2013an sortu eta berehala aztoratu zituen Meltdown taldeak Euskal Herriko gaztetxeak. Metalcore estiloa abiapuntu hartuta eta zuzeneko boteretsua zeinu bereizgarri gisara, Hernaniko boskoteak bi lan labur plazaratu eta zeresana izan du Espainiako hardcore zirkuituan, baita Europan zehar lehen pausoak ematen hasi ere. From this Day to the Grave izenburupean, iraupen luzeko lehen lana plazaratu dute orain eta abiada biziz hasitako eskaladari segida ematea beste asmorik ez dute. Europar biratik itzuli berritan, Julen Sarasua abeslariarekin eta Mikel Amundarain gitarrarekin elkartu gara banda gaztearen une gozoaz luze eta zabal solasean aritzeko.
Bost urte eskasetan bi lan labur, iraupen luzeko lehena eta lau bira, horietako hiru Europan zehar. Arnasa hartu eta egindako bideari begiratzeko tarterik izan al duzue?
Oso gutxi, azaroan diskoa grabatu, ostera argitaratu eta berehala egin ditugun kontzertu guztiak, bi birak... ez dugu denborarik eduki eseri eta hausnarketa egiteko. Orain, bira amaitu berri, asmoa dugu begirada atzera bota eta bideaz gogoeta egiteko. Sarritan, gauza asko egin nahian, egiten ari garen horretaz konturatu ere ez gara egiten, ez dugu merezi duen testuinguruan jartzen, egin eta berehala hurrengo proiektu eta erronketan pentsatzen ari garelako.
Europan zehar biran aritu zarete, bitan jadanik lan berriarekin, zein harrera izan duzue bertan?
Harrera ona, batez ere bigarren bira labur honetan. Lehen biran Neverseko kontzertua izan zen bereziena, nabari zen bertan jendeak ezagutzen gintuela. Bigarren aldiz bueltatu garen tokietan, duela urte eta erdi ereindako hazien emaitza igarri dugu. Orduan, Neversen 50 lagunentzat eman genuen kontzertua eta bira honetan, aldiz, 250entzat, asko, gainera, abesti berrien hitzak kantatzen, erabat motibatuta. Estatuan baino harrera beroagoa izan dugu nazioarteko hainbat lekutan.
Zuek aipatu bezala, aurreko biran bisitaturiko herriak errepikatu dituzue, jarraipena eman nahian?
Landatutako hazia hezten segitzeko interesa dugu, Alemanian, Frantzian... kulturak balio handiagoa du, bertan jada jendea eta taldeak ezagutzen ditugu eta euren bultzadari esker bigarren itzulera errazagoa izan da, Nevers eta Laussanen bereziki. Azken herri honetako lehen emanaldia house show bat izan zen, hiru kanta jo eta polizia etorri zen. Oraingoan, ordea, baldintza askoz hobeak izan ditugu eta baita jendearen harrera ere. Promotoreek kontzertuak hobeto edo okerrago prestatu, pozik gaude guri dagokigun lana egin dugulako eta jende askorengan arrastoa utzi dugulako, berriz ere kontzertuak ematera bueltatzeko. Euskal Herrian eta estatu mailan ere lortu dugu erantzun ona, baina musika zein hizkuntza aldetik gure merkatua kanpoan dago eta horregatik bide horri abiada eman izana oso garrantzitsua da guretzat.
Diskoa lehenik atzerrian aurkeztea erabaki duzue. Gurean aurreikuspenak handiagotzeko estrategia?
Egutegiak markaturiko erabakia izan da. Dena den, disko honetako helburuen artean genuen Europako bideari segida ematea eta oraingoz disko berriarekin eskainitako 20 kontzertuetatik 18 Euskal Herritik kanpo izan dira eta 17 estatutik kanpo. Diskoa ere epe zehatzetan amaitu genuen, plazaratu eta berehala biran joan ahal izateko, egutegi estua genuen eta lan handia izan da dena aurrera ateratzea. Abesti berriak lehenik kanpoan aurkezteak ere bazuen arriskua, diskoa kaleratu eta segidan 14 egunez etengabe jotzen aritzeko zuzenekoa prestatzea erronka handia zen, baina honek esperientzia handia eman digu. Bi astetan egin dugu normalean asteburuetan soilik joaz urte erdian egiten genuena eta hori jendeak igarri zuen Gasteizko Errekaleorren eskainitako zuzenekoan. Kanta berriekin konfiantza genuen eta, zentzu horretan, aurrerapauso handia eman dugu aurreko lanaren aurkezpen kontzertuekin alderatuz gero.
