Lionhead - Look Mum No Hands

Badira aparteko oihartzunik sortu eta kontzertu andana eskaini gabe ere, egindako lan onagatik arreta merezi duten taldeak. Horien artean da Lionhead boskote gipuzkoarra. Bigarren lana plazaratu zuten pasa den urteko udazkenean eta bertan, estreinako The Tortoise and the Hare obra eklektikoaren espirituari jarraiki, sormenerako esparru berriak esploratu dituzte.

Kontrastea erabatekoa da, esaterako, diskoari hasiera ematen dion Notorius kanta bortitzaren eta Dance with the Devil pausatu bezain melodikoaren artean. Ahots malenkoniatsuak, breakdown sendoak, gitarra garbiak edota erritmo irregularretan oinarrituriko perkusioa, edozerk du tartea bandaren doinu bilduman.

Elementu bereizgarrien artean nabarmentzekoa da diskoari izena ematen dion kantuan Paloma Salom emakume kubatarraren ahots eder eta baketsuari tartea egin izana. Baina badira adimenez erabilitako bestelako baliabide freskoak ere, esaterako, Scene abestiak erdialdetik aurrera harturiko sentimenduz beteriko bide delikatua edota Five to Seven kanta amaieran riff astunera eginiko ezusteko biratzea. Edozeren gainetik, ohiko egiturei desafio egin eta musikagintza mugarik gabe jorratzearen aldeko sena da boskote donostiarrak bere baitan duena. Emaitza, entzunaldiak ugaritu ahala, geroz eta aberasgarriago bilakatzen den xehetasunez eta sorpresaz beteriko zortzi kantuko disko bizia.

Euren estilora egokituriko ekoizpen orekatuago batek taldeari mesede egingo liokeen arren, sormenaren alorrean egin duten ahalegina da bereziki estimatzekoa. Itzaletik argitara eraman ditzagun euren doinuak, musikazale ausartenen gozamenerako.

Mikel Yarza


Diskoetxea: Auto-ekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Notorious
02. Maniacs
03. Time and Colours
04. Scene
05. Dance With The Evil
06. Look Mum No Hands
07. Five To Seven
08. Me, Myself and I

Hurrengo kontzertuak