2024/01/08

Leize beteranoak erroetara itzuliko dira euskarazko bi abestirekin

Gipuzkoako Leize heavy rock bandak 40. urteurrena borobiltzeko asmoa du. Taula gaineko ospakizunekin batera, Zarauzko Noisestudioan bi abesti grabatu dituzte.

"Taldearen hastapenetara eta erroetara joanez, oraingo honetan euskaraz egitea erabaki dugu", adierazi du Felix Lasa abeslariak eta gitarra jotzaileak. Izan ere, euskaraz kantatzen hasi zen Leize gutxira gaztelaniara pasa bazen ere.

Gure bazterrak eta Nora noa dira kanta berriak. Lehena Jose Antonio Artzeren poemaren moldaketa libre bat, eta Lasak nabarmendu duenez, Mikel Laboak egindako bertsioaren oso bestelakoa da. Bigarrena, berriz, "oso dinamikoa, melodikoa eta amorratua" dela gaineratu du. Bi emaitzak laster erakutsiko dituztela iragarri dute.

2021ean kaleratu zuten orain arteko azken diskoa, taldearen izen berekoa eta beraien diskografiako bederatzigarrena. Abestietako baten bideoklipa jarraian ikus dezakezue:

Azken urteotan egonkortu duten laukotea musikari hauek osatzen dute: Felix Lasa (ahotsa eta gitarra), Antonio Rodriguez (baxua), Mikel Lazkano (gitarra) eta Ibon Sagarna (bateria).

Hurrengo kontzertuak