Sentimendua eta emozioa ez dira gauza bera. Bata, iraupen luzekoa eta lausoa izan ohi da, eta, bestea, bizia bezain laburra. Lampr3a hiruko gipuzkoarrak biak nahasi ditu ESnSE iraupen luzeko lehen diskoan. Dena dela, sentimendutik gertuago dago emoziotik baino. Hasiera eta bukaera dituen lana da, baina bukatzean berriz hasten dena. Geruza asko dituen metal progresiboa da, teknikoa bezain irisgarria, eta oso emozionala. Eraiki dutena euren hitzez deseraikitzen saiatu gara Borja Mintegiaga gitarristarekin, J. I. Izagirre bajistarekin eta Mikel Gomez bateria jotzailearekin.
Palindromo batekin izendatu duzue zuen iraupen luzeko lehen diskoa. Zer dela eta?
Bi hitzen arteko lotura da: esnce eta sense (esentzia eta zentzua). Lehen eta azken hiru letrak hartuta osatuko genuke izenburua. Hau da, ESnSE.
Lan kontzeptual bat dela aitortu duzue. Nahiko sakona eta pertsonala da, bizitza bera bezala. Zer da talde eta musikari gisa islatu nahi izan duzuena?
Azken urteotan bizi izandakoaren esentzia eta zentzua islatzea izan da gure helburua. Taldekideok izandako aldaketa pertsonal askoren urteak izan dira. Beldurrak, amodiozko haustura traumatikoak, musikalki adierazteko ezintasuna, ziurgabetasuna, bat-bateko bizileku aldaketak...
Prozesu luze baten emaitza dela esan genezake?
Bai, pertsonalki eta musikalki zailak izan diren urte askoren ondorioa da.
Izan ere, diskoa 2021eko otsailean grabatu zenuten, eta bi urte luze beranduago argitaratu duzue. Zein da atzerapenaren arrazoia edo apropos harturiko erabakia da 2023ko martxoaren 31n kaleratu izana?
Ez da nahi genuena. Diskoa kaleratzeko baldintza egokienak izan arte itxarotea erabaki genuen. Horretarako, urte batzuk behar izan ditugu. Diskoa amaitu genuenetik orain urte eta erdi pasa da. Azkenean, uste dugu lan ona dugula eskuartean, bakoitzaren zati pertsonal handi bat jasotzen duena, eta ez genuen edozein modutan argitaratu nahi. Merezi izan duela uste dugu.
Ingalaterrako Middle Farm Studios-etan grabatu zenuten lana. Zergatik joan zineten haraino?
Batez ere, bateriaren soinua lortzeko gela hori eskura izateko. Bateriaren soinua, edozein instrumentu akustikorekin gertatzen den moduan, aldatu egiten da jotzen den gelaren arabera. Middle Farm estudioak dauka baterientzako Europako gelarik onena, eta baliteke munduko hamar onenen artean egotea.
Horrekin batera, lehen mailako mikrofonia eta aurreanplifikazioa ditu. Horri gehitzen badiogu diskoaren grabazioan parte hartu zuen lan taldea eta haien esperientzia (Nolly eta Sebas), galdu ezin genuen aukera bat zen.
Sebastian Sendon eta Adam Nolly Getgood (Periphery) aipatu berri dituzue. Nolakoa izan zen haiekin lan egitea?
Erabakirik onenetakoa. Pertsona langile eta apalak dira. Gauza guztietan lagundu digute, eta, jakina, badakite zer egiten duten. Adibidez, grabatzen hasi aurretik bateriaren pieza atal bakoitzak nolako soinua izan behar duen jakitea oso lagungarria da lan on bat egiteko. Biekin dena ziurtatuta genuen.
Estudioko esperientzia sare sozialen bidez kontatu duzue hainbat kapitulutan. Esperientzia hura laburbiltzerik?
