2020/12/23

"Noizbait aske izango garela azpimarratu nahi dugu, argira joz eta ez iluntasunerantz"

Sormen aro zaindu baten emaitza da Aske bigarren diskoa. Gipuzkoako Hilotz hirukoak irailean argitaratu zuen, urte arraro honi aurre egiteko. Entzuleak libre sentitzeko eta ariketa askatzaile baten parte izateko lana da. Konplexua bezain entzuteko erraza, musikaren eta letren garrantzia maila berean kokatzen dituena. Burdinola heavy metal irratsaioan Mikel Yarza abeslari eta baxuariarekin izandako solasaldian oinarrituriko elkarrizketa da.

Martxotik hona, askatasuna mugatu digutenean, Aske izeneko diskoa argitaratu duzue. Paradoxa bat dirudi, ezta?

Ba bai. Egia esan, aspalditik landu eta prestatzen aritu garen diskoa eta kontzeptua da honakoa. Hiru urte pasa dira lantzen hasi ginenetik. Udaberrian zetorren argitaratzeko momentua, eta hara non pandemiak gogor jo gaitu, eta gure bizitzak hankaz goza jarri ditu. Aurrez bagenuen diskoa kaleratzeko asmoa, eta gertaera honekin askok zalantza egin dute, eta batzuek argitalpenak atzeratu dituzte. Guk argi genuen momentua zela, gure mezuak bat egiten zuelako, eta ekarpena izan zitekeelako. Jendearentzat lagungarri izango dela uste dut, askatasuna bilatzen dutenen ingurukoa delako. Aspalditik prest genuen disko bat zen, eta argitaratu dugu, askatu dugu modu batean, moztu dugu zilbor heste hori. Eta hortxe dago, eta pozik gaude, egia esan.

Libre sentitu zineten plazaratu zenutenean?

Bada, bai. Azken batean, diskoa argitaratzeko momentua da prozesu luze baten azken puntua. Jende askok pentsa dezake momentu horretan iristen dela beraiengana, aspalditik eta su geldoan prestatu duzun hori. Baina bai, fase bat gehiago da. Kasu honetan, askatzen duzu, zama bat gainetik kentzen duzu. Dena dela, Hilotzekin egin ditugun hiru lanen artean, zama askatze gutxien sentitu dudana da. Aske izan da lehen lana dena denborarekin eta patxadarekin prestatu duguna. Argitaratzeko momentua iritsi zenean, prestaturiko pauso guztien gailurra izan zen, baina ez da arrastaka eramandako zama libratzeko momentua izan.

Harrera ona izan al du?

Ez dakit, batzuetan zaila da kanpoko ikuspegia izatea. Orain arte jaso duguna, positiboa izan da. Jendeak diskoa gustuko du, eta ari zaizkigu iristen kritikak eta elkarrizketak. Euskal Herrian, estatuan zein nazioartetik ere. Bereziki ilusioa egin digu Latinoamerikan izan duen zabalkundeak, eta baita ere Errusiatik jaso dugun kritika on batek. Zer hobetu ikusten duten iruzkinak ere espero ditugu heltzea. Horiek gustura hartuko dugu, beti dagoelako zerbait ikasteko.

Lanketa luze baten emaitza da zuen iraupen luzeko bigarren diskoa. Nolakoa izan da aurreneko aldiz hasi eta buka hiruko gisa egindako prozesua?

