Koma - Una ligera mejoría antes de la muerte

Hobera egin ez badute ere, ondo baino hobeto zahartu dira. Iruñeko Koma beteranoak gogotsu dabiltza Una ligera mejoría antes de la muerte diskoa aurkezten areto eta plazetan. Lanaren izenburuak aurreikusten duen heriotza ezin esan gertu dutenik. Hau da, ez dela beraien despedida diskografikoa. Aldiz, bada bestelakoa. Hamahiru urte luzeko tartea dago La maldición divina aurreko diskoarekin, eta distantzia horrek bere ondorioak ekarri ditu.

Laukoteak rockaren eta melodien alde egin du lan berrian. Horrela, abesti zerrenda atsegina osatu dute, berezkoa duten amorru zein ironia estimatuarekin. Halere, indar falta bat nabari da, soinutik hasi eta pieza batzuen oinarrietaraino. Bide horretan entzule gehiago kabitzen dira, ziurrenik. Zale klasikoek eta belaunaldi berriek ontzat joko dituzte hamaika abestiak.

Lehergaiak atean jarri dituzte, Dinamítalos kantarekin zartatzeko. Fidela eta zuzena da, abiapuntu paregabea. Izan ere, bidaia dator bigarren tokian. El viaje abestia izango da ereserki gisa geratuko dena, bideoklip bihurri batekin indartu dutelako. Gainera, zuzenean ederki funtzionatzen duela frogatu izan dute. Tira, beste pieza askoren antzera. Metal kutsuko La máquina del tiempo ere horietako bat da. Pantera gogora ekar dezakeena, besteak beste.

Kontzertuek nabarmendu duten beste bat Los desheredados da. Gustura hartu dute zale berri eta ez horren berriek. Falso nafarren ildo gordin eta lehorreko eredu garbia da, eta sentitua bezain hunkigarria Palabras mágicas ederra. Gainerakoak ere balekoak dira, baina ez dira akaso horren gogoangarriak.

Maldizioak eta herio iragarpenak gaindituta, iruindarrak bizirik daude eta zuzenean sasoi paregabean dabiltza. Ez dute ukatu, eta zeharka bada ere aitortu dute: diskografiak jarraipena izango du, okerrik ezean.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Autoekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Dinamítalos
02. El viaje
03. La máquina del tiempo
04. El duelo
05. Falso
06. Palabras mágicas
07. Saltos mortales
08. El exterminador
09. Los desheredaos
10. Ni a tiros
11. Mendigo de alegría

Hurrengo kontzertuak