Gasteizko metal faktoria garai berrietara egokitu da. Tabernetan giro klasikoa mantentzen duten bitartean, hiriburuko talde erreferenteek nahiago dituzte metalcore eta groove metal doinuak. Childrain eta Minerva dira horren eredu. Bigarrenek, azkenean, Cursed lehendabiziko disko laburra atera dute. Hilabeteetako lanaren emaitza da, oztopoak oztopo aurrera eraman ahal izan dutena. Abeslaria eta logoa aldatzearekin batera, denbora pasa da iazko abuztuan All Souls Burn singlea aurkeztu zutenetik (aurreko abeslariarekin). Entsegu lokalean eta estudioan egindako esfortzuak, ordea, merezi izan die.
Bizi duten joerak behar duen soinu eta kalitatearekin aurkeztu dituzte intro bat eta sei danbateko. Agertoki edo gudu zelaira jauzi egiteko oihua da Our Final Fight, kontrakoa badirudi ere. Metal, hardcore, gitarra solo eta ahots urratu zein melodikoen koktela dator jarraian. Nahastua, eta ez irabiatua. Rage, My Destruction eta All Souls Burn bera dira erregai indartsuenak.
Zuzenekoak eskaintzeko oreka topatu dutela dirudi. Apirilean EPa atera zutenetik hainbat kontzertu eskaini dituzte, eta dirudienez harrera ona du beraien zuzenekoak. Euskal Herriko metalcore doinuak indartsu dauden garaian, harremana estutu beharko lukete beste bandekin festa onak antolatzeko gurean zein kanpoan.
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Auto-ekoizpena.
Abesti zerrenda:
01. The Ritual
02. Our Final Fight
03. Kiss Of Nebula
04. Rage
05. Cursed
06. All Souls Burn
Entzun: