Hugo Markaida musikari bizkaitarraren bakarkako proiektua da Feelingless. Ezin esan sentimendurik gabekoa denik, gabeziak baino irabazi gehiago dituelako. Horiek ezin dira dirutan zenbatu, nahiz eta irabazitakoa dohaintzan ematea erabaki duen. Metal Against Animal Cruelty da proiektuaren lehen disko eta emaitza. Izenburu horrek agerian uzten du proiektu honen sakoneko arrazoia. Rise To Fall taldeko gitarrista eta konposatzaileak ildo beraren beste aldarte batzuk erakutsi nahi izan ditu, eta luxuzko kolaboratzaileekin aberastu du Feelinglessen lehendabiziko diskoa. Elkarrizketa luzea eta zabala eskaini digu Markaida jaunak.
Aspaldiko ideia izanik ere, azkenean, iaz aurkeztu zenuen Feelingless bakarkako proiektua. Zergatik?
Momentu egokiena izan zen. Ideia lehenagotik nuen buruan, baina ordura arte ez zen bideragarria. Konfinamenduarekin musikari gehienak kontzertu birarik eta lanik gabe geratu ziren. Beraz, artista asko euren etxeetan zeuden eta denbora libre gehiagorekin.
Rise To Fallen lan berria konposatzen ari ginela, nik sorturiko abesti batzuk ez zuten disko berriarekin bat egiten. Asko gustatzen zitzaidan material hori, eta horregatik, bakarkako proiektua aurrera eramateko aukera ikusi nuen. Soilwork taldeko Björn Speed Strid abeslariarekin harremanetan jartzea erabaki nuen. Bera izan zen lehen artista. Pixkanaka beste musikari batzuekin jarri nintzen harremanetan.
Feelingless izenaren atzean esanahia berezirik al dago?
Hasiera batean, Feelingless soilik diskoaren izenburua izan behar zen. Ordea, lana kontzeptuala eta solidarioa izatera pasatzean, nire proiektuari Feelingless deitzea erabaki nuen, eta diskoari Metal Against Animal Cruelty izenburua jarri nion. Dena dela, bai, izena berezia da, eta horregatik erabaki nuen proiektua bera horrela izendatzea.
Zenbat denbora behar izan zenuen estreinako diskoa konposatzeko?
Denboran atzera egin behar da sormenaren abiapuntura iristeko. Aspaldiko doinuak daude lanean. Esaterako, diskoko lehen abestia 2015ean konposatu nuen Rise To Fallen End vs Beginning lanerako. Halere, pieza hura kanpoan geratu zen. Estimatzen nituen riff ugari zituenez, berreskuratzea erabaki nuen, eta moldaketa batzuk egin nituen borobiltzeko.
Egia esan, diskorako ez dut abesti bakar bat ere zerotik eraiki behar izan. Guztietarako riffak eta melodiak nituen. Bestalde, Iñigo Lopezek hiru kanta zituen erdi konposatuak. Falta ziren xehetasunak elkarrekin osatu eta prest utzi genituen. Letrak ere nahiko azkar idatzi nituen. Aipatu behar da abesti bakoitzaren izenburua sentimendu bat dela. Kanta bakoitzerako kolaborazioa erabakitzean, letrak musikari gonbidatu horiekin lotzen nituen. Batez ere, artista horiek edo euren taldeek nigan izandako eragina islatzen ahalegindu nintzen.
Galderari erantzunez, uste dut pare bat hilabete behar izan nituela abesti guztien musika eta letra idazteko.
Izenburuak dioen moduan, animalien esplotazioaren eta tratu txarren kontrako lan kontzeptuala da. Zer dela eta?
Horrela izatea erabaki nuen. Baliabideak eskura nituen, denbora eta dirua, eta argi ikusi nuen irabazi asmorik gabekoa izango zela. Nire aletxoa jarri nahi nuen. Animalien eskubideen alde lan egiten duten elkarte askok ez dute inolako laguntzarik. Boluntario gutxi batzuen laguntzarekin funtzionatzen dute. Haiekin tratatzeko eta laguntzeko aukera izaten dut noizean behin, janariaren bila edo nire animaliek behar dituzten gauzen bila dendara joaten naizenean. Beraz, arrazoi ona zela iruditu zitzaidan, eta, ondoren, diskoa kontzeptuala izatera pasa zen, eta letrak kontzeptu horren baitan kokatu nituen.
