Nostalgiatik bizitzea baino hobea da nostalgia bera biziberritzea. Gasteizko Nukore taldea konturatu da zeintzuk diren 90eko hamarkadako metal modernoaren indargune eta ahuleziak. Horregatik, One Minute Silence laugarren diskoa ez da beste urrats bat beraientzat, mugarri bat baizik. Orain artekoarekin haustura bat proposatzen du, ez delako nu metal zein rap metal lan estandar bat. Hardcore gordinari aukera serio bat eman diete, eta baita asmatu ere.
Arabarren ibilbideak merezi baino oihartzun apalagoa izan du. 2004an elkartu zirenetik ez dute zarata askorik egin nabarmentzeko. Gustuko duten musika jorratzen aritu dira, presarik gabe, erritmo erosoan. Lehen hiru diskoek une interesgarriak dituzte, eta laugarrenak balio behar luke euren diskografiari errepaso on bat emateko. Dena dela, lan berriarekin azaleratzeko modua topatu dute. Gasteizko Silverstar Studios-etan Iker Bengoa (Childrain) musikari eta teknikariarekin lortu duten soinuak laukotea hauspotu du. Horrekin batera, Paul Urkijo zinemagileak egindako diseinua estalki paregabea da.
Ostiral batez argitaratu zuten diskoa, eta Black Friday da estreinako abestia. Ezin da kasualitatea izan. Kapitalismoaren iruzur horri aurre egiteko ereserkia da: "Don't buy it!". Behar ez den zerbait erosi beharrean, hobe da gasteiztarren diskoa eskuratzea. Mezu zuzenak eta afinazio pisutsuak uztartzeko grina da laneko zortzi abestien oinarria. Give Me My Pain zapaltzaileak erakusten du norabide aldaketa, trinkotasunaren eta hardcore bortitzaren izenean. Suicidal Tendencies, Body Count eta Rise of the Northstar taldeen eragina antzematea zeharo naturala da. Iraupenekin jolasean, badira bi danbateko bi minututik beherakoak: Your Home Is A Mess eta One Minute Silence. Ez dira ba oso isilak.
Gustuko duten nu metal ibiltariak ere badu bere lekua, breakdown, rap pasarte eta koro oihukatuen artean. One Love One Life abestiak iradokitzen du Korn zaleak direla. Dena dela, benetan gustuko dutena da letra bihurriekin kritika zorrotzak egitea. Like My Likes da borobilena, eta izenburuak lotura zuzena du sare sozialek sortzen duten itxurakeriarekin. Kantu honek "atsegin dut" asko merezi ditu, taldeak bezainbeste.
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Blood Fire Death.
Abesti zerrenda:
01. Black Friday
02. Give Me My Pain
03. Your Home Is A Mess
04. Erase & Redefine
05. One Love One Life
06. One Minute Silence
07. Like My Likes
08. Shame