Taken - Unchained

Urte bakarrean argitaratzen diren ehunka power metal diskoen artetik nabarmentzea oso zaila da. Iruñeko banda batek hori lortzea are zailagoa dela pentsa daiteke. Taken talde jendetsuak, ordea, munduratzeko bidea topatu du Unchained bigarren diskoarekin. Estatu mailan gero eta ezagunagoak dira egindako promozio onari esker metal hedabide seinalatuetan, Europara iritsi dira euren doinuekin eta Japoniako merkatu estimatuan egonkortu dira. Alegia, kateak hautsi dituzte harremanak estutzeko.

Berritzaile izateko erronka erabat baztertuta, power metal disko elegante bat osatu dute. Helloween aitzindarien bertsio banda gisara aritu izanak ondorioak ditu. Alemaniako eskola indartsu bezain melodikoaren esentzia erraietan daramate, eta Finlandiako talde erreferenteen eragina ere nabari da nafarren abestietan. Hortik abiatuta, gauzak ondo baino hobeto egiten dituzte. Berritu ezin dena ondo atondu eta garaiko osagai egokienekin prestatu dute. Hamar kantu, minutu asko, zenbait gonbidatu eta ezustekoren bat edo beste.

Chris Bay (Freedom Call) enbaxadore eta lagunaren babesa dute Worgen Slayer aurreneko kantuan. Irribarre batekin eta alai hastea baino gauza hoberik ez dago. Bikoizturiko gitarrak, teklatuen oinarria, ahots melodikoen jolasa eta buruan gera daitekeen errepika. Egitura horrekin nahikoa da estiloaren zaleak harrapatzeko, beti ere sormen eta ekoizpen finarekin. Back to Zero indartsuagoa da riff zehatzekin, David Arredondo abeslariak dena goxatzen badu ere. Pausatuagoa da A Thunder in the Storm, gustura entzuten den errepika batekin. Gauza bera gertatzen da The Land of the Rising Sun japoniarrei eskainitako omenaldiarekin.

Mundura gehiegi begiratzen badute ere, sorterriari loturiko abesti bat egin dute. Horretarako, folk/power metal nahiko pirata erabiltzea erabaki dute. Sancho the Strong kantuak Antso VII.a Nafarroako erregearen bizitza du hizpide. Hain zuzen ere, Arrano Beltzarekin sinatzen zuen errege erraldoia da. Nafarroako Erreinuaren hizkuntzan zatiren bat abestu izan balute biribilagoa litzateke. Bestalde, My Inner Monster ilunagoa, kanpai hotsak tarteko, laneko ezustekoetako bat da, The Clockmaker's Curse itsaskorrean Ryoji Shinimotok (Gyze) parte hartu du eta bederatzi minutuko Rhylian kantua bidaia interesgarria da.

Zertxobait luze egin daitekeen arren, nafarrek estiloari disko on bat eskaini diote. Gainera, nabarmentzekoa da lortu duten soinu aparta Iker Piedrafitarekin (El Sotano) eta Jens Bogren (Fascination Street) sobera ezagunarekin. Dena dela, mamiak merezi ez duen azala diseinatu du Felipe Machadok. Estreinako lanarena balekoa zen eta hobeak egin izan ditu. Kateak hautsita, seguru datorrenaren detaile guztiak behar bezala zainduko dituztela.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Auto-ekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Worgen Slayer
02. Back to Zero
03. A Thunder in the Storm
04. The Land of the Rising Sun
05. A New Beginning
06. Muse
07. Sancho the Strong
08. My Inner Monster
09. The Clockmaker's Curse
10. Rhylan

Entzun:

Hurrengo kontzertuak