Lined - Soulcrifice

Hutsunea betetzeko prest daude. Arrasateko Lined taldea biziberrituta itzuli da Soulcrifice bigarren diskoarekin. Boskotea osatu, hizkuntza aldatu eta proposamena berritu dute. Iragan urrunean geratu da 2009ko estreinako lana. Urte hauetan guztietan pilaturiko esperientzia nabari da abesti berrietan, eta izandako pazientziari esker urrats serioa egin dute. Aro berri bati hasiera eman diote gipuzkoarrek, eta horretarako erabaki zuzenak hartu dituzte.

Death metal melodiko suediarraren eta thrash metal europearraren artean egonkortu dira. Erreferentzia bat aipatzearren, The Haunted bandak lorturiko oreka gogora ekar dezakete. Konparaketen zama albo batera utzita, melodia eta riff onekin egituratu dute gaur egun erakutsi nahi duten errepertorioa. Horretaz arduratu dira Andoni Barkero eta Imanol Roman gitarra jotzaileak. Biek oinarri sendo eta eraginkorra osatzen dute. Aurpegi berriei dagokienez, Aitor Atxa (Broken Legacy) abeslaria fitxatu dute, eta ondo baino hobeto betetzen du bere egitekoa.

Estiloaren ezaugarriak barneratuta, Bad Omen sarrera eta Soulcrifice bukaera instrumentalak ditu diskoak. Tartean dago mamia, bederatzi kantuko zerrenda interesgarria. Ez da luzea, ezta motza ere. Horretan ere asmatu dute, betelanik ez duelako. Boskotearen melodeath eta thrash doinuen arteko nahasketa lehen entzunaldian antzeman daiteke. Rotten Society thrash metalerantz lerratzen bada, Buried Alive lan osoko pieza txukunena, death metal melodikoarekin elikatzen da. Gainerakoak bi mundu horien artean dabiltza, eragin modernoagoekin jolasean. Nabarmentzekoak dira Devil bideoklip gisara aurkeztu zutena eta The Reaper indartsua.

Ekoizle aproposenarekin lan egin izanak ere hauspotu du azken emaitza. Tristan Iñiguez musikari, teknikari eta lagunarekin grabatu dute Auryn Studios-etan, eta lorturiko soinua errepertorioaren maila berean dago. Estiloa ondo ezagutzen duen pertsona baten aholkuek balio berezia dute. Hain zuzen ere, antzeko estiloetan aritzen da Adolfo Cantoya Warbanner musikari eta artista. Bere esku utzi dute lanaren diseinua, azkenaldian beste talde askok egin duten gisara. Zerbaitengatik izango da.

Metal hedabide berezituetan ikusgarritasuna duen zigilua hautatu dute hasiera berrirako. Dagoeneko han eta hemen agertu dira, eta haizea alde dutela esan daiteke. Egia esan, Darkness By Oath herrikide desagertuek utzitako lekua merezi dute.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Art Gates Records.

Abesti zerrenda:

01. Bad Omen
02. Rotten Society
03. Buried Alive
04. Nowhere To Run
05. Slaves
06. Devil
07. Still Outdated
08. Parasite
09. Betrayed
10. The Reaper
11. Soulcrifice

Hurrengo kontzertuak