Hasieratik nabarmendu duzu egitasmo solidarioa dela. Diskoaren irabaziak nora bideratuko dituzu?
Esan moduan, nire animalientzako janaria erostera joaten naizenean –horietako hiru kaletik erreskataturikoak dira–, irabazi asmorik gabeko elkarteak egon ohi dira, beraien datuekin eta dituzten beharrekin. Nire kasuan, lortzen ditudan irabaziekin tokiko elkarteei lagunduko diet. Batez ere, abandonaturiko animaliekin lan egiten dutenak: katuak, txakurrak, untziak eta abar. Horiek dira baliabide gutxien dituztenak. Noble Demon diskoetxeak, berriz, euren irabaziak Alemaniako eta Brasileko elkarte batzuei emango dizkie.
Noble Demon diskoetxeak horretarako erraztasunak eman dizkizu?
Bai, negoziazioan oinarrizkoa izan zen. Nire zatia dohaintzan emango nuela esan nien, eta Noble Demoneko Patrick Laureanok esan zidan berak gauza bera egin nahi zuela, diskoetxearen kostuak ordaindu ondoren. Haiek Rise To Fall fitxatu nahi zutenez, formula bat landu eta adostu genuen, bi aldeak asebetetzeko.
Musikari dagokionez, Tobias Sammet eta Avantasia aipatu dituzu erreferentzia gisa. Dena dela, musikalki oso desberdina da aurkeztu duzuna, ezta?
Beno, Pride abestia lasai asko sar zitekeen Avantasiaren lehen diskoetan [barrez]. Heavy/power metal kanta bat da, eta estilo horretako nire abesti gustukoenak kolaboratzen du, Daniel Heimanek (Lost Horizon ohia).
Avantasiari dagokionez, kontzeptua da nire erreferentzia. Bilboko Arise dendatik Avantasiaren lehen diskoarekin atera nintzenean, ez nekien zer aurkituko nuen. Banekien Tobias Sammetena zela, Edguy taldearen zalea nintzelako. Dena dela, entzutean harrituta geratu nintzen kolaboratu zuten abeslari guztiekin. Tartean, Michael Kiskeren itzulera. Avantasiaren lehen diskoko estiloa antzekoa da hasieratik bukaerara, baina ñabardurak abeslari desberdinek jartzen dituzte. Horrelako zerbait bilatzen nuen Feelingless proiekturako. Hau da, nire gustuko estiloan nire abeslari gogoenak sartzea.
Beraz, zure ametsetako bat zen nazioarteko abeslari eta musikarien kolaborazioekin osaturiko disko bat kaleratzea. Lortu duzula esan dezakezu?
Bai, zalantzarik gabe. Diskoan kolaboratu duten artistek eragin zuzena izan dute nigan, eta nire abeslari kutunenetako batzuk ere badaude. Egia da baten batek ezin izan duela parte hartu, baina aurrera begira posible izango dela uste dut. Dena dela, lorturikoa oso pozgarria izan da niretzat.
Metal munduko artista ezagunek parte hartu dute lanean. Horietatik zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Ez da bidezkoa bakar batzuk nabarmentzea, denek dutelako lekua Feelinglessen diskoan.
Björn Speed Strid (Soilwork) nire talde kutuneneko abeslari gustukoena da. Lan bikaina egin du kolaboratu duen bi abestietan. Hainbatetan konpartitu ahal izan dut oholtza berarekin, batez ere, Japoniako biran Rise To Fall Soilworken talde gonbidatua izan zenean.
Christian Älvestam beste munstro bat da, eta melodeath estiloko nire beste abeslari gustukoenetako bat. Scar Symmetry taldearekin ezagutu nuenean, txundituta utzi ninduen. Ez da erraza haren kolaborazio bat lortzea, ez dituelako asko egin. Oso pertsona profesionala da eta argi dauka zer nahi duen.
Daniel Heiman (Lost Horizon ohia), aurrerago aipatu moduan, power metal abeslari onena da niretzat. Michael Kiskerekin batera, estilo horretako nire kantari gustukoena da. Gainera, oso pertsona jatorra da.
