Hiru urtetan bi disko eta kontzertu ugari eskaini ditu Gasteizko The Faithless taldeak. Fighting the Shadows bigarren lana irailean aurkeztu eta berehala taula gainera igo ziren. Dimetal Fest jaialdiko agertoki nagusian jotzeko aukera izan zuten, eta kantu berriak behar bezala eskaini zituzten. Zuzenekoak aprobetxatzen ari dira.
Laukote trebatuak aitortu duenez, jorratzen duten hard rock eta metal alternatiboa gogortu dute. Oinarri erritmikoa sendotzeko serio jarri dira Manolo Gonzalez (baxua) eta Fer Heras (bateria) taldeko beteranoak. Iñaki Nogueira gitarra jotzaileak konpainia ona egiten die, groove pasarteekin eta riff zein soloekin. Eta noski, Abel Garcia abeslaria da laugarren elementua. Rock, soul zein blues kantaera boteretsua du. Alter Bridge estatubatuarrekin duten antzekotasuna ezin da aipatu gabe utzi.
Bederatzi kantu elektriko eta akustiko bat ditu diskoak. Gasteiztarren gogortzea azaleratzen dutenak Give it Back, Make Me Bad eta We're All to Blame dira. Azpimarratu behar dira kantu horiek riffak eta bateriaren taupada biziak. Askotariko eraginen zorroa soinean dute lau musikariek, eta beraz, bestelako doinuak ere jaso dituzte bilduma berrian. Rock izaera aldarrikatu dute Won't Stop Rockin eta The Same Thing ederren bidez. Grunge (Violent Lies) eta stoner (Run) pizgarriak ere ez dira falta. Diskoko baladari dagokionez, I Want kantuaren bertsio elektrikoa eta akustikoa grabatu dute.
Soinu paregabea eta emaitza gihartsua lortu dute etxean bertan, beste behin ere. Gasteizko Cynik Studios-etan lan fina egin du Iker Bengoa (Childrain) teknikariak. Estudiokoa taula gainera ere igotzen dutela berresten ari dira.
Inaxio Esnaola Aranzadi
Berria egunkarian argitaratutako iruzkina.
Diskoetxea: Auto-ekoizpena.
Abesti zerrenda:
01. Wont's Stop Rockin'
02. Give it Back
03. Stand Up
04. Make Me Mad
05. I Want
06. The Same Thing
07. We're All to Blame
08. Violent Lies
09. Run
10. I Want Out (Acoustic Version)