Zein da egunez egun biran aritzeak eman dizuen ekarpen edota irakaspen nagusia?
Aurreko EParekin eginiko birak balio izan zigun hein batean lezio batzuk ikasteko eta horri esker hau ez da hain gogorra izan. Normalean birako lehen hiru egunak izan ohi dira zailenak, baina ostera inertziagatik gorputzak sendotu eta geratzen diren egunetan automatikoki egiten dugu aurrera. Gehien ikasi duguna elkarbizitza izan da eta, noski, egunero jotzearen jarduna. Batzuetan gertatu daiteke kanpoan kontzertu bat eman eta nekea gailentzea, pentsatzea hau ezingo genukeela gehiago egin, baina txip kontua da, bira honetan adibidez ohitura batzuk hartu ditugu, ez gara parrandan atera, ondo lo egin, ondo jan... talde guztiek probatu beharko luketen esperientzia da. Batzuk hasi eta akaso ohartuko dira ez direla gai, ez dela eurentzat aproposa edota ez dutela nahi bezainbeste gozatzen. Eguneroko biretan ikusten da talde batek zein bide jarraituko duen, kanpora atera eta etengabe jotzen segi, edo entseatu, diskoak atera eta noizbehinka kontzertuak eman, asmo handiegirik gabe, bizitza erabat horretara eman eta sakrifikatzeko nahirik gabe. Bata ez da bestea baino hobeagoa, azkenean bakoitzak musika bere modura gozatzen du, baina gure estiloan, behintzat, igaro beharreko proba moduko bat da. Bide profesional edo erdi profesional bat eduki nahi izanez gero, birak egitea ezinbestekoa da, bestela ez baita ekonomikoki sostengarria.
Diskoari dagokionez, lan laburretatik luzera egin duzue jauzia oraingoan. Konposizio prozesuan ere izan al da aldaketarik?
Erabat aldatu da, beste sistema bat erabili dugu. Orain arte lokalean elkartu eta arbela batekin edota buruz egiten genituen kantuak, riffak ordenatu eta egiturak probatu, intuizioarekin jolastuz. Oraingoan, ordea, epeak oso markatuak genituen eta ideia ere argi atera nahi genuen diskoaren inguruan, horregatik jarri dugu indar gehien aurre ekoizpenean. Kantak gure kabuz grabatu eta berriro entzun ditugu gero, xehetasunei arreta jarri eta zati ezberdinak fintzeko. Askoz lan gehiago egin dugu, eta modu kolektiboan, batez ere ahots, koro eta melodietan Hori garrantzitsua izan da maila handiagoko diskoa lortzeko.
Intuizioak esaten digu diskoaren izenburuak, From this Day to the Grave, zuzeneko lotura duela taldearen oinarrizko filosofiarekin.
Modu askotan interpretatu daiteke, baina bai, egia da. Disko hau prestatzen ari ginenean aipatzen genuen gure artean dagoeneko asmo handiko proiektua dela, diru asko eta esfortzu izugarria bideratu dugu honetara, jada ez da umekeria bat eta, beraz, aurrera segitzekotan modu serioan soilik egingo genuela. Konpromiso horrekin badu lotura izenburuak, baita kontzeptu orokorrarekin ere. Aurreko diskoa izan zen askoz diskurtsiboagoa, gizartean pentsatuz egin genuen, oraingoan gehiago landu ditugu sentimenduak eta gai pertsonalak, guretzat inportanteak direnak. Zentzu horretan, halako izenburu existentzialista edukitzea aproposa dela uste dugu, diskoko hitzak eta melodia sentikorrak ere norabide horretan doazelako.
Sare sozialetan ere halako ideiekin lotura duten mezuak indartu dituzue, proiektu honetan zenbateraino sinesten duzuen oinarri hartu eta emozioetara jo duzue komunikatzerako orduan. Bistan da lanketa bat dagoela hor atzean.
Hala da, eta horregatik jorratu dugun beste gai bat da ume izateari utzi diogula. Sarritan gurasoek edota lagunek pentsa dezakete ondo pasatzeko egiten dugula, hobby iragankor bat dela, baina ez, jada ez. Taldea beste maila batera eramateak eskatzen du lan eta sakrifizio handia eta, zentzu horretan, hobby izateari utzi dio, bizitza estilo bat da guretzat eta pasio hori saiatzen gara komunikatzen, baita kontzertuetan ere. Azken finean musika artea da, gure barneko sentipenak transmititzeko tresna. Abesti bat entzun edo pelikula bat ikusi eta triste sentitzea denoi gertatu zaigu noizbait, bada horixe da artea, pertsona baten sentipenak transformatu, beste pertsonarengana iritsi eta hori dena transmititzea.
