2024/08/16

Legacy of the Seas bandak bikingo baten istorioa kontatu du

Donostiako Legacy of the Seas epic metal taldeak Leyendas de una Eternidad diskoaren hirugarren singlea estreinatu du: Proscrito.

Hau da abestiak kontatzen duena: "Konstantinoplako errege familiak itsasoan galdutako bikingo bati harrera egiten dio. Urtetan zehar printzesarekin duen maitasun harremana areagotuz doala ikusita, enperadoreak, zeinaren zentzua gaiztotua dagoen, alaba hil eta bikingoari egozten dio errua. Horrela, erbesteratu egiten du".

Letren bideo batekin aurkeztu dute:

Iraupen luzeko lehen diskoa urriaren 4an plazaratuko dute. Bergarako ESnSE estudioetan grabatu dute, eta Red Dragon Artwork arduratu da diseinuaz, Javi Cesteroren azken ukituarekin.

Beste bi aurrerapenak jarraian dituzue:

Legacy of the Seas - Spirit of Ulia

Legacy of the Seas - Nuestra Voz

Legacy of the Seas 2010ean sortu zen Legacy izenarekin, lagunartean fantasiazko gaiak power metalarekin, metal sinfonikoarekin eta folkarekin uztartzeko. Askotariko oztopoak izan zituzten taldearekin aurrera egiteko (ikasketak, atzerriko egonaldiak eta bi kideren heriotza), eta hiru arotan bereizi behar da euren ibilbidea: 2010etik 2014ra, 2016tik 2017ra eta 2020etik gaur egun arte. 2023ko otsailean bi abestiz osaturiko Eternidad maketa digitala sareratu zuten Legacy izenpean. Ordea, EP gisa berrargitaratu zuten urte bereko ekainean, izena aldatuta, eta abesti eta osagarri gehiagorekin.

Gaur egun, bost musikari hauek osatzen dute taldea: Laura (ahotsa), Julen (teklatua), Alex (gitarra), Sergio (baxua) eta Juanpe (bateria).

Hurrengo kontzertuak