Nakkiga/Helde - Oroimenean

Biharamunean, iluntasunak hor jarraitzen zuen. Nakkiga eta Helde dira euskarazko black metalaren oraina, Numen esanguratsuekin batera. Hiruek elkarrekin bi kontzertuko bira laburra egin berri dute, eta muturreko metalaren zaleak alboan izan dituzte. Izan ere, Portugaleten aretoa bete zuten, eta Arrasateko gaztetxean jende asko sartu. Izena duen guztia omen delako, aipaturiko bira egin izana ez dute berehalakoan ahaztuko. Besteak beste, Nakkiga eta Helde bandek Oroimenean lan elkarbanatua aurkezteko probestu zutelako.

Argitalpena dezente atzeratu den arren, bi aldeak pozik daude elkarlana erakustea lortu dutelako. Amurrioko laukotearen ekarpena bi abestikoa da, eta aldi berean, pieza luzeenak dira. Zortzi minututik gorakoak dira Hileta Iluna eta Bihozmineko Basoak. Biak ala biak melodia oldarkorrekin josiak daude, eta pasarte pagano zein epikoak dituzte. Arabarren azkenaldiko esentzia ezin hobeto islatzen dute. Duela urte eta erdi plazaratu zuten Agurraren Harkaitza diskotik kanpo geratu zirela pentsa daiteke, ildo bera mantentzen dutelako. Besteak beste, ekoizpen bera dute, eta euren kasuan bigarrenez azpimarratu behar da soinu aldetik izan duten hobekuntza nabaria. Garbiagoa da dena. Horrekin batera, Arghura eta Oindurth bikoteak urteen poderioz sortzaile askoz hobeak bihurtu dira. Aipaturiko melodia oldarkor horiekin beraien izaera eta heldutasuna erakusten dutela nabarmendu behar da. 

Zikinagoa eta latzagoa da Helde laukotearen gordinkeria. Black metal lehor eta zuzenaren alde egin dute. Iraupen laburreko lau abesti propio eta bertsio bat ditu lan elkarbanatuak. Distortsioak bere gain hartzen ditu musika tresnak, eta baita ahots urratua ere. Ezin esan 2015ean argitaratu zuten Suaren gerizpea disko apartaren jarraipen naturala denik. Makurragoa da aurkeztu dutena, atsedenik gabeko zirimola. Txusan gitarrak black riff bilduma eraginkorra azaleratu du, eta bilduma horretatik Hil Hautu eta Atzerri Otserri abestiak dituztenak dira adierazgarrienak. Omenaldi moduan, Celtic Frost suitzarren Into the Crypt of Rays kantuaren moldaketarekin ausartu dira. Errepertorio propiotik bereizten da, eta musikarien beste aldarte bat erakusten du. Tom G. Warrior jaunak entzuten badu, gustura hartuko du, malko beltzekin eta irribarre tristearekin. 

Elkarlanaren bidez horrelako emaitza ilunak lortzen dira, eta euskarazko black metala hauspotzen dute. Nakkiga taldeari ez zaio batere kostatzen grabatu eta kantuak mila modutara plazaratzea. Aldiz, Helde bandak bestelako erritmoa du osatzen duten musikariek dituzten beste hamaika abentura dituztelako. Tarteka elkartu eta horrelako argitalpenak sustatzen badituzte, ongietorriak izango dira. 

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Damnatio Ad Bestias

Abesti zerrenda:

Nakkiga
01. Hileta Iluna
02. Bihozminezko Basoak

Helde
03. Hil Hautu
04. Betirako Atsedena
05. Atzerri Otserri
06. Beltzurian
07. Into the Crypt of Rays (Celtic Frost cover)

Hurrengo kontzertuak