Gipuzkoako Tristan Iñiguez musikariak Lawrence Dinamarca bateria jotzailearen bisita izan du Bergarako bere Auryn Studios-etan. Biek ez dute aukera galdu elkarrekin abesti bat sortu eta grabatzeko. Horren emaitza da Indifferent words kanta.
Hitz hauekin aurkeztu dute: "Bi mundu, bi bide, bultzada sortzaile bat". Death eta doom metal melodikoa, eta izaera malenkoniatsua uztartu dituzte pieza instrumental honetan. David Zabalak egindako bideokliparekin estreinatu dute.
Iñiguez Shallow Waters taldeko gitarrista eta konposatzailea, soinu teknikaria eta Evadne bandaren zuzenekoetako musikaria da. Era berean, Darkness By Oath eta The Great Wound taldeetan ibilitakoa da.
Dinamarca, berriz, Scar Symmetry bandako bateria jotzailea da, eta abizen hori duen arren, suediarra da. Haren curriculuma ere ez da nolanahikoa, beste hainbat talderekin aritu izan delako: Carnal Forge, Nightrage eta Manticora, besteak beste.