Gipuzkoako Txatar thrash metal taldeak maiatzaren 17an argitaratuko du Hildakoen Jainko lehen diskoa, Basque Metal Country zigiluaren bidez. Egun horretatik aurrera entzun ahal izango da plataforma digitaletan.
Aurrerapen moduan, lanaren izenburu bera duen abestiaren bideoklipa estreinatu dute.
Karrantzako BlackStorm estudioan grabatu dute diskoa, Ekaitz Garmendia musikari eta teknikariaren gidaritzapean. Azala, berriz, Lucy Parkhomenko artistak egin du, eta jarraian ikus dezakezue abesti zerrendarekin batera.
01. Hildakoen jainko
02. Ospel
03. Zein hil zen?
04. Gutuna
05. Natura esnatzen
06. Pasaia
07. Erlijiotzat esbastika
08. Anai bat
09. Amalur
10. Itzalik gabe
11. Hator hator
Legen Beltza taldeko hiru kideren proiektu paraleloa da: Xanti Rodriguez (ahotsa eta baxua), Joseba Azkue (gitarra) eta Edorta Azkune (bateria).
Rodriguezek diskoaren kontzeptua azaldu du:
"Ospel izeneko erreinuan, Hildakoen Jainko da nagusia, gauekoen munduaren agintaria. 'Amalur' izeneko liburua bereganatzen du, eta horrekin hainbat hondamendi eragiten ditu. Euskal Mitologiaren nire interpretazio pertsonaletik eraikitako unibertsoa da".
Hain zuzen ere, Rodriguezen zinemagintzan eta iruditerian oinarrituriko lana da. Hainbat film labur zuzendu ditu: Lekaime, Ospel eta Pasaia.
Diskoaren aurkezpena maiatzaren 25ean egingo dute Azpeitiko San Agustin kulturgunean.