Herriko Burdina webgunea abian jarri genuenetik izan dugu Amurrioko Nakkiga taldearen berri. Webgunearen martxa berean hazi dira, eta horrela gizendu da beraien diskografia. Arghura eta Oindurth musikariak dira bandaren oinarria. Arghura izengoitiaren atzean ezkutatzen dena Isma Lopez arabarra da. Sortzaile nekaezina, langilea eta hurbileko pertsona. Talde bakarrarekin ez da konformatzen, paperezko fanzineen mundua bizirik mantentzen du eta tarteka kontzertuak antolatzen ditu. Gure webguneari elkarrizketa egin zion duela urte batzuk. Orain, bere txanda da.
Nola laburbilduko zenuke Nakkiga taldearen historia paragrafo batean?
1999an hasi ginen taldearen ideiarekin, urte horietan gazteak izanik eta musika tresnak jotzeko ideiarik ez genuenez taldearen martxa motela izan zen. 2003an grabaketak egiten hasi ginen, eta hurrengo urterako kontzertuak ematen hasteko aukera izan genuen. Hasiera batean bi pertsona ginen, gero hiru… baina beti behar izan dugu beste lagunen laguntza zuzenekoak jotzeko. 2010 urtera arte maketak eta elkarbanaturiko lanak ateratzen joan ginen, baina urte horretan lehen diskoa ateratzeko aukera eskaini ziguten Nigra Morseko lagunek. Ordutik beste bi disko atera ditugu, beste maketa eta partekaturiko lanak ere tartean direla. Kontzertu asko jo ditugu ere azken boladan, Nemesis Occulta taldeko kideen laguntzarekin. Une honetan grabaketa berriekin gabiltza, eta berriz ere bikote gisara ari gara lanean.
Amurrio black metalaren mapan jarri zenuten, Mortinatum ahaideekin batera. Zerk bultzatuta hasi zineten aipaturiko estiloa jorratzen?
Haurtzaro eta gaztaroaren parte oso garrantzitsua punkaren bidean egin genuen, baina urte ilun batzuk etorri ziren… Esan genezake lehenengo etsialdiak oso gazteak ginela jasan genituela. Bestalde, gure herrialdearen historia ilunarekiko interesa sakontzen ari zen eran, gure alde espiritualean barneratzen hasi ginen. Gauza horiek guztiak zirela medio, gure garunak eta arimak prest zeuden hazi berriak barneratzeko, eta hauek black metal taldeen eran etorri ziren. Bat-batean bageneukan, musikaren bitartez, nola ikasi, erakutsi, maitatu, babestu, elkarbanatu, barneratu… sentimendu ilunak, alde batetik, eta gure istorioak kontatzeko era epiko eta garratz bat. Urte askotan zehar gure izateko era horrelako estiloarekiko sentimenekin batera garatu da.
Ominous, Triarchy Of Vasconia laneko hirukoa (Adhur, Aiumeen Basoa eta Ilbeltz) eta Numen bandek zer nolako eragina izan dute zugan?
Oso garrantzitsua. Pentsa, nik gitarra jotzeari ekin nion Aiumeen Basoaren Antzinako Guduen Oroimenak abestia entzun nuenean. Kantu hori entzutean antzeko zerbait egiteko gogoa sortu zitzaidan, baina nire inguruko inork ez zuen hori jo nahi. Beraz, gitarra hartu eta jotzen ikastera jarri nintzen. Horrez gain, Numen taldearen lehen grabazioa Likinianon erosi nuenean, guretzako sekulakoa izan zen. Folka eta Dissection eran guk nahi genuen musika egitea posible zela ikusi genuen. Ominous geroago ezagutu genuen. Beraiek izan ziren black metala euskaraz jorratzen. 2005ean atera genuen maketan beraien bertsio bat sartu genuen. Triarchy momentu egokian atera zen, eta nire bizitza era batean edo bestean aldatu zuela aldarrikatu behar dut.
Aipaturiko taldeek bezala, euskaraz abestea erabaki zenuten. Zergatik?
