Durangoko The Kraven groove metal bandak aro berriko lehen kantua plazaratu du: Evolute in something new. Beraien kabuz grabatu eta ekoiztu dute. Jarraian entzun dezakezue:
14 urte luzeren ondoren, ekainean itzuli ziren agertokietara Abadiñoko Koba Live jaialdian. Izan ere, 2008an euren ibilbidea eten zuten, maketa bat eta For the Enemy disko bakarra kaleratuta.
Dena dela, taldea ez zen zeharo desagertu, hiru taldekideri esker: Asier Duñabeitia (gitarrista), Joseba Andoni Irigoras (gitarrista) eta Unai Elorza (bateria). Hamarkada bat pasa dute kantu berriak konposatzen eta entseatzen. Beti ere, taula gainera itzultzeko itxaropenarekin. Horretarako, boskotea osatu dute. 2020an Juan Miguel Abal abeslaria (Atlantida eta Laia ohia) fitxatu zuten, eta iragan otsailean, Erik del Arco baxu jotzailea batu zitzaien.