, berriz, Euskal Herrikoak dira: Ehun Kilo (Elgoibar, heavy metal), Asgarth (Donostia, heavy metal) eta Moonshinerds (Durango, stoner rock).
Koba Live jaialdiko sarrerak 40 euroan eskuratu daitezke beraien webgunean eta helbide honetan eskuratu daitezke.