Esperientzia luzea izan da, baina oso aberasgarria. Pandemiak ataka larrian kokatu gintuen. Argi genuen Ingalaterrako Middle Farm estudioetan grabatu nahi genuela Adam Nolly Getgood, Sebastian Sendon eta Peter Milles soinu ingeniariekin. Horregatik uste dugu ahalegin berezia egin genuela hori lortzeko. Guztira, hiru hegaldi erosi genituen, bi bertan beheratu geratu zirelako pandemiaren ondorioz. Nahiko amorragarria izan zen, ez genekielako astebete lehenago ere joateko aukerarik izango genuen. Noski, han autoa alokatu behar genuen, PCR delakoen burokrazia antolatu eta abar.
Ordea, merezi izan zuen. Ziurgabetasunak eta arazo guztiak hara iristean desagertu ziren. Etxean bezala tratatu gintuzten, eta giro benetan positiboarekin grabatu ahal izan genuen diskoa. Halako esperientziaren ostean, itzulea amets eder batetik esnatzearen parekoa izan zen.
Mamian sakondu aurretik, has gaitezen azaletik. Lotura artistikoa du zuen promozio argazkiekin. Julen Cristtik egindako diseinua modernoa bezain adierazgarria da. Ideia hori harekin batera landurikoa da?
Bai, diseinua musikaren esentzia eta zentzua izateko pentsatuta dago. Julenen lanari esker, aurreko EParen antzeko estetika mantentzea lortu dugu. Bi lanen diseinuak bereak dira. Esperientzien dualtasuna irudikatu nahi izan dugu. Hau da, negatiboa den guztiaren barruan zerbait positiboa dagoela, eta positiboaren barruan zerbait negatiboa. Hori azaleko bi izakiek irudikatzen dute, eta izaki horietatik atera eta sartu nahi duten haurrek. Hari beltzak dituen izakiak negatibotasuna islatzen du, eta izaki garbiak positibotasuna. Lehenengo izakiaren haurrak atera nahi du, eta bigarren izakiarenak sartu. Dualtasun hori da erakutsi nahi duguna. Halere, nahiko abstraktua denez, bakoitzak nahieran interpretatu dezake.
Esanguratsua da zuen hiruen gorputzak urre kolorez margotu izana, posturekin eta hariekin jolastuz. Musikaz harago jo nahi izan duzue beste adierazpen artistiko batzuk erakutsiz?
Aipaturikoarekin lotura zuzena dute gure argazki artistikoek. Puruaren eta ustelaren, garbiaren eta zikinaren, esentziaren eta zentzuaren dualtasuna.
Irudi zein estetikatik doinuetara pasatzeko unea. Zortzi pieza ditu ESnSE diskoak, guztiak instrumentalak, eta guztiak harilkatuak ildo progresibo berarekin. Ados zaudete horrekin?
Bai, diskoaren haria gitarra garbiek eta sintetizadoreek osatzen dute. Melodia etereoa sortzen ari dira etengabe, oinarri gordinaren gainetik mantentzen dena, ahots baten melodia bailitzan. Horrek jarraikortasun bat sortzen du, eta abestiei esentzia eta zentzua ematen die. Baliabide hori gabe diskoak jarraikortasun hori galduko luke.
Abestien sorkuntza prozesuan zein izan da oinarria?
Disko honen ekoizpenaren oinarria aurrean sormena mugatuko zuen tresnarik ez izatea izan da. Kontrolatzen duzun tresna bat aurrean baduzu, tresna horretan dituzun oroitzapenak erabiliko dituzu azkenean. Horrela, ez diozu mugarik jartzen konposizio prozesuari. Buruan duzuna idazten duzu.
Guitar Pro izeneko programa batekin lan egiten dugu. Borjak eta Izak, oro har, instrumentu melodikoak osatzen dituzte (gitarra, sintetizadoreak, efektuak, baxuak...), gero Mikelek bateriak sar ditzan. Beti bestearen instrumentuan sartzen gara. Ez gara geure tresna idaztera mugatzen. Beti dago beste musikari batek zure lerroen konposizioari egin diezaiokeen ekarpenen bat.
Denboran atzera egingo dugu une batez, 22:22 singleak aipamena merezi duelako. Iazko otsailean argitaratu zenuten, baina ez diskoaren aurrerapen gisa. Halere, bideoklip esanguratsu batekin aurkeztu zenuten. Lampr3aren egungo hiruko egonkortua aurkezteko erabili zenuten?
