2021/11/03

Su Ta Garren hitzetan oinarrituriko komikia sortu dute

Eibarko Su Ta Gar heavy metal taldearen letrak oinarritzat hartuz, Sua izeneko komikia osatu dute Alex Tellok eta Julen Ribasek. Azaroaren 15etik aurrera eskuratu ahal izango da 80 orrialdeko kolorezko komikia.

Tello da gidoilaria eta Ribasek egin ditu marrazkiak. "Su Ta Garren kanten pasarte batzuk bata bestearen atzetik lotuz sorturiko fikziozko istorio bat da. Ribasek bere marrazkien bitartez, bai istorio berari eta bereziki Suari bizitza ematen die", azaldu du bandak. Hitzaurrea, berriz, Mikel Sotok idatzi du.

"Su Ta Garrek bere ibilbidean zehar transmititu dituen kanpo eta barne borrokak, Suak bere gain hartuko ditu, fikzioa, fantasia eta errealitatea uztartzen diren istorio honetan. Taldeak bere lanean 30 urteko testigantza jaso duen bezala, Suak ere gure historiako azken 30 urteak gogoraraziko dizkigu. Horrela, Euskal Herriko kontestu soziopolitikoa erakusteaz gain, bizitzaren borrokak gizaki orori, nola eragiten digun azalduko digu. Une eta pasarte ezaguterrezak eta identifikagarriak ikusiko ditugu. Hau da, taldearen hastapenetan gazte zirenentzat eta gaur egun gazte direnentzat aproposa", adierazi dute.

Sinopsia, berriz, hauxe da: "Sua gaztea bere bizimoduarekin atsekabetuta dago eta bere motibazio bakarra parrandan murgiltzea izango da. Hondoa jo ostean, musikarako grinak hauspotuta ilusioz ekin eta sentipenak askatuko ditu testuinguru soziopolitiko nahasiarekin topo egingo duelarik".

Hurrengo kontzertuak