Mungiako Pi L.T. bandak abesti berri bat aurkeztu du bi hamarkada luzeren ondoren: Garai honetan. Laukoteak adierazi du "zintzotasun ariketa bat" dela, "20 urteren buruan batu eta elkarrekin berriz sortzearen fruitua".
2004an banandu ziren Game Over bosgarren diskoa kaleratuta. Aldiz, 2017an elkartu ziren kontzertu batzuk emateko, eta iazko Dimetal Fest jaialdian parte hartu zuten.
Garai honetan kanta berria Aitor Guerrerok zuzenduriko bideoklip batekin aurkeztu dute.
Laukote gisa itzuli ziren, eta elkarrekin grabatu dute singlea. Musikari hauek osatzen dute Pi L.T.: Rafa Rueda (ahotsa eta gitarra), Aitor Abio (teklatuak eta sintetizadoreak), David Gonzalez (baxua) eta Jose Manuel Sampedro Xanpe (bateria).
Rock eta metal alternatiboa, popa eta bestelako eraginak nahasi izan dituzte euren ibilbidean. Dena dela, pieza berria distortsioetatik urruntzen da. Laukoteak honela aurkeztu du:
"Nola bueltatu daiteke sorkuntzara Pi L.T. bezalako talde bat horrenbeste denbora geldirik egonda? Zeri kantatu diezaiokegu? Zer ekarri diezaiokegu gaur egungo gizarteari?... Lau kideek ibilbide zabala izan dugu elkarrekin sortzeari utzi genionetik eta handia da musikari eta pertsona moduan bildutako bizipena. Ez gara sasoi hartako gazteak, gurasoak gara, egun, munduko botere guneetan dauden belaunaldikoak gara... baina sortu eta gauzak esateko grinak bere horretan jarraitzen du. Horixe da kantu honek islatzen duena, soseguaren beharra ondo ulertu gabeko gurpil zoro hau atzetik datozenei azaltzea tokatzen zaigun lemazain harrapatu gaituen garai honetan".
Aurrera begira, kontzertu gehiago emateko asmoa dute. Esaterako, azaroaren 2an Bermeoko Kafe Antzokian ariko dira Halloween Metal Fest jaialdian.
Bizkaitarren diskografia osorik entzun dezakezue apropos sortu duten Bandcamp atarian.