Bi lanen arteko zubi moduan konposatu genuen 22:22 abestia. Sormen aldetik, bi lanekin lotuta dago. Egungo taldea aurkezteko baino, bi lanen arteko lotura egiteko sortu genuen. Konposizioari erreparatzean, eta Neurocoalescense eta ESnSE aztertzean, 22:22 bien batasuna dela konturatuko gara. ESnSE eta gure lehen lana desberdinak direla uste dugu. Diskoan pasarte guztiak hobeto josita daude, eta arinagoa da sorkuntzaren oinarria.
Kanta solte hura eta lan berrikoak aintzat hartuta, hiruen artean eraiki duzuen musika instrumentalak ñabardura asko ditu. Ez da prog metal soila. Muturreko metaletik datozen egiturak, djent joera, melodia zainduak eta teknika askoko piezak dira. Ez da erraza izaten musikaria bere lanetik kanpo kokatzea egindakoa baloratzeko. Horrela ere, saiakera eskatu behar dizuegu. Diskoak aurreko EP urrunetik izan duzuen bilakaera jasotzen du?
Egiari zor, 22:22 abestia ESnSE diskoa grabatu ondoren konposatu genuen. Esan moduan, abesti soltearekin aurreko lan laburra eta iraupen luzeko diskoa lotu nahi izan ditugu, sormen eta soinu aldetik.
ESnSE diskoaren mamia hobeto josita dagoela uste dugu. Bihurgune leun eta jarraituak dituen errepide baten parekoa da. Eta ez da pasarte desberdinen arteko lotura soila. EPtik diskora abestiei esentzia eta zentzua aplikatzen ikasi dugu. Lampr3a izaten ikasi dugu.
Gitarra garbiak eta zorrotzak, bateria aldakorra eta baxuaren presentzia. Tira, baxua aipatzen dugu, baina erabilitako musika tresna, ez da baxu soil bat, ezta?
Chapmanstick da musika tresna horren izena. Tapping teknika erabiliz jotzen da, sokak sakatuz. Disko honetan baxu mota hau erabiltzearen arrazoia da frekuentzia larrietan gitarraren hedapen bat izatea. Mami asko duen arrazoia da, alajaina. Lehenik eta behin, Iza pianista delako, eta pianoaren antzeko instrumentua delako. Hatzarekin sakatu eta soinua sortzen du. Bestalde, bibrazioen fisikarekin du lotura. Tappinga egiterakoan, soka dardarka jartzen duen indarra bibrazio nodoaren atzetik aplikatzen da, eta, beraz, funtsezko modu nabarmenagoak eta ez hain harmonikoak sortzen ditu. Gitarristarekin batek nabarituko zuen tappinga egiterakoak grabea bat-batean proiektatzen dela. Aldiz, puarekin jotzean grabea ondoren doala dirudi. Puarekin jotzeak esan nahi du grabeak milisegundo batzuk behar dituela sokan finkatzeko eta sortzeko. Efektu hori nabarmenagoa da instrumentuaren afinazioa grabeagoa denean.
Diskoaren izenburuaren antzera, kanten izenak ere ez dira arruntak. Maiuskulak, minuskulak eta grafia bereziak nahasi dituzue. Zergatik? Bakoitzak badu bere esanahia?
Abesti bakoitzak du bere zentzua, batez ere, konposatu zen une pertsonalarekin. Adibidez, Magla hitzak kroazieraz lainoa esan nahi du eta ESnSE diskorako konposatu genuen lehen pieza izan zen. Zalantzaz jositako garaia zen. Nola elkartu abestiaren pasarte desberdinak? Soinua? Aurreko lanarekiko lotura? Lainoz inguratuta geunden.
Beste adibide on bat da XXIV/VII, 24/7 erromatarrez. Ordu guztietan eta asteko egun guztietan konpontzen ez duzun arazo bera izatea du oinarri, eta konturatzea arazo horrek zure buruan jarraitzen duela onartzea. Gitarra garbi batzuen fade out batekin islatu dugu sentsazio hori, tappinga erabiliz, arazo hori desagertuko ez dela adieraziz, abesti osoan zehar etengabe mantenduz.
