Torheit - Torheit

Euskararen herriak ez du mugarik, eta badu lurralde bat: Euskal Herria. Horrela ere, atzerriko herrialdeak gure ingurua baino hobeto ezagutzen dituztenek Frantzia ikusten dute albo batean, eta Espainia bestean. Buru Beltz Fest metal jaialdian parte hartu behar zuten hegoaldeko talde batzuek sare sozialetan iragarri zuten Frantzian jo behar zutela. Izan ere, jaialdi horri esker kokatu genuen mapan Nafarroa Behereko Suhuskune herria. Metal, hardcore eta rock gogorraren harrobi txiki edo harribitxi gisa har genezake, eta gaur egun, Torheit boskotea da enbaxadorea.

Taldearen izen bereko lehen diskoa argitaratu dute, eta Hurmurao bandak utzitako hutsunea betetzeko daude. Hain zuzen ere, aipaturiko talde horretan ibilitako Camille eta Remy Milhac anaiek sortu zuten abentura berria da, Jerome Anocibar eta Battitta Castillon (Ervo) gitarra jotzaileekin batera. Ondoren batu zitzaien Iban Falxa abeslaria. Buru Beltz Fest jaialdia antolatzen hasi ziren, eta baita zuzenekoak ematen. Maketa gisara hiru abesti sareratu zituzten, baina dagoeneko ez daude modu publikoan entzungai. Izan ere, estreinako diskoan lorturiko emaitza da benetako aurkezpena.

Denboran eraikitako doinuen arkitektura azal zuri batekin estali dute, eta bertan irudi abstraktu bat ikus daiteke. Pasartez, erritmo aldaketaz eta gordintasunez beteriko hamabi kantu ditu diskoak. Gojira lapurtarren eskola basatienean ikasi ostean, death/groove metal doinuekin izaera propioaren bila abiatu dira. Eragina agerikoa da laneko lehen txanpan (On What?, From Fire to Ice eta Ventury), baina ez dira egiturak errepikatzera mugatu; Vanity, Leviathan eta Crystal apartak dira adibide.

Ingelesez abestu arren, euskarari ere merezitako tartea egin diote. Orroitzapenekin sarrera bereziak eta Epaile kantu zuzenak azpimarratzen dute euren nortasuna. Aipatu gabe utzi ezin diren beste hiru piezak dira Dissect (bideoklip eran aurkeztu dutena), The Void eta Reign of Fear ausarta. Bakoitzak du berea, eta eurenak badu distira.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Auto-ekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. On What?
02. From Fire to Ice
03. Vanity
04. Ventury
05. Leviathan
06. Program
07. Crystal
08. Orroitzapenekin
09. Epaile
10. Dissect
11. The Void
12. Reign of Fear

Hurrengo kontzertuak