Laster urtea beteko du Rise To Fall bizkaitarren Into Zero laugarren eta azken diskoak. Hamabi hilabete hauetan nazioartera begira egon dira, eta horri esker aukera onak aprobetxatu dituzte. Udan itzuli ziren zuzenekoetara, eta dagoeneko Japoniako bigarren kontzertu bira prestatzen ari dira. Hugo Markaida gitarra jotzailearekin aritu gara solasean.
Azaroan Soilwork taldearekin bira egingo duzue Japonian. Orain arteko garrantzitsuena da zuentzat?
Niretzako bai, nire bizitzako banda kutuna delako. Era berean, geure erreferentzia nagusietako bat da. Eurekin bira bat egitea, eta gainera, Japonian, garrantzitsua da. Birak interesa sortu du eta kontzertu bat gehiago lortu digute kartelburu gisara. Gainera, diskoak sinatzeko sesio bat antolatu du gure diskoetxe japoniarrak. Ez da lehen aldia Soilwork taldearekin jotzen dugula. Ezta ere Japoniara goazen aurreneko aldia. Baina bi esperientziak uztartuta errepikatzea berezia izango da guretzako.
Blood Stain Child japoniarrekin ere ariko zarete. Aukera ona da eurekin ere kartela konpartitzea han, jakinda ezagunak direla euren sorterrian?
Japonian ez ezik mundu mailan ere ezagunak dira. 2011n Japonia bisitatu genuenean lehen aldiz, talde gonbidatu gisara aritu ziren gurekin, eta orduan gu baino ezagunagoak ziren Japoniatik kanpo. Dena dela, ematen du gurean bezala gertatzen dela, kanpokoei arreta gehiago jartzen zaiela bertakoei baino. Gure kasuan, askoz disko gehiago saltzen ditugu atzerrian.
Hemendik gutxira, berriz, Omnium Gatherum finlandiarrekin izango zarete Galizian eta Portugalen.
Bai, eta gogotsu gaude bi kontzertu jarraian emango ditugulako elkarrekin. Portugalen River Stone Fest jaialdian parte hartuko dugu, eta lehen aldia izango da herrialde honetan jotzen dugula. Beti da aukera ona gure estiloan ezaguna den talde batekin jotzea. Kontzertu hauetarako Niko (Holy Txala, Late To Scream ohia) gitarrarekin joango gara, Dann Hoyosek ezin duelako.
Egia al da nazioartean beste hainbat kontzertu interesgarri eskaintzeko aukera izan duzuela, baina tamalez bertan behera geratu direla?
Bai, beti daude eskaintzak. Batzuk bideragarriak dira eta beste batzuk ez horrenbeste. Halere, egia da aurten oso gertu egon garela itsasoa zeharkatzeko. Azken orduan ez zen posible izan, baina ez gure erruz. Eguneroko ogia da. Antolatzaile serioak daude musikaren munduan, eta ez direnak ere. Zorionez profesional asko ezagutu ditugu mundu honetan.
Zuentzako inbertsiorik onena da nazioartean kontzertuak jotzea?
Beno, ahalik eta kontzertu gehien ematen saiatzen gara. Egia da atzerrian jotzeko eskaintza gehiago ditugula, eta kanpora joatea zailagoa den arren, pozgarriagoa da kanpora atera eta jende asko ikustea zure kontzertuetan gu babesten eta gozatzen egiten dugunarekin. Uste dut inbertsio guztiak direla garrantzitsuak; promozioa, musika, diskoak eta noski zuzenean jotzea, gurean zein atzerrian.
Uztailean Zelanda Berriko Alien Weaponry hiruko gaztearen biran parte hartu zenuten. Zer nolakoa izan zen esperientzia?
Oso ona izan zen. Lehen aldiz Sevillan jo genuen eta harrera onarekin. Ez genituen horrenbeste ikus-entzule espero kontzertua aste barruan zelako. Madril eta Bartzelonako kontzertuak ere bikainak izan ziren. Une honetan zeresana ematen ari den talde batekin bira egitea eta Madness Live promotorarekin lan egitea ona da. Tratua bikaina izan zen, eta egia esan jende berri askok ezagutu gintuen. Alien Weaponry taldeko kideekin harreman ona egin genuen, eta zeresana ematen jarraitzea opa diegu.
Euskal Herrian kontzertu gutxi ematen dituzue. Baita azken diskoarekin ere. Zergatik?
Tira, Bilbon hainbat kontzertu jo ditugu, Bermeon ere aritu ginen, laster Diman izango gara, eta 2020an Gasteizen joko dugu. Ez dugu gustuko askotan jotzea eremu berean; batez ere, Bilbo eta inguruetan. Euskal Herrian kontzertu gehiago ematea ez dugu baztertzen, beti gaude lanean azken diskoa zuzenean aurkezteko.
Zaila al da Euskal Herrian kontzertuak lortzea?
Guk lan egiten dugu ahalik eta kontzertu gehien emateko. Horri esker aukerak sortzen dira biraren bat edo beste egiteko, eta jaialdietan parte hartzeko. Baldintzak onak diren bitartean beti gaude prest jotzeko edozein lekutan. Bilboko Aste Nagusian jo genuen kontzertuak harrera ona izan zuen. Dann gure gitarraren The Space Octopus taldearekin batera aritu ginen. Dimetal Fest jaialdiari dagokionez, gogotsu gaude han jotzeko, hasieratik adierazi ziguten beraien interesa eta espero dugu festa bikaina izatea programatu dituzten beste talde bikainekin batera.
