Shallow Waters - Bed of Snakes

Gustuko duenaren isla da bere sormena. Tristan Iñiguez musikaria konprometitua eta langilea da. Darkness By Oath taldeko gitarra eta konposatzaile gisara ezagutu genuen. Ordutik musika idazten eta ekoizten ari da, benetan gustuko duenari eusteko. Shallow Waters da gipuzkoarraren abentura berria, eta zertxobait aldendu da aurrez sustaturiko The Great Wound proiektutik. Black metaletik harago jo dutenekin bat egin du, eta bereziki Harakiri for the Sky estimatuekin. Oinarri hori doom eta death melodikoarekin uztartu du.

Denbora dezente igaro da talde berriaren izena eta estreinako diskoaren izenburua iragarri zituenetik. Horrela ere, Iñiguezek hitza bete du melodia zein pasarte adierazgarriekin. Bakarrik hasitakoa Andres Pestana (Demised) eta Pablo Egido (The Holeum) musikariekin osatu zuen. Hiruen artean biribildu dute Bed of Snakes lehendabiziko lana. Gitarra jotzaile gipuzkoarra arduratu da sormenaz, Egidok jarri du ahots urratua eta Pestanak ahots garbia zein gitarra. Rober Garcia (Hex) bateria da fitxatu duten azkena, eta orain baxu jotzaile bila dabiltza.

Ordu askoren inbertsioa nabari da diskoan, musikalki eta ekoizpenean. Bederatzi kantu eta 49 minutu. Landua bezain zaindua da errepertorioa, ñabardurez beterikoa. Gainera, taldearen gidariak ahalegin berezia egin du etxeko estudioan soinu aproposena lortzeko. Entzunaldi bakarrak emaitza bere osotasunean baztertzera eraman dezake. Izan ere, detaile asko utz daitezke bidean. Horregatik, aipaturiko estiloen jarraitzaileek pazientziarekin hartu beharko dute mamia behar bezala dastatzeko.

Amu aproposa da Approaching the Unknown lehen pieza sugearen zurrunbiloan barneratzeko. Post-black metal etiketa zer den ulertzeko balio du; giro beltzaren aldarte makur zein malenkoniatsuak. Zurrunbilo berekoak dira Blended In the Urn, Bed of Snakes eta Light the Pyre aparta, besteak beste. Aldarte pausatuago eta goibelago bat ere badu diskoak. Doom melodikoaren urmaelean topa daitezke The Tears I've Shed, My Hidden Friend eta Outward Journey. Horietan guztietan Pestanaren ahots malenkoniatsua nabarmentzen da. Arnasgune gisara har daitezke aipaturiko piezak, eta intentsitate mailen oreka mantentzen dute.

Estudioko lana taula gainera eraman nahi dutela dirudi. Beraz, boskotea osatzean, eta dena bere onera itzultzean, zuzenean ikusi beharreko banda izango da.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Auto-ekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Approaching The Unknown
02. Blended In The Urn
03. The Tears I´ve Shed
04. Bed Of Snakes
05. My Hidden Friend
06. Light The Pyre
07. Scars On Your Chest
08. Banished Endeavours
09. Outward Journey

Hurrengo kontzertuak