Ezarian eta oharkabe argitaratzen diren lanei erreparatzeko denbora badago. Ekainean aurkeztu zuten Oneiric Delusion bizkaitarrek estreinako diskoa. Bazetorrela iragartzeko hainbat pieza aurreratu zituzten, baina behin iritsita ez diote iragarpenen maila bereko oihartzuna eman. Udaren atarian kaleratzen diren lan batzuk zulo beltz batek irensten dituela dirudi. Ez dadila hori boskote honen lehen urratsarekin gertatu.
Alex Unamuno abeslariaren proiektu berria da. Heavy zein power metala progresiboarekin nahastu dute, joera estatubatuarrari keinu bat eginez. Ahotsa eta musika aintzat hartuta, Axelen orain arteko ekarpen onena da. Nabari da bere taldea dela, beste proiektu batzuetan soilik abestea egokitu zaiolako. Oraingoan, musikari eta lagunez inguratu da eldarnio oniriko hau osatzeko: Jon gitarrista solista (Inner Destiny ohia), Iñigo gitarrista erritmikoa (Reborn ohia), Iker bateria (Evil Seeds ohia) eta Arkaitz baxua.
Apokalipsia, ama lurra eta gizakiarekiko mespretxua. Panorama iluna islatzen du Oneiric Delusion bandak sarrera batekin eta sei abestirekin. Argi izpirik ere badela diote, baina etorkizun beltzaren ideia da agerikoena. Soinu banda ezin aproposagoa topatu dute diskurtsoa aurkezteko. Power/prog metal indartsuarekin josi dituzte riff maltzurrak eta melodia gogoangarriak. The Pyre da borobilena; akaso, aurkeztu zuten lehena delako. Halere, Mother Revolution kontzeptualaren bi zatiek dute boskoteak eskura jarri nahi izan duen guztia.
Ez dadila oharkabean pasa, Vhäldemar eta Evil Seeds heavyek erabilitako labe beretik atera direlako. Hori bai, ezarian eta patxadaz entzutekoa da, labe horretan goritzen den guztiak ez duelako forma berbera.
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Autoekoizpena.
Abesti zerrenda:
01. Delusions
02. The Pyre
03. Nine
04. Mother Revolution Pt I
05. Mother Revolution Pt II
06. Waiting For Your Chance
07. Humanity
Entzun: