Bizkaiko The Flying Scarecrow banda Alemaniako Wacken Open Air jaialdian izango da estatu mailako WOA Metal Battle lehiaketa irabazi ondoren. Atzo izan zen finala Bartzelonako Upload aretoan, eta guztira zortzi taldek jo zuten. Bizkaitarrekin batera Taken nafarrek ere parte hartu zuten finalean. Bigarren sailkatua Strikeback talde galiziarra izan zen. Gau berezia izan zen beraientzat Aimar Antxia abeslariak urteak bete zituelako.
Une honetan, lehen diskoari azken ukituak ari dira. The Painless Strike abesti berriaren lehen bertsioa helbide honetan entzun dezakezue.
2015ean abentura berria abiatu zuen Antxiak, NoDrama bandan aritu ondoren. Beste lau musikari batu zitzaizkion: Dann Hoyos, Hugo Markaida (Rise To Fall), Asis Rodriguez (Rise To Fall) eta Xabier Del Val (Rise To Fall, ...). Metal doinuak jorratzen dituzte askotariko ñabardurekin. 2015ean 27. Bilbo Hiria lehiaketa irabazi zuten Metal alorrean. Jarraian duzue finaleko kontzertua osorik.