Hasieran gai honi buruz hitz egiten genuen. Aurreko talde guztietan gaztelaniaz abesten genuen, baina talde berria osatu genuenean, erabaki genuen gaztelania ez erabiltzea. Oindurth ingelesaren erabileraren alde zegoen ere, baina nik ez nuen ingelesez kantatu nahi. Lehen letrak idazterakoan konturatu ginen erabaki zuzena hartu genuela, eta euskaraz abestea zela aproposena. Nakkigaren musikarekin bat egiten zuen, eta baita ere mundu misteriotsuarekin. Denborarekin beste gauza batzuk batu dira, kulturalki eta abar, baina oinarria aipaturikoa da. Dena dela, ez zuen zentzu handiegirik izango euskal mitologiari buruz beste hizkuntza batean egiteak, ezta?
Muturreko metalari dagokionez, orokorrean, zein talde dira zure eragin nagusiak?
Zerrenda bat egingo dut. Hasierako garaietatik gaur egun arte goranzko denbora lerroan jartzen saiatuko naiz. Egia esan, lehen garaikoak dira eragin nabarmenak. Hemen doaz: Dissection, Gorgoroth, Nile, Cradle Of Filth, Mutiilation, Vlad Tepes, Celestia, Dark Funeral, Immortal, Sacramentum, Lord Belial, Hate Forest, Nortada gelada, Ascension, Frostmoon Eclipse, Marduk, Kreator, Destruction, Brujeria, Sepultura, Nargaroth, Horna, Behexen, Satanic Warmaster, Naer Mataron, Vitsaus, Deicide, Anasarca, Centinex, Adhur, Ilbeltz, Aiumeen Basoa, Storbais, Numen, Macabre Omen, Crystalmoors, Xerion, Caladan Brood, Burzum, Nagelfar, Naglfar, Kampfar…
Taldearen izenaren jatorria Tad Williams idazlearen fantasiazko serie batean dago oinarrituta, ezta?
Taldearen ideiarekin hasi ginenean, ez genuen gizateriarekiko letra zuzenik egin nahi, ezta politika kutsu zuzenarekin. Gainera ez genuen letra guztiak euskal mitologiari buruzkoak izatea nahi. Gero beste kultura, eta istorioak ukitu ditugu, baina hasiera batean ez genekien zenbateraino irekiko genuen geure mundua letrekin. Beno, dena den, denboraldi horretan, 1997an edo Tad Williamsen liburua irakurri genuen, baina ez geneukan oraindik taldearekiko ideia zuzenik jarrita. Gauza izan zen taldeari buruzko gauzak pentsatzen hasi ginenean argi genuen The Lord Of The Rings liburuari buruz ez genuela abestu nahi. Beraz, zerrenda bat egin genuen. Nik Euskal Herriko mitologiaren izenez beteriko zerrenda bat eraman nuen, eta Oindurthek Memory, Sorrow and Thorn liburuko beste bat. Nakkiga izena ikusi genuenean, lehen unetik gure aukera izan zen, pentsatu gabe!
90eko hamarkada bukaeratik maketa eta lan elkarbanatu gehiago argitaratu dituzue, diskoak baino. Nola da posible?
Azalpen bat dauka. Taldearekin ikasi dugu musika tresnak jotzen, Nakkigarekin joan gara hazten musikalki. Orain arte ez naiz konturatu baina hasi ginenean nuen adinaren bikoitza daukat (barreak). Gauza da taldearekin bidaia bat egin dugula, eta txikiagoetatik diskoetara pasa ginela, baina oraindik maketak ateratzeko aukera dugu. Oraindik ere ikasten ari garelako!
Iraupen luzeko hiru lan dituzue: Belebeltzeta, Amerasu eta Amaieraren Hasiera. Estilo bera mantentzen duten arren, hobekuntza nabari da sormen eta soinu aldetik. Eboluzio naturala?
