Mungiako Pi L.T. laukoteak itzulera diskoaren bigarren singlea askatu du: Banpiroak. Aurrekoaren aldean desberdina eta rock gogor kutsu gehiago duena da.
Honela aurkeztu dute kanta berria: "Kanta zuzena, gordina eta energiaz betea da, non sare sozialetan proiektatzen dugun irudiaren inguruko hausnarketa egiten duena. Hobeto esanda, proiektatzen ez dugun irudia, gure B aurpegia, edo gure A aurpegia da?".
Bizkaiko taldea 2004an banandu zen Game Over bosgarren diskoa kaleratuta. Aldiz, 2017an elkartu ziren kontzertu batzuk emateko, eta iazko Dimetal Fest jaialdian parte hartu zuten. Rock eta metal alternatiboa, popa eta bestelako eraginak nahasi izan dituzte euren ibilbidean.
Garai honetan izan zen lan berriaren estreinako singlea, eta pasa den martxoan aurkeztu zuten bideoklip batekin.
Laukote gisa itzuli ziren, eta elkarrekin grabatu dute disko berria. Musikari hauek osatzen dute gaur egun Pi L.T.: Rafa Rueda (ahotsa eta gitarra), Aitor Abio (teklatuak eta sintetizadoreak), David Gonzalez (baxua) eta Jose Manuel Sampedro Xanpe (bateria).
Bizkaitarren diskografia osorik entzun dezakezue apropos sortu duten Bandcamp atarian.