Herriko Burdina webgunearen edukia hedatzeko lau sare sozial edo kanal erabiltzen ditugu: Telegram, Instagram, Facebook (Meta) eta X (Twitter). Ordea, azken biak kentzea edo mantentzea hausnartzen ari gara.
Mundu mailako joeraz harago, Mark Zuckerberg eta Elon Musk teknokraten sareen dekadentzia agerikoa da. Mesede baino kalte gehiago egiten die erabiltzaile askori. Baita beraien bozgorailua erabiltzen duten webguneei. Esaterako, Herriko Burdinari.
2023. urte bukaeran adierazi genuen moduan, atsegite eta jarraitzaile kopuruari ez diogu erreparatzen. Gure helburu bakarra Euskal Herriko heavy metalaren berri ematea da, eta informazio hori interesa duten pertsona guztiengana iristea.
Hori dela eta, webgunearen jarraitzaileek eta bisitariek gure webgunera zuzenean sartzeko ohitura hartzea gustatuko litzaiguke. Alegia, egunero HerrikoBurdina.eus atarian sartzea gustuko nabigatzailearen bidez. Horrela ere, Telegram kanala lehenetsi eta indartzeko asmoa dugu —80 harpidedun dituena—. Era berean, Instagram kontua mantenduko dugu, gure edukiei, momentuz, ikusgarritasuna ematen dielako.