Nahiko gozagarria eta laua. Askotan prozesuak gorabeheratsuak izaten dira. Gailurrean zaude edo zuloan. Ez zaitu konbentzitzen sortzen ari zaren horrek. Izan ditugu eztabaida mordoa, gauzak egiteko moduarekin. Xehetasun jakinetan denbora asko pasa dugu pentsatzen eta eztabaidatzen. Horrela ere, erreka baten moduan aurrera joan da prozesua, naturalki. Hiruok parte hartu dugu, oso partehartzailea izan da. Bakoitzak ekarri ditu bere eraginak. Prozesuaren tartean Etxahun Governors taldean jotzen hasi zen, eta guztiok beste konpromisoak izan ditugu, pertsonalak zein lanekoak. Hilotz ez da gure ogibidea, baizik eta afizioa zein pasioa. Denbora genuen bakoitzean patxadaz hartu dugu, eta sortzen genuena fintzen eta gozatzen joan gara. Argitalpen mugarik ez izateak eta muga hori bera gure buruari ez jartzeak, prozesuaz gozaten lagundu digu.

Ez sinestekoa badirudi ere, pandemia garaian argitaratu duzue diskoa. Ez zarete bakarrak, baina bizi dugun garai honetan kaleratu diren lanak markatuta geratuko dira.

Beno, bi irakurketa egin daitezke. Izan daiteke marka bat, zerbait kaltegarria bezala, garai honetan sortu delako. Kontzertuen zirkuitua berraktibatzean akaso diskoa zaharregia geratuko dela pentsa dezakete batzuek, eta akatsa izan dela orain argitaratzea, dena geldi dagoenean. Bestetik, ordea, gure ustez lehorte handia dago argitalpenei dagokienez. Modu batean horri esker ere argitaratzen diren lan horiek ikusgarritasun gehiago dute; guk hala sentitu dugu, behintzat. Asko zabaltzen ari da Aske, akaso mezuarengatik, aske izan nahi dugulako. Nik ez dut inolako konplexurik garai honetan argitaratzearekin. Jendeak orain tartea dauka musika entzuteko, eta kontzertuak iristen direnerako gure abestiak ezagutuko ditu.

Kulturgintza eta musikagintza nabarmen kaltetu ditu pandemiak, besteak beste. Aisialdia mugatuagoa dugunean, musikak arintzen du bizi dugun egoera?

Zalantzarik gabe. Jende asko konturatu da horretaz, eta kultura zein sormena garaiotan gehiago estimatu ditu. Konfinamenduan, udaberrian, zein orain kalera atera gaitezkenean. Euskarri bat da musika, alaitasun edo zoriontasun iturri bat, niretzat behintzat. Konfinamenduan disko asko entzun ditut, eta badaude jakin batzuk. Esaterako, Myrkur bakarlariaren Folkesange. Oso argitsua da, etxe zuloan sartuta geundenean behin eta berriz entzun dudana. Horrek indarra eman dit, benetan. Zuloan bazaude eta etengabe 24 orduko albiste zikloa, datu, arazo, heriotza eta bestelakoak entzuten, ez dizute batere laguntzen. Aldiz, kulturak eta sormenak aske izateko balio dute. Bakoitzaren barne prozesu eta gogoetak loratzeko. Kulturan, orokorrean, zoriontasuna topatu dut.

Askapen modu edo askatasun desira hainbati buruz hitz egiten duzue abestietan. Zehazki, zeintzuk dira jorraturiko gaiak?

Gai nagusia askatasuna da, esan bezala. Diskoko hamaika kantuak aske izan nahi duten horien begietatik kontaturikoak dira. Hamaika istorio indibidual, hamaika ahots desberdin, denak kateak hautsi nahi dituztenak. Aurrean topatzen dituzten muga horiek gainditu nahi dituzte. Diskoan enpatia ariketa bat egin dugu, edo beste horren sufrimendua ulertzen saiatuz, bere larruazalean jarri eta hori kontatzen ahalegindu gara. Adibidez, mugak zeharkatu eta beste herrialde batera aukera baten bila jauzi egin nahi duen pertsonaren istorioa, gauez kaletik etxera beldurrez doan emakume baten istorioa, eta hiltegira bidean kamioian harrapatuta doan animaliarena. Guretzat garrantzitsua da azpimarratzea ideia hau ez dugula josi galtzen edo kentzen zaien askatasun horren inguruan. Askatasun hori bilatzea da, batez ere, fokua. Noizbait aske izango garela azpimarratu nahi dugu, argira joz eta ez iluntasunerantz.

