Une gozoa bizi du Gasteizko Childrain taldeak. Areto eta jaialdietan etengabe aritu ondoren, lan berria nazioarteko diskoetxe batekin plazaratu eta Europan zehar bira egiteko baliatuko dute. Hamaika urtez etxean landutakoa mundu zabalera hedatu nahi dute orain, eta horretarako inoizko kanta zerrenda sendo zein orekatuena jaso dute The Silver Ghost laugarren diskoan. Martxoaren 29an argitaratuko dute. Gutxi falta denez, Iñigo Bengoa abeslariarekin hitz egin dugu.
Sormen prozesuari dagokionez, izan al da nabarmentzeko aldaketarik aurrekoen aldean?
Ez, sormen prozesua Matheria diskoan bezalakoa izan da. Iker gitarra jotzaileak abestiak ekarri izan ditu, forma eman diogu denok batera eta gero letrak zein ahots melodiak nire kontu. Horrela izaten da beti eta oso eroso gaude modu horretan lan egiten.
Ekoizpena ere inoiz baino zainduagoa da. Grabaketa eta postprodukzio fasean, zeri eman diozue lehentasuna?
Guretzat oso garrantzitsua da diskoan entzuten dena gero kontzertuetan nabarmentzea. Entzuten duzun guztia jo eta abestu dugu, ez dago tranparik. Nire ustez gaur egun teknologiari asko eskatzen zaio eta diskoak ez dira errealak. Plugin hau, kuantizazio totala, Panteraren bonboa hemen, autotuning efektua muturreraino… Dena pasatzen da filtro askotatik eta gero oso ondo entzuten da diskoa, baina pertsonalitate gabea da eta zuzenean askotan desastre handia. Iraganean diskoak grabatzeko musikari ona izan behar zenuen derrigorrez. Gaur egun ez da hori behar, baina zuzenean dena ikusten da garbi. Childrainen soinuari eman diogu lehentasuna.
Herbehereetako Graviton diskoetxearekin sinatu duzue. Nazioartera begira bilatzen zenuten bultzada al da honakoa?
Bai, horrela da erabat. Estatuan zehar asko biratu eta nahi dugun guztia lortu dugu, eszena nolakoa den kontuan izanda… Management berria dugu orain, nazioartekoa, eta Europari begira egin dugu lan guztia, prest gaude erronka berri hau hartzeko. Momentuz Alemaniako eta Belgikako prentsan oso harrera ona izan du diskoak, espero dugu horrela izatea beste leku askotan ere.
Ahots lanketa azpimarratzekoa da, inoizko erregistro agudo eta garbienetan mugitu zara. Prestaketa lan berezirik egin al duzu doinu berriei begira?
Bai, oso mugatua nengoen nire erregistro guturaletan, eta niri beti gustatu izan zaizkit talde melodikoak (Bad Religion, NOFX, SOAD…). Bost hilabetez irakasle baten klaseak jaso nituen. Berak nire ahots melodikoa bilatzen asko lagundu dit. Oso pozik nago honekin, muturreko guturaletatik ia power metal estilora joan naiteke orain.
Errepika gogoraerrazak dira diskoko hainbat kantaren oinarri. Konposatzerako orduan lehenetsi duzuen gauzetako bat izan al da honakoa?
Beno, horrela atera dira. Lehen maketan bazeuden pare bat errepika oso melodikoak, eta ondorengo diskoetan ere, baina orain ahots erregistro hauekin hobeto funtzionatzen dute eta gehiago nabarmentzen dira. Niretzat kontzertu batera joatea eta abestiak kantatu ahal izatea oso inportantea da, publiko gisara, beti gustatu izan zait errepikak zuzenean abestea. Hau jakinda, naturala da gure kontzertuetan hori ere indartzen saiatzea, mosh eta circle pit-ak barne.
Taldearen nortasunak ere inoiz baino finkatuago dirudi, estiloen arteko oreka baino, estilo propioa sendotzea bilatu al duzue bederatzi kantu hauetan?
Horrela izan da, bai. Metala dugu oinarri, baina gustuko edozeri egiten diogu tartea. Gure eraginak Panteratik Pink Floydera doaz, ez dugu ezer alboan uzten nahikoa metaleroa ez delako. Ahotsetan ere nire nortasuna bilatzen ahalegindu naiz, hori taldearen soinuan oso garrantzitsua baita. Iker gitarra eta konposatzailea da, baina baita soinu ekoizlea ere, berak ondo daki nolako soinua izan behar dugun, horren bila dabil beti. Gero eta gertuago gaude gure soinu propioaz, hori uste dut.