Iraila bukaeran urtebete beteko da Into Zero diskoa atera zenutela. Harrera eta oihartzuna nolakoa izan dela uste duzue?
Uste dut harrera ona izan duela. Kontuan izan behar da diskoetxerik gabe argitaratu dugun lehendabizikoa dela. Arriskutsua zen gure kabuz plazaratzea, baina egindako apustua ondo atera da. Salmenta onak izan ditu eta plataforma digitaletan entzunaldi asko. Promotora hainbatek interesa agertu digute, eta disko honi esker itzuliko gara Japoniara. Izan ere, herrialde hartan gehien saldu den gure diskoa da.
Herriko Burdina webgunean argitaratutako kritikan adierazi genuen zuen diskografiako onena dela. Ados zaudete?
Bai, guretzako ere horrela da, nahiz eta oso ohikoa den hori esatea. Disko landuena dela uste dugu eta lan asko egin dugu horrela izan zedin. Lanik helduena da eta uste dugu aurrekoak baino anitzagoa dela.
Lehen diskotik kontzeptu bat landu duzue, eta Into Zero diskoak ere ildoari eusten dio. Alain, nola azalduko zenuke urteetan landu duzun metafora?
Alain Gutierrez: Utopia bati buruzko istorioa kontatzen du Into Zero diskoak. Gizateria desagertzeko zorian egon ondoren, aukera berri bat eman diote. Trantsizio bat da, hausnarketarako denbora bat, non gizakiak aztertu behar duen gaizki egindako guztia akats berberak errepikatu ez ditzan. Bi norabideko bidaia da. Batetik, unibertsoan zehar erantzunen bila, lurrean topatu ezin direnak. Bestetik, barrura begirakoa da, giza adimenean barrena, jakiteko gizakiaren jarrera okerren arrazoiak zeintzuk diren.
Taldeari dagokionez, boskotea egokitu duzue. Dann Hoyos gitarra jotzailea fitxatu zenuten, eta hainbat kontzertu eskaini dituzue berarekin. Haren ekarpena nabaritzen duzue?
Noski! Dann lagun ona izatearekin batera, musikari aparta da. Rise To Fallek kalitatean irabazi du berarekin. Inoiz baino soinu hobea lortzen dugu zuzenean, eta hori berarei esker da. Gogotsu gaude berarekin lan egiteko hurrengo diskoari begira, eta orduan ikusiko dugu bere ekarpena.
Azken diskoarekin Pedro J. Monge & Jacob Hansen ekoizpen formula errepikatu zenuten. Zuen soinu eta proposamenerako bikote egokiena da?
Pedro ezinbesteko pieza da guretzako. Teknikari gisa parte hartu zuen gure lehen diskoan, eta azken bi lanetan berarekin aritu gara. Gure ekoizlea izan da eta asko lagundu digu. Plazera da berarekin lan egitea, gitarra jotzaile bikaina da eta ekoizle paregabea. Oso gustura gaude berarekin, eta geure formularen parte izatea nahi dugu. Jacob Hanseni dagokionez, gure ekoizle estimatuenetakoa da. Azken diskoearekin hobeto elkar ulertu gara. Bagenekien aurreko esperientziatik zer hobetu genezakeen, eta horrela izan da. Ikusiko dugu hurrengo lanetan formula bera errepikatzen dugun.
Hasi zarete bosgarren diskoa prestatzen?
Ideiak ditugu, baina ez gara eseri aurreprodukzio bat abian jartzeko. Ideiak bagenituen azken diskoa bukatu genuenean, eta orain Dann gurekin dugula ideia berriak proposatu ditzake. Ziurrenik Japoniatik bueltan jarriko garela abesti berriak behar bezala konposatzen.
Udan abesti pare bat ateratzeko asmoa zenuten, eta horietako bat euskaraz izatea aztertu zenuten. Asmoa mantentzen duzue edo dagoeneko iraupen luzeko lan batean pentsatzen ari zarete?
Bai, buruan genuen zerbait zen, eta baliteke dena Japoniako biraren ondoren egitea. Ez dakigu disko oso bat argitaratuko dugun, edo beste grabazioren bat kaleratuko dugun lehenago. Konposizioari tartea egitean erabakiko dugu zer egin.
Musikalki izan duzuen eboluzioa nabari da disko batetik bestera. Urte hauetan guztietan melodeath modernoa zuen erara landu duzue. Eboluzioak jarraipena izango du?
Nire ustez eboluzionatu dugu gure gustuak ere garatu direlako. Talde gisara oso ondo elkar ulertzen gara eta beti nahi dugu koxka bat igo disko batetik bestera. Hurrengo lanetarako asmoa hori da, garapenarekin jarraitzea. Askotariko eraginak ditugu eta denak ez dira postmelodeath, zuk esango zenukeen bezala (barreak).
Eta mundu mailako kontzertu bira berririk egiteko aukera izango duzue?
Ahalik eta bira gehien egiteko lanean ari gara. Gure esperantza da 2020an kontzertuak jotzea orain arte egon ez garen leku eta herrialdeetan.
Inaxio Esnaola Aranzadi