Mise en Abyme - Emergence

Bilbo Hiria musika lehiaketari esker izan genuen Eibarko Mise en Abyme taldearen berri. Ez zuten saririk irabazi, baina zer esana eman zuten eta baliagarria izan zen zeuden gordelekutik ateratzeko. Pentsa daiteke hiruko gazteak denbora eman duela itzalean, sormena lantzen. Musika instrumentala, progresiboa eta esperimentala gustuko dute. Lanketaren lehen emaitza da bost abestiko Emergence lan laburra. Erritmo aldaketak, pasarte aldakorrak eta ñabardura erakargarriak ditu. Metal progresiboaren eremu zabala aintzat hartzen dute, rock progresibo klasikotik post-rock doinuetara doana, eta noski, djent joera ere barnebiltzen duena.

Sortzaile finak dira Ander Zenitagoitia, Aitor Suarez eta Jon Zubiaurre. Metal talde instrumentalen Euskal Herriko diskografia txiki bezain apartari ekarpen polita egin diote. Continuo Renacer dira aitzindariak gurean, eta Lampr3a dugu beste eredu aipagarria. Bitxia bada ere, bi taldeak hiru musikariz osatuta egin dira ezagunak, eta Mise en Abyme ere hiru kidek osatzen dute. Beste biekin alderatuta, Eibarkoek ez dute horren lotura zuzena muturreko metal teknikoarekin. Ahotsik ez dute, baina musika tresnen bidez transmititzen dutenak balio du neurtzeko islatu nahi duten intentsitate maila. Dena dela, hiru taldeek ezaugarri bat konpartitzen dute: kalitatea.

Azalean ikusi daitekeen zulo beltzetik azaleratzen dira doinuak. Lanari izena ematen dion Emergence abestia da aurrenekoa. Pixkanaka dator, kristala hausten den arte. Tira-bira tekniko batzuen ondoren iristen da gordeta daraman pasarte melodikoa, dinamikoa lehenik eta pausatua jarraian. Erasokorragoa da Reflection, aipaturiko djent zaporekoa. Erritmo aldaketen jolasarekin gainetik eraikitzen dituzte gitarraren melodiak. Drip kantuak izaera alternatiboagoa du, orain arte aipaturiko ezaugarriekin bat egiten duena. Rock progresiboaren esentzia du Framed Pieces zainduak –sintetizadore eta guzti–, eta A Way Out da diskoko luzeena. Lan laburrari bukaera eskuzabala emateko modu egokia da. Alegia, entzundakoaren laburpen deigarria.

Baliabideen aroan bizi garen arren, soinu eta ekoizpen ona lortzen dutenak ez dira asko. Zorionez, ez da Mise en Abyme hirukoaren kasua. Are gehiago, euren aldekoa da lortu duten emaitza. Suarez taldeko kidea arduratu da ekoizpenaz, grabazioaz eta nahasketaz. Aldiz, Ermin Hamidovic (Systematic Productions) teknikariak egin du masterizazioa. Pozgarria da kalitatezko musikak maila bereko soinua izatea. Are gomendagarriagoa bihurtzen du Eibarkoek aurkeztu duten lan bikaina.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Auto-ekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Emergence
02. Reflection
03. Drip
04. Framed Pieces
05. A Way Out

Entzun:

Hurrengo kontzertuak