Espazioa, materia eta giza espiritualtasuna, halako gaiak esploratu izan dituzue aurreko lanetako hitzetan, baina oraingoan badirudi presenteago daudela, diskoa zeharkatzen duten ideia nagusi gisara. Nola sortu zen zilarrezko mamuaren kontzeptua?
Bidai astralak dira disko honen kontzeptu orokorra. Zentzumenez kanpoko bizipenak dira, zure gorputz fisikoa utzi eta beste dimentsioetatik bidaiatzen duzu. Jende askok pentsatzen du hau erokeri hutsa dela, baina nik ez. Txikitatik bizi izan ditut eta gertuko jendeari kontatu izan dizkiot. Orain, ordea, jende guztiari kontatzen dizkiot eta niretzat balio handia du, baina badakit jende gehienak ez duela ulertuko. Hala ere, istorio moduan kontatzeak ere bere balioa du, liburu bat izango balitz bezala. Zilarrezko mamua zure gorputz astralaren metafora poetikoa da, denok dugu zilar mamu bat barnean, baina gehienek ez dute inoiz topatuko, eta pena handia da!
Soziedad Alkoholika taldearekin batera biran izan zineten aurreko diskoarekin. Zein irakaspen atera zenuten?
Bira hori metal eta rock arloko unibertsitate antzekoa da. Gurean talde handiena da, eta asko ikasten duzu arlo guztietan, teknikoan, ikuskizunean, soinuan, argietan… dena apuntatu genuen, beraiek baitira gure ispilu duela hainbat urte. Asko laguntzen digute gaur egun ere eta guretzat hau guztia ikaragarria da, Soziedad Alkoholika taldeko oso zale izan garelako, txikitatik. Profesionalak izaten asko lagundu digute eta hori ezin da ordaindu.
Orain, aldiz, Europako biran murgilduko zarete apirilean Six Feet Under talde beteranoarekin batera. Nola prestatzen ari zarete nazioarteko aurkezpena?
Beti bezala, lan askorekin eta ardura handiarekin. Maila honetako nazioarteko bira batek lan asko du atzetik. Pertsona andana dago tartean eta gauza asko izan behar dituzu kontuan. Horrez gain, lokalean lan asko egiten ari gara, bira hau oso inportantea izango delako guretzat. Gure lehen aldia izango da toki askotan eta kartelaren hirugarren taldea gara, jendea harrituta utzi behar dugu eta ez da lan erraza.
Tankera honetako birek erraztu ditzakete ostera halako gehiago egiteko aukerak. Nazioarteko bideari eustea al da etorkizunera begira duzuen asmo nagusietako bat?
Beste hiru bira ukatu behar izan ditugu oraindik gure lanpostuetan gabiltzalako eta gauza asko ezin ditugu onartu, ez dugulako aukerarik hainbeste egun libre hartzeko. Baina gure apustua handia da, eta jada eskatu ditugu baimenak beste bira handi batzuk egiteko, oraindik ezer iragarri ezin dugun arren. Beraz, bai, nazioarteko birak egitea da gure asmo nagusia da.
Hamaika urte igaro dira jada Childrain sortu zenutenetik, zein modutan aldatu da denbora horretan taldearekiko sentitzen duzun lotura?
Talde honetan nire anaia ere ari da eta gure ametsa betidanik izan da musikarekin gauza handiak egitea. Horretan jarraitzen dugu, pausoz pauso, erronkak gaindituz, beti oinak lurrean izanda. Batzuetan oso gogorra da, lan asko eta denbora asko kentzen dizu, baina beti merezi du. Niretzat oso lotura berezia du, anaia eta biok barnean gaudelako, eta hori oso inportantea da. Taldea seme bat bezala da, ondo zaindu behar duzu. Lehenengo urteetan hobby bat zen, baina orain gure bizitzen proiektu bilakatu da eta beste taldekideek ere berdin pentsatzen dute. Beraiekin batera talde suntsiezina gara eta mundu guztia dugu aurretik gure ametsak lortzeko.
Eta taldea bera, zein modutan aldatu da?
Orain profesionalen moduan gabiltza, nahiz eta momentuz ezin taldeaz bizi. Formazio hau ezin hobea da, denak oso lotuta gaude eta gozatzen dugu elkarrekin. Honako hau oso garrantzitsua da, hil ala bizikoa esango nuke. Gainera, dena oso lotuta daramagu, gure soinua, ikuskizuna, argiak, eszenatokia… teknikari propioak ditugu eta ezin dituzu gauza hauek guztiak edozein eskutan jarri, zure zuzenekoan eragingo dutelako eta normalean ez onerako. Lan asko dago taldearen atzean, ez digu inork ezer oparitu, hau lan gogorraren ondorioa da. Taldekideak elkarrekin oso pozik gabiltza eta gose handiz gara.
Mikel Yarza