Rise To Fall - Into Zero

Berrikuntzaren bidez mantendu daiteke norabidea. Asmatua dagoenari bueltak ematea ez da nahikoa. Horregatik nabari da eboluzio bat Rise To Fall bizkaitarren ibilbidean. 2006 urrunean aurkeztu zuten death metal melodiko modernoa mantendu dute, baina denborarekin lortu dute zerbait gehiago eskaintzea. Soinu eta izaera propioa eraikitzea, alegia. End vs Beginning lanarekin jauzi interesgarria eman zuten sormen aldetik. Into Zero laugarren diskoarekin, aldiz, jauzi hura egonkortu dute elementu berriekin.

Boskotea gitarra solista berri batekin osatu izanak arnasa eman dio taldeari. Asis Rodriguez baxuaren hutsunea Dann Hoyos gitarra jotzailearekin bete dute, eta bere abilezia koloretsua berehala nabarmentzen da abestietan. Konposatzeko moduari astindu berri bat eman diote Hugo Markaida gitarrak eta Alain Gutierrez Dalay Tarda abeslariak. Egiturak eta pasarteak landu dituzte ohiko osagaiak berrerabilita. Berri batzuk ere sartu dituzte, programazioei garrantzia gutxitu eta ahots erregistroen erabilera orekatzearekin batera. Falta diren taldekideak ezin dira aipatu gabe utzi. Javi Martinek baxua hartu du gitarraren ordez, eta Xabier del Val Txamo bateriak gauza berriak probatu ditu abestietan. Esaterako, blast beat erritmoa The Descendant kantuan.

Lurraren eta bertan bizi direnen etorkizuna bermatu nahi duen izaki gorenaren istorioari jarraipena eman diote. Amore eman zuen izaki gorenak, baina berriz ere itzuli da mundua salbatzera. Bizkaitarrek ere ez dute amore eman. Melodeath modernoaren bidez eragiteko helburuari eutsi diote. Lan berriko hamabi abestiak dira erakargarriak, eta bandaren izaera indartzen dute. Ezustekoen artean daude In The Wrong Hands, Temptation Feeds On Our Weakness eta Game of Appearences paregabeak. Buruan geratzen diren errepika eta gitarra melodia zein soloak dituzte. Esfortzuaren maila berean jarri dute ekoizpena eta soinua. Berriz ere, Pedro J. Monge eta Jacob Hansen teknikariak arduratu dira horretaz, eta dimentsio berri bat eman diote lanari.

Gehiegi jorratu den estiloa berritzeko nahiak eman dio freskotasuna taldeari. Ez dira sekula erraz konformatu, gorabeherak izan arren sormen aldetik. Argi dute eskaini nahi dutena, eta ematen du aurkitu dutela modua. Horregatik, laugarren diskoa da bizkaitarren ibilbideko lanik onena, eta aipaturiko elementu guztien topagunea. 

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Auto-ekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. The Descendant
02. In The Wrong Hands
03. Acid Drops
04. House Of Crosses
05. Virgin Land
06. The Empress
07. Temptation Feeds On Our Weaknesses
08. Zero Hour
09. Effects Of The Terrestrial Syndrome
10. Survivor
11. Game Of Appearances
12. White Canvas

Hurrengo kontzertuak