Fantasiaren eta errealitatearen arteko marra oso fina izan daiteke. Amurrioko Nakkiga black metal taldeak alegiazko istorioekin irudikatu ditu gizakion barne gatazkak eta sufrikarioak. Saiakera horren emaitza da Barneko beldurra bosgarren diskoa. Beste behin ere, Memory, Sorrow and Thorn nobela epikoa hartu dute oinarri gisa, gustuko duten iruditeria (Utuk'ku, Ineluki) jorratzen jarraitzeko.
Ausart jokatu dute azaletik hasita, ilustrazioak baztertu eta argazki bat erabili dutelako. Sparganum bikiak arduratu dira horretaz. Hain zuzen ere, azalak oso ondo irudikatzen du izenburuak barnebiltzen duen kontzeptua eta barruko black metal jardun interesgarria. Diskotik diskora hobera egin dutela esatea errepikakorra izaten ari da, baina hori da lan berri honen beste errealitatea. Musikagintza eta soinu ekoizpena orain arteko onenak dira.
Barneko beldurra azaleratzeko zortzi istorio aukeratu dituzte Arghura, Oindurth eta Rhibem musikariek. Arghurak berak xehe azaldu digu bakoitza, entzunaldiaren ezinbesteko osagarria bihurtzeraino. Ireki behar ez diren ateak da lehena, pausatua eta sarrera moduan hartu beharrekoa. Iparraldeko jakintsu batek gutun baten bidez dio Nakkiga mendiaren erraietan gizakiaren kontrako mendekua suspertzen ari dela. Ordutik aurrerakoa batez beste zazpi minutuko kapituluez osaturiko sorta makurra da: eskola zaharreko metal beltza pagan ñabardurekin eta egitura zainduekin. Gau harriztatua, Adimen bortxatuak eta Arpa abeslariaren ganbara dira pieza deigarrienak.
Bost diskorekin eta beste hainbeste grabaziorekin dagoeneko esan genezake Nakkiga dela euskarazko black metalaren talde emankorrena. Azpigenero estimatu horren diskografia nahiko laburra da gurean, baina dituen lan apurrak balio handikoak dira. Barneko beldurra zerrenda horretan sartu beharrekoa da.
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Spitako Productions.
Abesti zerrenda:
01. Ireki Behar Ez Diren Ateak
02. Gau Harriztatua
03. Errege Beltza
04. Adimen Bortxatuak
05. Saldukeriaren Zaporea
06. Etsipenaren Ardo Garratza
07. Arpa Abeslariaren Ganbara
08. Gurpilan Isolaturik