Bosgarren dimentsiora goratu dira Rise To Fall bizkaitarrak. Hasieratik eta bidean egindako zaleekin egin dute urratsa zenbakia borobiltzeko. Ekainean argitaratu zuten The Fifth Dimension bosgarren diskoa. Aldiz, abuztuan aurkeztu zuten jendaurrean Bilboko Kafe Antzokian emandako kontzertu arrakastatsuan. Ordutik, han eta hemen dabiltza zuzenekoak eskaintzen eta lorturiko dimentsioari eusten.
Bost lanetatik zein da gehien gustatzen zaizuna? Galdera horrekin topo egin dut azken hilabeteotan, eta ez da erantzuteko erraza. Restore The Balance berezia da estreinakoa izan zelako, eta bandari itsatsita geratu diren ereserkiak dituelako. Dena dela, baliteke Into Zero laugarrena izatea landuena eta esanguratsuena. Beraz, The Fifth Dimension koska bat beherago dago? Ez, horixe. Aurrekoarekin alderatuta zuzenagoa, finagoa eta entzungarriagoa da. Azken batean, bizkaitarrek euren melodeath moderno eta erakargarriaren ezaugarriak mantendu dituzte.
Josu Torrealday diseinatzaile eta bidelagunaren azalak ederki islatzen du azken diskoaren kontzeptua. Egiari zor, Dalay Tarda abeslariak eta letren egileak argitu du esanahia. Bosgarren dimentsioa bi eratakoa delako; zientifikoa eta espirituala. Abeslariak bigarrenaren alde egin du, aspaldi idazten eta kantatzen hasi zen zientzia fikziozko istorioari jarraipena emateko. Bosgarren dimentsioa igoera espiritual eta mental moduko bat dela gaineratu du. Hortaz, diskoa entzuterakoan egin saiakera azaleko izakiarekin batera goratzeko.
Beroa eta hotza. Eguzkia eta izotza. Dikotomia horien artean kokatzen dira laneko hamaika abestiak, eta guztiek osatzen duten hariak barneratuko gaitu aipaturiko kontakizunean. Rising Sun, Hierophant eta Intruder lehen hiru piezak ezin aproposagoak dira. Horietako bi single moduan hautatu izana ez da kasualitatea. Heroes da aukeraturiko azken singlea, eta baliteke diskoko altxorra bera izatea. Empty Ward zuzena eta The Great Chain desberdina ere aipatzeko modukoak dira.
Lan berriak dituen pizgarriak asko dira. Berriz ere metalaren nazioarteko mapan kokatu dute euren burua Noble Demon diskoetxe alemaniarrarekin. Horrekin batera, Björn Speed Strid (Soilwork) abeslariaren kolaborazioak bizkaitarren oihartzuna areagotu du.
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Noble Demon.
Abesti zerrenda:
01. Rising Sun
02. Hierophant
03. Intruder
04. Test Of Time
05. Empty Ward
06. Infinite Crossroad
07. What Lies Beneath
08. Heroes
09. The Great Chain
10. Beam Of Light
11. Black Ocean