Sua pizturik mantentzea da musika talde askoren erronka. Mutrikuko Soa boskotea Suari so jarri zen apirilean, eta nahi baino oihartzun apalagoa izan du haien estreinako diskoak. Hedabide orokorrek eta musikalek ezikusiarena egiten diote gure metalgintzari, eta benetan erreparatzen diotenengana iristen asmatu behar da. Talde bakoitzak du horretarako giltza edo pizgailua.
Kraussk, Hira, Didar, Muzak eta Hondar gisako taldeetan ibilitako musikariek sortu zuten Soa, eta bi urtetan landuriko abesti sorta da lehendabiziko lanean jaso dutena. Sorta gordin bezain ederra, bide batez. Musikari eta hitzei garrantzia berbera eman dietela aitortu dute, eta nabari da, bai. Doinuek bat egiten dute letrekin, eta letrek doinuekin. Alegia, belarriekin entzuten dugun hori, begiekin irakurtzea ere beharrezkoa dela.
Suari so jarri eta denbora eman ostean, hasiera bat eta bukaera bat bereizi daitezke. Abiapuntua (I)hesi kanta deigarria da, Haize Agirreren ahotsak une batez goxatzen duena. Helmuga, berriz, Agirre berriz ere presente duen Hitzen gotorlekua eta Itoiz taldearen Hilzori I kantaren moldaketa esanguratsua dira. Batetik bestera doan musikagintza, nahieran interpretatzeko hitzekin josi dute.
Muturreko metala dute oinarri, groove eta melodeath esentziarekin, baina horretara mugatu gabe. Eraginak ezkutatzen ez dituzten arren, izaera propioa gailentzen da gainerako bederatzi abestietan. Ibon Aginaga gitarrista eta konposatzailearen riffak ez dira horren ohikoak. Zapalduen matxinada, Ase ezin eta Odolaren hierarkia dira pieza borobilenak.
Taula gainera eramateko disko ona dute eskuartean, eta, momentuz, ez dute sobera probestu. Sua pizturik mantentzeko ezinbestekoa da hori.
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Autoekoizpena.
Abesti zerrenda:
01. (I)hesi
02. Zapalduen matxinada
03. Paralisia
04. Lerde Pozoia
05. Ase Ezin
06. Enbata
07. Suari so
08. Gortuak
09. Odolaren hierarkia
10. Hitzen gotorlekua
11. Hilzori I