Ados nago, bai. Esan bezala, taldearekin joan gara pausoak ematen. Abestiak etengabe sortzen ari gara. Adibidez, Belebeltzeta grabatu genuenean Amerasu diskoko abestiekin genbiltzan lokalean. Amerasu grabatzen ari ginenean, berriz, Amaieraren Hasiera laneko abestiak lantzen geunden. Tartean ere, diskoetan sartzen ez diren kantuak prestatzen ditugu maketak eta elkarbanaturiko lanak ateratzeko.
Hamazazpi urterekin ez nuen dirurik materiala erosteko. Hogeita bostekin bai, eta hori nolabait nabaritu zen. 10 mila pezetetako gitarrarekin eta 1.000 eurokoarekin grabaturiko kantuek soinu desberdina dute. Sekula ez dugu eboluzioari buruz hitz egin, momentuaren atera denaren araberakoa da gure sormena.
Unholy Txabakan Metal etiketa erabiltzen zenuen hasieran, baina gaur egun ez. Zergatik?
Unjoli da zuzena! (barreak). Ez dakigu ingelesez! (barreak). Guk erabiltzen dugu oraindik. Ez hasiera batean bezainbeste, baina adibidez, duela gutxi Amurrion eskainitako kontzertuko kartelean jarri genuen. Black metal etiketa erabili izan dugu ere egiten duguna azaltzeko, Unjoli Txabakan Metal etiketarekin ez dira eta oso ondo jabetuko! (barreak).
Dragoiaren Mendia da atera duzuen azken lana. Hiru kantu propio eta hiru bertsio. Nolatan erabaki duzue maketa formatuan argitaratzea?
Aurreneko hiru kantuak elkarbanaturiko lan baten zatia ziren. Helde bandarekin batera atera behar genuen, baina beraiek azkenik ezin izan zuten. Abestiak zahartzen utzi beharrean, Heldekoekin hitz egin genuen, lanari izena aldatu eta Sparganum artistak egindako diseinua moldatu genuen maketa gisara ateratzeko. Azken diskoko grabazio sesioetatik Celestiaren bertsioa atera zen. Galdutako maketa batetik Isengarden bertsio bat aurkitu genuen, eta duela gutxi grabaturiko zuzeneko batetik Dissection ezagunen bertsioa.
Urteekin estudio propioa ere sortu duzu; Spitako Productions. Zure koba iluna da?
Egia esan gure entsegu lokalean egiten ditugun grabaketak dira. Hasieran kasete bat zen, gero mikro pare bat eta ordenagailu bat. Horrela egungo ekipoa izateraino. Lokalean gure taldeak grabatzen ditugu, eta batzuetan beste bandaren bat edo beste.
Zure inguruan badira beste proiektu batzuk: Ur eta Lupulo. Sormena jorratzeko beste bide batzuk dira?
Gaur egun Lupulo lo dago, ez hilik baina bai atsedenaldi egoeran. Bombero, Mono eta Fontanerok osatzen genuen taldea, baina denborarekin Mono eta biok geratu ginen, eta Engendroren laguntzarekin taldea bizirik mantendu dugu. Baina azkenean Joxelontxo Bomberoren itzulera arte itxaroteko ideia izan genuen. Zentzu gehiago du taldeak Txotxeren ideiekin.
Ur nire bakarkako proiektua da, eta berarekin nahi dudana egiten dut. Taldearen historia erraza da. Nargaroth eta Burzum taldeen musikan oinarrituta, Euskal Herriko paganismoari buruzko eta erromatarren inperioaren aurkako kantuak egiteko sortu nuen. Folk musikatik gehiago du ere, Nakkigarekin alderatuta. Egunen batean soinu txikia sartu nahiko nuke abestiren batean, eta hori Nakkigarekin ezinezkoa litzateke! (barreak)
Hain zuzen ere, Ur taldearen berriena Urmahell lan elkarbanatua da. Argitalpenaz zer aurreratu ahal duzu?
