Latzen - Heriotzari deika

Abiapuntua omentzeko eta nabarmentzeko unea iritsi da. 30 urte bete ditu Oñatiko Latzen taldearen Heriotzari deika maketa apartak. Izan ere, 1995ean argitaratu zuten kasetean, eta 2.000 ale inguru saldu zituzten denbora gutxian. 2007an bueltatu zirenean, CD formatuan kaleratu zuten, eta 2024ko azarotik plataforma digitaletan entzun daiteke.

Esanguratsua izan zen maketaren 30. urteurrenaren atarian sareratu izana, eta dagoeneko ziurtatu daiteke apirilean iragarritako Latzenen bigarren itzuleraren aurrekaria izan zela. Agertokietara, berriz, hamazazpi urteren ondoren igoko dira egun gutxi barru. Uztailaren 19an izango da Bilboko Zorrotza gaztetxean, eta uztailaren 25ean Lakuntzako azken Hatortxu Rock jaialdian ariko dira.

Datorrenari begira jarri ordez, denboran atzera egingo dugu oñatiarren Heriotzari deika lehen urratsa gogora ekartzeko. 1989tik 1995era bitartean argitaratu ziren euskarazko heavy metal maketa esanguratsuetako bat da. Beste hiruak lehenago plazaratu zituzten Su Ta Gar, Urtz eta Ehun Kilo aitzindariek. Zorionekoak lan horien originalak kasetean dituztenak!

Maketa grabatzea erabaki zutenean, Latzenek bi urteko ibilbidea zeraman, eta hemezortzi urteren bueltakoak ziren Aitor Uriarte (ahotsa eta gitarra), Joxemari Azpitarte (baxua), Gorka Lazkano (bateria) eta Iker Martinez de Zuazo (gitarra). Bilboko Rockstudios estudioan grabatu zuten 1995eko Aste Santuan, Carlos Creatorren gidaritzapean. Hilabete batzuk geroago kaleratu eta harrera bikaina izan zuen.

Sei abesti ditu Heriotzari deika maketak. Iraupen luzekoak dira —bost minututik gorakoak—, landuak —hasiberri batzuenak izateko— eta askotariko pasarteak dituzte: akustikoak, elektrikoak, bizkorrak, pausatuak, melodikoak, gordinak... Heavy metala oinarri badute ere, thrash metaletik gertuago daude momentu askotan. Izan ere, hasierako Metallica eta Megadeth estatubatuarren eragina nabari da, beste erreferente klasikoekin batera.

Gu ez gara lehen kanta eta Infernuko ateetan azkena dira adierazgarrienak. Batez ere, aipaturiko osagaiak eta eraginak ondoen islatzen dituztelako. Gainera, bata oñatiarren aurreneko ereserki gisa har daiteke, eta, bestea, Kontzientzia ala infernua estreinako diskoaren iragarpena da. Bestalde, bi abesti horiek dira 2008ko Hellmuga zuzeneko diskorako berreskuratu zituztenak.

Gainerako lau piezak ere maila onekoak dira. Thrash kutsu gehien duena da Beldurra izenekoa, eta makurrenak dira Argiaren zai eta Putzu beltzean ilunak. Ildo berekoa da Latzen, taldearen izen bera duena. Are gehiago, letrak jasotzen du haren esanahia, bizitzaren eta heriotzaren artean kokatzen dena. Horren aurrean, hau da oihukatzen dutena: Bizitza Latzen!

Heriotzari deika maketaren azalak ere aipamena merezi du. Ibai Yaniz izan zen egilea, eta ezin hobeto irudikatzen du barnebiltzen duen iluntasuna. Kolore gorriko taldearen logo heavya eta zuri-beltzeko adineko pertsona baten aurpegi zimurtua ageri dira. Hain zuzen ere, 30 urte geroago, logo berarekin eta zimur gehiagorekin bueltatuko dira.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Abesti zerrenda:

01. Gu ez gara
02. Beldurra
03. Argiaren zai
04. Putzu beltzean
05. Latzen
06. Infernuko ateetan

Hurrengo kontzertuak