Kanta guztiak bizipenak, traumak eta oroitzapenak dira. Zoriontasun eta lasaitasun uneak dira, azkar batean negatibo bihurtzen direnak.
Kolaborazioak, berriz, askotarikoak dira. Adhara Ausserladscheiderren koro zein ahotsak eta Eöl jaunaren garrasiak deigarriak dira. Baita Jørgen Munkebyren saxoa ere. Eta ezin aipatu gabe utzi Angel Vivaldi, Frank Huncho eta Stephen Taranto musikarien partaidetza. Bakoitzaren ekarpena nola baloratuko zenukete?
Urteak daramatzazunean modu konpultsioan konposatzen eta entzuten, zaila izaten da beste pertsona batek abestiei ikuspegi propioa ematea. Halere, ez da horrela gertatu. Kolaboratu duten artista guztiei ikuspegi propioa gaineratu diete kantei. Ez diegu eskatu berriz grabatzeko zatiren bat eta ez zaigula pasarteren bat gustatu. Artista gonbidatuen lana perfektua izan da.
Adibidez, Angel Vivaldik, jotzeko duen moduagatik, argi genuen zati melodikoagoa bat eskaini behar geniola, haren soinua islatu zezan. Tarantorekin filosofia berdina erabili dugu. Kromatimosekin hobeto modulatzeko pasarte bat eman genion. Saxoaren kontua bitxia izan zen. Munkebyri esan genion [Fredrik Thordendal's] Special Defects diskoko saxoen pareko zati bat nahi genuela KOE abestian. Asko gustatu zitzaionez, kanta hasieratik bukaerara bitarte jo zuen saxoa. Ikaragarria! Haren ikusoegia gustatu zitzaigun, eta horrela geratu da. Adhararen ahotsa izan da ia disko osoa markatu duena. Gitarra garbietan emakumezko ahots baten presentzia nahi genuen, eta asmatu dugu. Bestalde, argi genuen Eolen garrasi eta intziriak ere nahi genituela. Batez ere, Neurocoalescense lanean egindako ekarpena oso ona izan zelako. Haren ahotsa lazgarria da, eta ondo islatzen du nahi genuena. Trap oinarrirako, berriz, dakien bati eskatu genion. Huncho aukera egokiena iruditu zitzaigun, eta pasatu zigun oinarria perfektua da.
Artista guztiek egin dute euren ikuspegiaren ekarpena, eta horrek diskoa eta abestiak aberastu ditu. Erabaki onena izan da.
Gustura zaudete izan duen harrerarekin?
Diskoak publikoaren eta hedabide espezializatuen harrera benetan positiboa izan du. Lan instrumentala eta itxia izanik, ez genuen espero. Kritikak oso onak izaten ari dira. Ezin dugu gehiago eskatu gure lehen diskoa izateko.
Bukatzeko, Herriko Burdinaren zigilua duen galdera bat. Euskal Herriko heavy metalaren historian talde instrumental gutxi aipa daitezke. Esanguratsuena Continuo Renacer da, ibilbide laburragoko Mise en Abyme ere dagoen arren. Continuori dagokionez, haiek ere hiruko gisa aritu ziren. Zuen eraginen artean daude eta zein iritzi duzue euretaz?
Bada, bai. Taldekide guztiok ezagutzen dugu Continuo Renacer, euren musika entzun izan dugulako. Aitzindariak dira Euskal Herrian. Zalantzarik gabe, bi kideren heriotza galera handia da guztiontzat, familia eta lagunentzat, guretzat eta gure metalarentzat.
Zoritxarrez, denok utziko dugu mundu hau. Batzuek irauten dute seme-alabak edukiz, beste batzuek zuhaitz bat landatzen dute, liburu bat idazten dute... Guretzat, ordea, musika da ondarerik esanguratsuena. Continuo Renacer taldekoek utzi dute metal progresiboa gurean egiteko modua eta bidea. Legatu hori miresten dugu.
Nolabait Continuo Renacerrek gurean hasitako bidea jarraituko duzue, zuen ezaugarri propioekin. Prest zaudete euren testigua hartzeko?
Saiatuko gara.
Testua: Inaxio Esnaola Aranzadi.
Argazkia: Fátima Ruiz.