Disarmonia Mundi nire beste talde kutunetako bat da, eta horregatik kolaboratu dute lanean Ettore Rigotti eta Claudio Ravinale musikariek. Gainera, Rigotti laguna dut. Berak deskubritu gintuen Rise To Fallekin lehen diskoa atera genuenean, eta haren Coroner Records diskoetxearekin fitxatu gintuen. Hiru disko kaleratu genituen berarekin.
Mikael Sehlin (Degradead, Engel) abeslari ezezagunagoa da. Maila aparta du ahotsa urratzeko eta era melodikoan kantatzeko. Ziurrenik, Degradead da melodeath estiloko nire underground talde gustukoena.
Jon Howard (Threat Signal) kantari modernoagoa eta amerikarragoa da, nahiz eta kanadarra izan. Beraien lehen diskotako ahotsekin eta riffekin gozatu nuen.
Jake E (CyHra, Amaranthe ohia) abeslaria Amarantheren lehen diskoarekin ezagutu nuen. Rise To Fallekin guk egin genuen moduan, beraiek ere Hansen Studiosetan nahastu zuten diskoa. Estiloari buelta eman zion.
Rachel Aspe (Cage Fight, ETHS ohia) kantaria Frantziako X Factor programan guturalak egiten atera zenean ezagutu nuen. Asko biralizatu zen hura. Ondoren, bere taldeak eta ibilerak jarraitu nituen. Gutural ikaragarriak egiten ditu.
Marios Iliopoulos (Nightrage) gitarrista, pertsona maitagarria eta talentu handikoa da. Nightragekin kontzertu bira bat egin genuen Rise To Fallekin, eta harreman ona egin genuen. Gitarrista bikaina da.
Alessio Neroargentok Rise To Falleko lehen hiru diskoetako sintetizadoreak egin zituen, eta Disarmonia Mundirekin ere kolaboratu du. Laguna dut eta musikari aparta da.
Ville Viljanen (Mors Principium Est) abeslaria ere ezin zen falta. Haren taldea melodeath estiloko beste erreferentzia bat da.
Gavin Iedema Pedro J. Mongeren bidez ezagutu nuen. Indiako Steve Vai dela diote, eta ez da kasualitatea. Diego Zapatero teklista ere Pedrok aurkeztu zidan, eta aurrez kolaboratu zuen nirekin Rise To Fallentzako.
Alain Dalay Tardak ez du aurkezpenik behar. Rise To Fallen taldekideak gara, baina bere ekarpen propioa egiten ahalegindu zen kolaboratu duen abestian. Dann Hoyos (Space Octopus) gitarristak ere parte hartu du, eta zortea dut Rise To Fallen ere gurekin dagoelako.
Gonbidatu nahi zenituen musikari guztiak daude lanean?
Denak ez. Azken batean, artista asko gonbidatzea gustatuko litzaidake, baina ez zegoen horrenbesteko musika [barrez]. Batzuk parte hartu behar zuten, eta azkenean ezin izan zuten. Beste batzuekin ez dut lortu harremanetan jartzea. Halere, abesti berriak konposatzen ari naiz, eta kolaborazioren bat lotu dut [barrez].
Bakarkako proiektua izanik ere, lan talde baten laguntza izan duzu. Iñigo Lopezek (The Descent, Hiranya) abesti batzuk konposatu ditu. Pedro J. Mongek (Vhäldemar) diskoa ekoizteaz gain, gitarra ere jo du. Azkenik, Lawrence Dinamarcak astindu du bateria. Horiek dira Feelinglessen oinarria?
Bai, beraiek dira lehen diskoaren oinarria. Lawrence Dinamarcak grabatu ditu bateria batzuk, eta bera ere Nightragekin batera egindako biran ezagutu nuen. Gaur egun Scar Symmetryrekin ari da zuzenean. Pertsona jatorra eta talentu handikoa da. Iñigo Lopez lagun mina da, eta Rise To Fallen ibilitakoa. Konposatzeko ideia oso onak ditu, eta musika estilo berean mugitzen bagara ere, bere kutsu propioa du, desberdina eta askotarikoa. Aldiz, garrantzitsuena Pedro J. Monge da. Gitarrista bikaina izateaz aparte, ekoizle gisa duen maila ikaragarria da. Proiektuarekin bat egin du, eta orduak eman ditugu gauzak probatzen. Hori gutxi balitz, gitarra soloak eta konponketa asko egin ditu. Hoberena da. Pentsa, dagoeneko abesti berriak lantzen ari gara elkarrekin.
