2021/10/08

Meltdown taldearen agurra 2022ko martxoan izango da

Hernaniko Meltdown hardcore/metal banda iaz desegin zen. Dena dela, azken kontzertu bat emateko elkartuko dira. Datorren urteko martxoaren 19an izango da Donostiako Dabadaba aretoan, eta Vibora taldearekin batera ariko dira. Sarrerak 12:00etatik aurrera eskuratu ahal izango dira helbide honetan.

Ohar luze baten bidez azaldu dute beraien ibilbidea eteteko arrazoia:

"Duela urtebete Meltdown amaitzeko erabaki zaila hartu genuen. Gure bizitzako hautu zailenetako bat izan da, eta denbora eman nahi izan diogu elkar zaindu eta hau modurik onenean bukatzeko.

2019an eta 2020aren hasieran gure bigarren LPa izango zena sortzen aritu ginen. 6-7 kantu berri konposatu genituen COVID-19aren pandemiak gure prozesua eten eta gure funtzionatzeko modu guztia aldatu zuen arte (gainerako artistei bezala). Egoera berriarekin, aurrera egitea eta konposatzen jarraitzea zaila egin zitzaigun, eta desberdintasun handiak izan genituen Sasurekin taldea eramateko moduari dagokionez. Denbora bat generaman bi aldeak elkar erabat ulertu gabe, baina kontzertuen eta kanta berrien argtarapenen erritmoarekin disimulatzen joan ginen. Hori guztia motxilan genuela, arazoa guztioi pertsonalki eragiten hasi zitzaigun. Nahiz eta lagunak izan eta elkar mintzeko asmorik ez izan, dinamika negatiboetan sartzen hasi ginen, eta taldean elkarrekin bizitzea jasanezina bihurtu zen. Bi aldeok gure bideak banatzea erabaki genuen 2020ko urrian. Eskerrak eman nahi dizkiogu Sasuri bere lanarengatik eta elkarrekin egin genuen bideagatik. Meltdownen sorreran eta garapenean funtsezkoa izan zen, eta onena opa diogu bere bizitza pertsonalean, profesionalean eta etorkizuneko proiektuetan.

Erabakia hartu ondoren, gainerakook hilabete batzuk libre hartu genituen taldearen etokizunari buruz hausnartzeko eta geure burua zaintzeko. 7 urtetan izan genuen lehen geldialdi serioa izan zen. Eta itzuleran, argi ikusi genuen: taldearekin jarraitzeko gogoa falta zitzaigun. Ez genuen proiektua lantzeko gogorik. Ez genuen kide berri bat sartzeko eta gure erara egokitzeko gogorik. Ez genuen musika bera eta proposamen artistiko bera egiten jarraitzeko gogorik ere: une hartan entzuten eta gozatzen ari ginena ez zetorren bat Meltdown izan zenarekin. Bidea amaitu zela ikusi genuen. Urteak eman genituen geure buruari asko eskatzen, eta azkenean erre egin ginen. Gauza izugarri bat eraiki genuen eta 14-17 urterekin Meltdown hastean izandako amets guztiak bete genituen. Bidaian lezio bat ikasteko zortea izan genuen: bideaz gozatzea zenbakiak eta helburuak baino garrantzitsuagoa da. 7 urte egon ginen bidean, baina une batzuetan galdu egin ginen. Eta ez dugu gauza bera egiten jarraitu nahi. Haurrak ginela sortu genuen taldea eta urte hauetan gogoa, ilusioa eta errepidea partekatu ditugu, eta ikusi dugu ez dugula bide hori luzatu nahi lortu genuen posizioagatik soilik. Meltdownek istorio bat du eta ez dugu nahi hau beste era batera ulertu dadin.

2020ko martxoaren 19an gure azken kontzertua emango dugu Donostian, Dabadaban, gure etxeetako batean. Viborako lagunak izango ditugu gurekin, bideak eman digun opari horietako bat. [...] Pixka bat falta da oraindik, baina ez dugu nahi COVID-19ak elkarrekin gau honetaz ahalik eta gehien gozatzea eragoztea, eta denbora ere behar dugu berriro abiatzeko.

Eskerrik asko guztiarengatik, familia. Meltdown gure harrotasuna, babesa, maitasuna, ilusioa eta ametsa izan da urte hauetan guztietan. Zuentzat ere polita izan dela espero dugu. Gauza izugarri bat eraiki dugu guztion artean. Gure bizitzak betiko aldatu ditugu. Martxoan ikusiko dugu elkar azken aldiz. Iritsi da joaten uzteko orduan.

Adeitasunez,

Mikel, Bittor, Pablo, Julen eta Sasu".

Boskoteak EP bat, disko bat eta hainbat single plazaratu ditu zazpi urteko ibilbidean. Iazko This is Now Forever abestia izan zen kaleratu zuten azkena.

Hurrengo kontzertuak