Nakkiga - Dragoiaren mendia

Sare sozialetan oinarrituriko egungo promozio bideetatik urrun, Euskal Herriko black metalak badu lurrazpiko zirkuitu emankorra, eta inguruko musikari eta musikazale andana biltzeko indarra eskuratu du ahoz aho lankidetza sare zabala osatzeari esker.

Mugimendu horren ikur nagusien artean da Nakkiga talde arabarra, ia hogei urte daramatza jada martxan Amurrioko laukoteak eta denbora tarte horretan hamahiru musika egitasmotan hartu dute parte, izan iraupen luzeko lanak, laburrak, bildumak edota, beste bandekin elkarlanean, split formatuan argitaraturikoak. Berriki Dragoiaren mendia plazaratu dute, hiru kanta propio eta hiru bertsioz osaturiko maketa.

Generoaren hastapenetan sustraituriko proposamena da eurena eta, horrenbestez, ez dute ekoizpen modernoak eskaintzen dituen soinu aukerei zukua ateratzeko aparteko interesik. Arabarrek argi dute beren nortasuna eta duintasunez defendatzen dituzte azaleko irudiko kobazuloaren sakonenetik datozela diruditen etsipenezko doinu eta girotze ilunak.

Azken lanekin alderatuta esan liteke oraingoan are gordinagoa den soinu baten alde egin dutela, distortsioaren bortizkeria eta gitarra garbien baretasunaren arteko kontrastea are nabarmenago bilakatzen duena; diskoaren izen bereko abestia da honen erakusle argiena. Bertsioei dagokienez, oraingoan ere arabarrek kuttuneko banden ereserkiak bere egin dituzte, Celestia taldearen Morbid Romance aipagarriena, Isengard eta Dissection banden bertsioen aldean, gehiago nabari baita bertan euren ekarpen propioa.

Euskal mitologiak ere badu tartea diskoko hitzetan, eta bidaide ezin aproposagoa da taldearen musikan murgiltzen denarentzat. Iraganera bidaia egin genezake arabarren eskutik, baina euren sorkuntza islatzen du arbasoen ondareak bizirik jarraitzen duela oraindik ere.

Mikel Yarza


Diskoetxea: Spitako Produxtions

Abesti zerrenda:

01. Denboraren memoria
02. Dragoiaren nendia
03. Behelainoaren barreneko ateak
04. Morbid romance (Celestia cover) 
05. Neslepaks (Isengard cover)  
06. Black horizons (Dissection cover)

Entzun:

Hurrengo kontzertuak