Hitzei garrantzia berezia ematen diezue. Aurreko lanetan bezala, Aske diskoko letrak asko landu dituzue. Beste metal talde batzuek gai sinpleagoak jorratzen dituzte, sakontasun gutxiagorekin. Zuen kasuan, lanketa berezia egin duzue, eta komeni da erreparatzea idatzitakoari. Zerbait gehiago adierazteko beharra duzue?

Musika bezala hitzak dira zure mezuak zabaltzeko euskarria. Inguruan ditudan lagun askok esaten didate letrari ez diotela horrenbesteko garrantzia ematen. Pertsonalki esango nuke metala entzuten hasi nintzenean ere horrela zela. Urteek aurrera egin ahala, eta pertsonalki garatzen zoazen heinean gogoeta politiko, sozial eta existentzialak garatzen dituzu. Saiatzen gara daukagun plataforma hori, talde edo sortzaile gisa erabiltzen gure gogoetak zabaltzeko. Letren mezuak musika bidezkoak bezain garrantzitsuak dira. Esaterako, heriotza oso presente egon da gure ibilbidean, izenetik hasita. Azken honetan, ordea, argira jo dugula uste dut. Giza Ankerkeria aurreko diskoa gizartearen okerrak markatzeko bidaia bat da. Lan berrian, ildo horri eutsi diogu, baina argira begira. Nik ere banuen beharra noranzko horretan jartzeko. Orain gertuago sentitzen naiz argitik iluntasunetik baino.

Musikalki ere askatasun kontzeptua oso presente dago. Thrash, death zein black metala oinarri gisa hartuta, bestelako doinu eta erritmoak uztartu dituzue. Ematen du badagoela saiakera bat, musikari bakoitzak ekarpenak egin dituzue. Ados zaude?

Erabat. Sarritan ari gara esaten, azkenaldian, ez diogula mugarik jarri nahi gure buruari. Askotariko musika entzuten dugu. Joera desberdinetakoak; Michael Jackson, Vivaldi edo Snarky Puppy gustuko dugu. Metalaren barruan ere azpigenero asko daude. Badira talde jakinak estilo bat hartzen dutenak eta kanta guztiak joera berean oinarritzen dituztenak. Niri aspergarria iruditzen zait hori. Gure buruari traizioa egitea litzateke. Joera asko entzuten ditugunez, zerbait orijinalagoa sortzea errazagoa da. Guk ez dugu estilo bat sortuko, baina gurea egiten saiatzen gara. Kasu honetan, askatasunez aritu gara eta forma ematen abesti kontzeptua presenteago izanda. Aurreko diskoan baino gehiago saiatu gara abestiak borobiltzen. Pablok eragin handia izan du horretan. Melodia jakin batzuk ekarri ditu, eta estribilloetan zentratu gara. Jendeari gogoraerrazagoak irudituko zaizkio.

Metal musika kontsumitzerakoan, joera da konplexua dena ez entzutea. Zuen diskoa ez da konplexua, baina baditu lehen entzunaldian barneratzen ez diren pasarte eta egiturak. Metal zale zurrun bati kostatu ahal zaio Aske diskoa entzutea?

Bai, izan daiteke. Gure abestiak ez dira irrati formulen neurrietarako sortuak. Heavy metala egokitu dezakezu horretara, hiru minutu eta erdiko abestiak eginez. Estrofa, zubia, estribilloa, soloa eta berriz estribilloa. Horrekin egin duzu abestia. Heavy metalaren ereserkietako askok egitura hori dute. Guk aske izan nahi dugu sortzerakoan. Orduan, bidean publiko orokorrera heltzea zailagoa bada, zailtasun horri helduko diogu. Abesti sinpleagoak egiteagatik ez dugu uste talde garrantzitsuagoa izango garenik. Nire ustez garrantzitsuena da abesti batek indarra izatea, bi minutu edo zortzikoa izanda. Barrutik egindako zerbait izatea.