Euskarari ere egin diozue tartea lehenengoz, Museo Ibiltaria kantuan, etorkizunean halako gehiago izango al dira?
Ez dugu horren inguruan denok batera hitz egin, baina epe motzera ez dugu asmorik disko bat euskaraz kaleratzeko. Euskara gure hizkuntza da eta oso gertukoa sentitzen dugu, euskal musika ere asko gustatzen zaigu eta gogoa geneukan euskaraz zerbait serioa egiteko, aurreko diskoan euskal izenburuz bagenuelako Izarren Hautsa kantua, baina lirika ingelesez zen. Museo Ibiltaria abestian, gainera, Gartxot Unsainen (John Berkout, Yaw) kolaborazioa izan dugu, izugarri gustuko dugu bere ahotsa eta idatzi ohi dituen hitzak. Azken batean, Yaw eta Cohen taldeen kontzertu bat ikusi ostean sortu genuen Meltdown, halako zerbait egin nahi genuelako, eta horregatik kolaborazio honek ilusio handia eragin digu. Aurrez esan bezala, sormen prozesua oso pertsonala izan da eta hau horren adibide bat gehiago da. Euskaraz kantatzeari dagokionez, egia da zure zigilu pertsonala markatzen duela, euskalduna zara, euskaraz kaleratzen duzu musika... berezi egiten zaitu eta aukera duzu ere, esaterako, alemaniar batek entzuten bazaitu, bere arreta bereganatzeko ezberdina izate hutsagatik. Dena den, taldearekiko dugun ikuspegia kontuan izanik, ezingo genuke euskara askorekin disko bat egin, kanpoan ez luke funtzionatuko. Hemen akaso bai, baina Euskal Herrian ere ez dago zirkuitu emankor bat egiten dugun musikarentzat. Hala ere, argi dago halako berezitasun bati zukua ateratzeak merezi duela, kanpora begira nabarmentzeko ere baza eraginkorra izan daitekeelako eskaintza amaigabea nagusi den egungo garaian. Ez dugu batere argi, baina nork daki, akaso hizkuntzen arteko oreka egoki bat bilatzea izan daiteke aukera bat.
Soinuari dagokionez, Alex Capparekin (Hamlet, Vita Imana, Dawn of the Maya) aurrez ere egin zenuten nahasketa eta masterrean lan, baina oraingoan bateriak ere grabatu dituzue Madrilgo The Metal Factory estudioetan. Zein eragin izan du Capparen esku hartzeak kantuetan eta zenbateraino izan da ezberdina elkarlana aurreko lanaren aldean?
Bigarren aldiz joatean konfiantza gehiagorekin egin dugu lan, berak ere hobeto ezagutzen gaitu, ulermen handiagoa dago gure artean eta dena errazagoa izan da. Sormenaren alorrean, kantak osatzerakoan, Cappak ez du ekarpenik egin, esparru hori guk nahikoa landu genuen aurretik. Aldea exijentzia mailan nabaritu da, aurrekoan baino gehiago erreparatu diegu xehetasunei, gure inplikazioa eta eztabaida gaitasuna handiagoa izan da berarekiko, elkarlanaren emaitza aberatsagoa izan zedin.
Grabaketa prozesua bera, zein modutan izan da aurrekoen aldean ezberdina, zerbaitetan jarri duzue arreta berezia?
Aldaketa gutxien egon den fasea izan da honakoa. Hitzak gainbegiratu ohi ditugu, ea ingelesez dena dagoen modu egokian idatzi zein ahoskatuta. Akaso baterietan egon zen ezberdintasun nagusia, gainerako instrumentuen grabaketan lagundu ohi digun Alvaro Remacharekin ez delako epe finkorik egoten, baina Capparekin egun mugatuak genituen eta horrek eragin zuen presioa. Lan egiteko beste modu bat izan da, inplikazio handiagokoa, baina ez gara presaka ibili.
Argitaratzerako orduan aldiz, orain arteko zuen erabakia izan da musika formatu fisikoan ez kaleratzea. Zer dela eta?
