Legalize Murder - Stench of Extinction

Thrash hitza entzun orduko, Euskal Herriko zenbat talde okurritzen zaizkizu? Ez, ez dira desagertu, eta horietako bat da Iruñeko Legalize Murder. Eskola zaharreko thrash metala jorratzen denbora daramate, eta iazko abenduan Stench of Extinction bigarren diskoa argitaratu zuten. Hiruko bihurtu osteko lehen erreferentzia da. Izan ere, Trul (gitarra eta ahotsa), Piños (baxua) eta Ete (bateria) musikariek egonkortu dute banda gitarrista solistarik gabe.

Gezurra badirudi ere, zazpi urte luze pasa dira The Murder Diaries estreinakoa aurkeztu zutenetik. Ordutik zahartu dira, noski, baina ez dira asko aldatu. Lehen diskoaren antzeko formula erabili dute bigarrenerako. Leku berean grabatu dute –Sonido XXI estudioan– eta diseinua logoaren egile berak egin du –Andrej Bartulovic ilustratzaileak–. Dena dela, hiruko odoltsuak Alfonso Zarzosa (Traccion ohia) gitarristaren soloekin borobildu ditu abestiak. Lan horietaz Jun H´ghar gitarrista solista arduratzen zen, Legalize Murder utzi eta The Broken Horizon taldeari lehentasuna eman zion arte.

Hasiera bat eta bukaera bat. The Stench eta Extinction pieza instrumentalen artean dago odol jario amaigabea. In Science We Trust singlearen bideoklipa da horren erakusgarri. Beraiek diote Kreator eta Motörhead banden arteko zerbait dela zainetatik ateratzen zaiena, eta lan berriko hamaika abestiek ez diote kontrakorik. Alemaniako thrash metal klasiko eta zatarraren trazak nonahi topa daitezke. No Punishment, My Name Is Madness eta Face to Face adibide onak dira. Halere, diskoko ereserkia Legalize Murder For All zitala da.

Burua astintzeko oinarrizko thrash dosi gozagarria topa daiteke Stench of Extinction diskoan. Ez da burua galtzeko modukoa, lepo gainean mantentzea garrantzitsuagoa delako. Hori bai, nafarren zuzenekoetan odolez blai bukatu nahi duenak, ondo aukera dezala eguna eta lekua.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Ruido Noise Records.

Abesti zerrenda:

01. The Stench
02. In Science We Trust
03. No Punishment
04. Flesh on the Chain
05. My Name is Madness
06. Awakened Demons
07. Face to Face
08. Blacker Than Night
09. No More Slavery
10. Legalize Murder For All
11. Extinction

Hurrengo kontzertuak