Etxahunek, Pablok eta zuk osaturiko hiruko egonkorrak ahalbidetu du musika, hitzak eta gainerako detaileak askatasunez egin ahal izatea. Garrantzitsua izan da?

Bai. Bost urte daramatzagu elkarrekin. 2015eko udazkenean sartu zen Pablo taldera, eta 2014ko udaberrian Etxahun. Hiruko gisa dagoeneko urte gehiago daramagu laukote gisa baino. Pablo sartu zenetik ibilbidearen erdia egin dugu. Bost urte hauetan, egin dugun bakarra Aske da. Denbora hori eskaintzeak egin du hirukoa sendotzea eta egonkortzea. Noski, familia batean bezala, gorabeherak daude, tentsioak, desadostasunak, ... horiek hor egonda ere hiruon artean dugun harremana Hilotzen sekula egon den sendoena da. Hiruok konpartitzen dugu sekulako konpromisoa zaletasunarekiko eta pasioarekiko. Dagoeneko ari gara zirriborro berriak lantzen, eta hiruon artekoa izango da.

Laukote izatera itzultzeko tentazioa baztertu duzue, beraz?

Prozesuaren uneren batean sortu zen aukera lauko izatera itzultzeko, bigarren gitarrarekin. Dena dela, hiruko gisa hobeto egonkortu ginela ikusi genuen, eta horrek ere sarritan abantailak ematen dizkigula zuzenekoei begira, soinu garbiagoa lortzeko. Egia esan, taldea hasi genuenean heavy metal klasikoaren bi gitarra bikoiztuen kontzeptutik abiatu ginen Judas Priest edo Iron Maidenen tankeran. Ez nuen sekula imajinatuko hiruko izaten bukatuko genuenik. Halere, orain kontrakoa pentsatzen dut, eta ez dut taldea laukote gisa ikusten.

Hiru musikarik osatzen duzue Hilotz, baina Ekaitz Garmendia laugarren kidea izan daiteke. Karrantzako BlackStorm bere estudioan grabatu duzue lan berria. Zer nolako garrantzia du berak Hilotzengan?

Sekulakoa, erraldoia. Bere tamainakoa da Hilotzengan duen garrantzia. Ekaitzekin gauden bakoitzean plazer hutsa da. Taldea abiatu genuenetik hor egon da, hasieran ikusle gisa, maketarekin ezagutu gintuelako. Giza Ankerkeria diskoaren nahasketak eta masterra egin zituen, eta baita solo batzuk grabatu ere. Izugarriak dira, eta entzuten ditugun bakoitzean aho zabalik geratzen gara. Lan berria grabatzeko bere etxeko ateak ireki zizkigun, eta harreman oso estua eraiki dugu. Gure zuzeneko teknikaria ere izan da. Egunero ez bada ere, sarri hitz egiten dugu berarekin. Musikaz, zinemaz, eta azkenaldiam xakeaz ere asko hitz egiten dut berarekin, ni bezala oso zaletua delako. Zaletasun asko ditugu. Hain pertsona zintzo eta jatorrarekin Hilotzen ibilbidea egitea plazera da. Agian bera da laugarren kide hori, bai.

Kontzertu asko bertan behera utzi eta atzeratu dituzte. Zuzeneko emanaldi apurrek neurri zorrotzak bete behar dituzte, eta horiek antolatzea oso zaila da. Hilotz behar bezala taula gainean ikusteko 2021era itxoin beharko dugula dirudi. Zer eskatzen diozue urte berriari?

Pertsonalki pentsatzen dudana da, garai arraro hauetarako leloa izan daitekeela ezer ez dela betirako, COVID-19a ere ez, eta berreskuratuko nahi duguna.

Inaxio Esnaola Aranzadi

Hurrengo kontzertuak