Akatsa izan zen aurreko diskoa formatu fisikoan ez ateratzea. Atlas Artist Agencyrekin lanean hasi ginenean ohartu ginen horretaz. Uste genuen disko luzeek ez zutela balio jada, baina azaldu ziguten oraindik industriak horrela funtzionatzen duela eta musika zirkuituko hainbat esparrutan presente egon eta serio har zaitzaten, esaterako festibalak, promotore jakinak... ezinbestekoa dela iraupen luzeko diskoa formatu fisikoan plazaratzea. Hori Espainiako estatuan, Europan zehar joera handiagoa baita single edota lan laburren bitartez ibilbide luzea egiteko. Guk Europara bideratu nahi ditugu indarrak, baina estatu mailan ere segitu nahi dugu gauza handiak egiten eta horregatik egin dugu lan luzea eta formatu fisikoaren aldeko apustua. Kontzertuetan, gainera, jende askok eskatu digu musika eta, alor ekonomikoari dagokionez, kamiseta, jertse eta parekoak baino are errentagarriago dira diskoak. Gainera, diskoa erosten dizun entzulea fidelizatu duzu jada eta errazago itzuliko da zure musikara.
Atlas Artist Agency aipatu duzue, jada urte eta erdi igaro da tartean Crisix taldeko baterijole Javi Carrion buru duen manager eta erreserba alorreko agentziarekin elkarlanean hasi zinetenetik. Zenbateraino eragin du euren lanak zuen garapenean?
Jauzi handia egiteko aukera eman eta eskura ez genuen kontaktu sare handia zabaldu digu. Pena da agentziako kideak ez dauzkagula nahi bezain gertu, eurekin harremana oso ona delako, gustatuko litzaiguke etxe ondoan edukitzea egunerokoan jarduteko. Baina bai, Download eta parekoak eurei esker izan dira. Aldea nabari da zugan sinetsi eta elkarlanean jarduteko prest dagoen kanpoko norbait alboan izatean, beste perspektiba bat ematen dio egin nahi duzun orori. Esaterako, diskoa kaleratu eta berehala esatea zein kanta den hurrengo bideokliperako aproposena, diskoa plazaratzeko zein formatu den egokiena... urteak daramatzate musika estilo honetan lanean eta badakite zein gauza egin behar diren eta zeintzuk ez. Halako esperientzia duen jendea gertu edukitzea luxua da, Crisix non dagoen ikustea besterik ez dago, estatu mailako metalaren gorenean uneotan, badakite horra iristeko nola egin behar den lan eta gu eurekin egoteaz oso eskertuta gaude.
Baina aurrez, zuen kabuz, argi zenuten ikus-entzunezkoaren garrantzia eta hori da bereziki landu duzuen beste alorretako bat. Bideoklip andana, promozio erakargarria… egungo musika merkatuan mugitzeko giltzarria al da?
Irudiak sekulako garrantzia hartu du azken urteetan, denok ditugu mugikorrak ordenagailuak... eskaintza hainbestekoa da deigarria den zerbait behar duzula jendearen arreta zeureganatzeko. Baina ez bakarrik bideoklipak, sare sozialak beti eguneratuta edukitzeko materiala ere oso garrantzitsua da. Esaterako, egin berri ditugun bi europar biretako lehenengora argazkilari gabe joan ginen eta bigarrenera argazkilariarekin. Bada, hemendik aurrera argi dugu beti joango garela harekin. Aldea nabarmena da lorturiko argazki zein bideoen kalitatean eta, azken finean, ikus-entzunezkoarekin frogatu ezean jendeak ez du gogoan bira egin duzunik ere; hor posizionatzea oso garrantzitsua da.
Uda partean hainbat jaialditan parte hartzeko aukera izango duzue, horien artean sonatuena Madrilgo Download. Zer da kontzertu honen aurrean sentitzen duzuena?
Oraingoz inolako sentsaziorik ez, esan bezala, hainbeste gauza pasa dira eta hainbeste ditugu aurretik oraindik ez garela kontziente. Taldea sortu genuenean amets bat zen eta orain errealitatea da, horregatik diogu eten bat egin beharko dugula, gogoeta egiteko orain arteko bideaz eta lorpenez. Festibal horietara, gainera, urtero joaten gara, eta orain ikusle izatetik oholtzara igaroko gara, pauso handia da. Muturra sartu dugu zirkuitu horretan, festibalak ditugu uda honetan Txekiar Errepublikan, Portugalen eta Galizian ere. Egindako lana fruituak ematen hasi da.
Mikel Yarza