2023/10/25

Urtz bandak 35 urteko ibilbidea disko berri batekin omenduko du

Pasaiako Urtz hard rock taldeak Esnatzean bederatzigarren diskoa kaleratuko du azaroaren 17an, Maldito Records diskoetxearen bidez. Sestaoko Polo Sur estudioetan grabatu dute lan berria, eta aurrerapen gisa Ez etsi abestiaren bideoklipa aurkeztu dute.

35 urte luze pasa dira lau musikarik Urtz taldearen abentura abiatu zutenetik. Xabier Camarero abeslari, gitarrista eta konposatzailea da iraun duen bakarra. Musikalki, berriz, ageriko eboluzioa izan duen banda da. Lehen diskoetan heavy metal eta hard rock doinu euskaldunak jorratu zituzten. Pixkanaka, ordea, rock melodikorantz eta pop rockerantz lerratu ziren. Bestelako esperimentuak ere egin zituzten, eta horrela sortu euren ereserki ezagunenetakoak. 2013ko Astiro itzulera lanarekin iraganeko heavy rock izaera berreskuratu zuten, baina 2019ko Zabaldu ateak pop diskoak taldearen aurpegi komertzialena erakutsi zuen. Lan berriarekin ikusteko dago zein den harturiko norabidea eta joera.

Hauxe duzue Josu Torrelday artistak egindako azala:

Diskoetxeak honela aurkeztu du disko berria: "Lozorroan murgildutako testuinguru sozial honetan, esnatzea eta bihotza iparrorratz gisa hartzea aldarrikatzen du Urtzen disko berriak. Alegia, gure barrualdearekin bat egitea patuak dakartzan erronkei aurre egin ahal izateko. Are gehiago, sentimenduak ezinbestean konformismoaren dunetan hondartzen diren garaiotan. Izaera introspektibo hori, hain justu, Josu Torrealdayk diseinatutako azalean ez ezik, diskoa osatzen duten abesti gehienetan ere islatzen da. Musikari erreparaturik, Urtzen estiloak oso identifikagarria izaten darrai. Edozelan ere, aldaketa esanguratsurik nabari da. Ez alferrik, gitarren marruma eta melodien lasaitasuna soinu elektronikoekin nahasi egiten dira. Ez da, inondik inora, musika iraultza bat, pixkanaka-pixkanaka garatzen ari den mutazio berritzailea baizik".

Hurrengo kontzertuak