Oñatiko Latzen heavy/thrash metal bandaren diskografia osoa entzun daiteke dagoeneko plataforma digitaletan. Baita ere,1995ean kaleratu zuen Heriotzari deika estreinako maketa. Zehazki, azaroaren 28tik dago entzungai, adibidez, Spotifyn. Baita Hellmuga zuzeneko lana ere.
Maketari dagokionez, datorren urtean 30 urte beteko ditu, eta nahiko esanguratsua da urteurrenaren bezperan sareratu izana. Nolanahi ere, laukoteak ez du ezer iragarri.
Latzen lau gaztek osatu zuten, 1993. urtean: Aitor Uriarte (ahotsa eta gitarra), Gorka Lazkano (bateria), Joxemari Azpitarte (baxua) eta Iker Martinez de Zuazori (gitarra). Esan moduan, Heriotzari deika maketa 1995ean plazaratu zuten. Gerora, bi disko argitaratu zituzten: Kontzientzia ala infernua (Oihuka, 1996) eta Ardi larruz (Oihuka, 1998). Sekulako arrakasta lortu zuten lehenarekin, besteak beste, Laztana baladari esker. Dena dela, 1999ko abuztuan banda desegitea adostu zuten, hirugarren diskoa grabatzear zirela.
2007ko urriaren 2an, Infernuko ateetan azken kontzertu bira iragarri zuten, eta 15 emanaldi eskaini zituzten Euskal Herriko hainbat herritan. Tartean, Eskoriatzakoa grabatu, eta 2008an, Hellmuga izeneko zuzeneko disko eta DVDa argitaratu zuten. Ondoren, lan berria aurkezteko beste zenbait kontzertu jo eta Latzen behin betiko lozorroan sartzea erabaki zuten.