Nakkiga - Agurraren Harkaitza

Itzaletik doan euskarazko metalak azaleratzeko leku berezituak ditu. Amurrioko Nakkiga black metal taldeari buruz ez dugu askorik topatuko hedabide orokorretan, salbuespen pozgarriekin. Nahiago dute itzaletik ibiltzea, eta ondo moldatzen dira gerizpean aurkitzen dituzten doinu gogorren jarraitzaile zein sustatzaileekin.

Hogei urte bete ditu Arghura eta Oindurth musikari arabarrek sorturiko bandak. Hasi dira urteurrena ospatzen kontzertu bira berezi batekin, eta estudiotik ere pasa dira lan elkarbanatu berri bat plazaratzeko. Bi hamarkadetan egin duten ekarpena iluna, paganoa eta gordina da. Lau maketa, lau disko, lau lan elkarbanatu (laster bost), disko labur bat eta bilduma bat argitaratu dituzte. Agurraren Harkaitza da orain arteko azken emaitza, eta orain arteko onena ere. Soinu aldetik eman duten jauzia diseinu apartarekin osatu dute.

Memory, Sorrow and Thorn nobela epiko zein fantastikoari egiten dio erreferentzia diskoaren izenburuak. Dena dela, bestelako istorio makurrak ere jaso dituzte lanean. Dagon da abiapuntua eta diskoaren nortasuna laburbiltzen duena. Black metal riff deigarriak marrazten dituzte erritmo aldaketekin, pasarte elektriko zein akustikoekin. Ildo berekoak dira Beltxargararen Azken Hegaldia eta Akelarreen Itzulera. Nahi gabe edo nahita normala da Numen taldea gogora etortzea. Horrela ere, gipuzkoarrak baino melodikoagoak, nolabait, eta paganoagoak dira arabarrak.

Malenkoniari ere tarte berezia eskaini diote. Agurraren Harkaitza abestian gitarrek negar egiten dute, hoztasun atseginarekin. Gauza bera gertatzen da Etsipenaren Bidetik azken kantuan. Lan osoko bereizgarriena da, batez ere, elektro-akustikoa delako. Gitarra akustikoak erakusten duen riff zehatza erraz sartzen da buruan. Egin duen abesti ederrenetakoa da.

Hogei urte beteta, oraindik ere, unholy txabakan metal leloa erabiltzen dute. Ordea, izan duten eboluzio positiboa agerikoa da. Gainera, Rhibem (Nemesis Occulta) abeslaria fitxatu zutenetik taldea egonkortu dute, zuzenekoei eta estudioko lanari begira. Abeslari honekin grabatu duten lehen lana da, eta espero dugu azkena ez izatea.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Darkwoods/Vertebrae/Damnatio Ad Bestias

Abesti zerrenda:

01. Dagon
02. Beltxargararen Azken Hegaldia
03. Agurraren Harkaitza
04. Akelarreen Itzulera
05. Aranekoarriko Arrangura
06. Etsipenaren Bidetik

Hurrengo kontzertuak