Orduan, denbora asko pasa zenuen Pedro J. Mongeren Chromaticity Studios-etan?
Bada, ez. Konfinamenduarengatik ezin izan genuen. Nik nire etxetik eta berak beretik lan egin genuen. Soinu txartel berdina dugunez, horrek gauzak erraztu zizkigun. Gauzak probatzen eta grabatzen aritu ginen, bakoitza bere etxetik. Esperientzia bitxia izan zen diskoaren zatirik handiena horrela grabatzea. Artistek euren kolaborazioak bidali ahala, Pedrok bere etxeko estudioan ekoizten zituen. Horrela egin genuen aurrera. Gerora, estudioan grabatu genituen Alainen ahotsak eta falta ziren bateriak ekoiztu genituen. Baita detaile batzuk ere. Baina bai, diskoaren zati handiena aipaturiko moduan grabatu genuen.
Rise To Fall taldeko gitarra jotzaile eta konposatzaile nagusia zara, eta baliteke askok pentsatzea Feelingless ildo berekoa dela. Horrela da?
Ukaezina da konposatzeko modu bat dudala, baina Feelingless ez da gauza bera. Batez ere, afinazio desberdinekin konposatu ahal izan dudalako, eta estilo desberdinak jorratu ditudalako. Batzuk gordinagoak eta beste batzuk heavyagoak. Horrek diskoari freskotasuna eta dinamikotasuna eman dio. Baina esan moduan, baliteke nire konposatzeko era eta nire riffak antzekoak izatea.
Elkarrizketan zehar aipatu dugun estiloa death metal melodikoa da, klasikoa zein modernoa. Hori da gustuko duzuna, eta hori da diskoan islatu nahi izan duzuna?
Bai, baina nire gustuko musika askotarikoa da. Heavy metala, power metala, death metal melodikoa, metalcore pixka bat (kasu gutxi batzuk) eta metal moderno pixka bat gustuko ditut. Egia esan, konposatzerakoan ez dut mugarik. Gustuko dudana sortzen dut.
Hilabete batzuk pasatu dira diskoa argitaratu zenetik. Zer nolako harrera izan du?
Erantzuna oso ona izan da, ezin naiz kexatu. Noble Demon diskoetxeak promozio ona egin duela iruditzen zait, eta jendeak idatzi dit zoriontzeko. Rise To Fall ezagutzen ez zuten askok deskubritu naute Feelinglessi esker, eta Rise To Fall zale askori asko gustatu zaie bakarkako proiektua.
Feelingless proiektuaren bigarren diskoa dagoeneko martxan duzu, ezta?
Ez dakit disko oso bat izango den edo singleak aleka argitaratuko ditudan. Oraindik ez dut erabaki. Esan dezakedana da, eta aurreratu moduan, konposatzen ari naizela eta bi abesti prest ditudala. Horien kolaborazioak baino ez zaizkit falta. Pixkanaka kantak idazten jarraituko dut, eta orduan erabakiko dut zer egin.
Sortzaile eta konposatzaile nekaezina zara. Noiz hartzen duzu horretarako denbora?
Azkenaldian gutxi hartu dut gitarra konposatzeko. Batzuetan denbora duzu baina inspirazioa falta, eta beste batzuetan ez duzu denborarik eta inspiratuta zaude. Konfinamenduko gauza baikor bakarra izan genuen aparteko denbora izan zen. Inspiratua sentitu nintzen eta proiektu hau egiteko gogoarekin. Orain, pixkanaka jarraituko dut konposatzen Feelinglessentzat eta Rise To Fallentzat. Gauza berriak egiteko gogotsu nago.
Proiektua talde bihurtu eta taula gainera eramatea pentsatu duzu?
Pentsatzea eta aurrera eramatea ez da gauza bera. Oso zaila da diskoa zuzenera eramatea kolaboratu duten abeslari guztiekin. Taldearen oinarria osatzea erraza izango litzateke, baina abeslariena momentuz ez dut ikusten. Gogoan dut Avantasia taula gainera eramateko hiru disko behar izan zituela Sammetek. Niri ere gustatuko litzaidake Feelingless taula gainera eramatea.
Testua: Inaxio Esnaola Aranzadi.
Argazkia: Josu Torrealday.