Bi abesti luze ditu, eta horietako bat da nirea. Gaua taldearekin harremanetan hasi nintzenetik banekien zerbait egin behar genuela elkarrekin. Pixka bat hitz egin ondoren, ilargiari buruzko lan bat egitea erabaki genuen. Garai hartan beste lan elkarbanatu bat prestatzen nenbilen Malasiako IVVIIV taldearekin ateratzeko. Beraz, erraza egin zitzaidan bi lanekin aurrera egitea. Urmahell dagoeneko kalean izan behar zen, baina denbora gehiago beharko du. Diseinua Igor Mugerzak egin du, eta Vertebrae eta Damnatio Ad Bestias zigiluek plazaratuko dute.
Gaua proiektuaren atzean nor dago?
Hona hemen black metal erantzun bat. Gaua taldearen atzean dagoen izpirituak ez du nor den esan nahi, eta nik errespetatu behar dut.
Sentimen Beltza taldea geldirik zegoela irakurri genuen. Horrela da?
Ba ez, bizirik dago, baina Oindurthen kontua da. Bera ez da pertsona oso berritsua, beraz, ezin dut gehiago esan.
Amurrioko Ikuilua, Orbeko Etxea eta Burubio kultur elkartea. Hiruak black metalaren topagune bihurtu dira. Garrantzitsuak dira espazio horiek zuen sormena eskaintzeko?
Hiruak izan dira leku oso garrantzitsuak nire bizitzan. Horietan eskaini ditugu gure kontzertua. Ikuilua sortu genuenean, gure lehen okupazioa zen, ez genekien oso ondo zer eta nola egiten ari ginen. Ez genuen esperientzia handiegirik antolakuntzaren munduan. Bakoitzak bere gauzak eginak zituen; adibidez, gure punk taldearekin, baina ez genuen ezer serioa antolatu ordura arte. Ikuiluan hazi egin ginen, eta orduko grina mantentzen dugu. Gaur egun antolatzen ditugun kontzertuak duela 10 urtekoen antzerakoak dira. Jendea pozik dagoenez, hasieratik ondo egin izanaren sentsazioa dut. Filosofia bakarra dugu: zure kabuz egin ezazu!
Euskal Herriko muturreko metalari dagokionez, zein iritzi duzu?
Argitalpen bikainak ditugu, eta talde batzuk ere oso onak dira. Gurean kaleratu diren disko batzuk nire kutunen artean daude. Esaterako, Su Ta Gar taldearen Jaiotze Basatia speed metalean; Elffor bakarlariaren lana black metal sinfonikoan; Estigia, Legen Beltza eta Hilotz thrash metalean; Anestesia... direna eginez! (barreak); Jhëit bikotearen black metal estralurtarra; Cerebral Effusion brutal death metalean; eta beste hainbat talde aipatuko nituzke.
Ezkorra ere banaiz, zentzu batean. Ez dago talde asko zuzenekoak emateko, eta gutxiago black metalean. Ikusi duguna da azken urteetan zuzeneko black metal talde bakarrak Nakkiga eta Helde izan garela. Esan izan da Euskal Herrian black metala jorratzen dela, baina zuzenekoetara joaterakoan thrash metala eta death metala dira nagusi.
Zuzeneko gutxi eskaintzen dituzue gurean. Gehiago jotzeko asmoa duzue?
Egia da hasiera batean horrela zela, bat edo bi urtero. Baina azken urteetan hori aldatu dela uste dut, eta hilero bat egiten dugu. Orain zuzenekoak emateko talde finkoa dugu eta ondo gabiltza. Gero eta aukera gehiago sortzen ari dira jotzeko, baina ez daude hainbeste leku kontzertuak antolatzeko. Dena dela, norbaitek bere herrian gure taldea ikusteko gogoa badu, gu bertara joatea erraza izango da.
Zure fanzinean bezala, nola agurtuko zenuke elkarrizketa?
Milesker zuen babesagatik eta elkarrizketa hau egiteagatik. Ea aurki ikusten garen kontzerturen batean.
Inaxio Esnaola Aranzadi