Su Ta Gar - Alarma

Aitzindarien sugarrak piztuta dirau, eta eskerrak. Euskarazko heavy metal talde berririk ez da sortu Su Ta Gar beteranoek bizirik zeudela iragarri zutenetik, salbuespen bereziekin. Hortaz, txanponaren bi aldeak erakusten dizkigu Alarma lanak. Batetik, Eibarkoek estudioko hamabigarren diskoa argitaratu izana albiste paregabea da, 36 urteko ibilbide luze eta emankorraren ostean. Eta bestetik, kezkatzekoa da eurek hauspoturiko estiloa apaldu izana, belaunaldi berriek ez dutelako heavy klasikoa eta euskara uztartzeko asmorik.

Bederatzi urte behar izan dituzte gitarrak zorroztu eta abiadura berreskuratzeko. Bizirik Gaude oihukatu ostean, Maitasunari Pasioa adierazi zioten balada sorta batekin. Zuzeneko lausoak –antzokietan– eta biziak –30. urteurreneko kontzertu biraren bidez– ematen denbora pasata, pandemia iritsi zen. Laukoteak taula gainetik jaitsi behar izan zuen, beste askoren antzera. 2020. urte makur hartan hasi ziren abesti berriak prestatzen, entsegu lokalera itzultzeko aukera eman zietenean. Lanketa horren emaitza iazko abenduan askatu zuten.

"Askoz pertsona hobeak izango ginela esan ziguten; txarrena da, gehiengo batek, sinistu egin zuen!" dio Alarma Egoera abiapuntu kritikoak. Ezin esan laukotea hobeto dagoenik, baina garai ilun horretan konposaturikoak euren ezaugarri onenak azaleratu ditu. Nortasuna indartu dute euren diskografiako osagai esanguratsuenak hartuta. Su Ta Gar klasikoa, zuzena, bizia eta askotarikoa topatuko dugu Alarma lan mardulean. Baita historikoa eta epikoa ere. Egiari zor, abesti batzuk behar baino gehiago luzatu dituzte, koro jakinen erabilerak entzulea nahasi dezake eta ekoizpena borobilagoa izan zitekeen.

Aitor Gorosabel Garairen eskua eta luma da Su Ta Garren izaera, eta sortzeko duen zigilu propio hori nabari da hamaika abestietan. Batez ere, haren eskolakoak dira Enborra, Horixe Naiz eta Astindu Hegoak sentituak. Noski, baita bi baladak ere: Infinitoan eta Irrifar Bat. Benetako egurra, berriz, gainerako guztietan garatu du laguntzaile ohiko eta ezohikoekin. Bereak dira Harrapaturik Gaude eta Alarma Egoera pieza onenen letrak eta doinuak. Aldiz, Iker Rocandio aspaldiko lagunak berreskuratu ditu hainbat pasarte historiko: Nafarroa 1617, Eskertza –Bou Nabarra gogora ekarriz– eta Angra do Heroismo –Portugalgo pasarte esanguratsu bat–. Eta ezustekoa Xabi Bastidak eman du Erraietan Betirako abestirako idatzitako aitormenarekin.

Betirako erraietan eta Euskal Herriko heavy metalaren historian geratuko dena Su Ta Gar bera da. Alarma lanarekin zale beteranoen nostalgia piztu eta gazte batzuen belarriak tentetu dituzte. Beraz, ez dadila haria eten dioten moduan, sugarretan iraun dezaten.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Jo Ta Ke ekoizpenak.

Abesti zerrenda:

01. Alarma Egoera
02. Enborra
03. Nafarroa 1617
04. Horixe Naiz
05. Eskertza
06. Infinitoan
07. Astindu Hegoak
08. Harrapaturik Gaude
09. Erraietan Betirako
10. Angra do Heroismo
11. Irrifar Bat

Entzun:

Hurrengo kontzertuak