Lehen pertsonan aritzea erabaki du Iker Hervas musikari gipuzkoarrak. Usuales izenpean, bakarkako bideari hasiera eman dio, horrenbeste gustuko dituen hard rock doinuak jorratzeko. Arrasateko Lined thrash/death metal taldeko kidea da, baina aldarte zeharo desberdina erakutsi du Algo que contar estreinako diskoarekin. Bakarrik sartu zen Bizkaiko Chromaticity Studios-etan, eta laguntzaile zein baliabide profesionalekin biribildu du. Baxuarekin konposaturiko hamar piezak Pedro J. Monge (Vhäldemar) gitarrista apartarekin eta Leire Tejadaren ahotsarekin aberastu ditu.
AEBetako eta Europako hard'n'heavy bizia da barrenetik askaturikoa, entzuleari belarrira kontatuz esateko duena. Estiloarekin horren bateragarriak diren koroak, riffak, gitarra soloak, bonbo bikoitzen errebelazioak eta lelo zuzenak dituzte pieza guztiek. Renunciar lehen kantuak izenburuaren kontrakoa adierazten du. Amore ematetik urrun dago Hervas gaztea. Ideiak nahiko garbi dituela dirudi, eta batez ere, gauzak kontatzeko gogo bizia.
Hegoaldeko rockaren zertzeladak dituzte Algo que contar kantuak eta Ritual instrumentalak. Desertuan barrena beleak ageri diren bezala, oasiak ere topatzen ditu gipuzkoarrak. Hain zuzen, hard rock lehorraren eta melodikoaren artean eroso dago. Hasta el final eta Viento a favor biribilak eredu onak dira. Noski, Nadie duerme eta Donde estas? balada gozoak ez dira falta. Hard rockaren gidaliburua erabat jarraitu ez badu ere, osagai guztiak ditu. Horri gehitu behar diogu Pedro J. Monge jaunak gitarrarekin egindako ekarpena. Solo bihurriak bezain landuak dira erritmo sinpleenak.
Banda osatzen ari da diskoa taula gainera eramateko. Are gehiago, dagoeneko musikariak fitxatu dituela iragarri zuen elkarrizketa batean. Pandemia baretzea falta zaio, kantu hauek askatasunez gozatzeko modukoak direlako. Gurean horrelako hard rock proposamenak asko ez direnez, ongietorria da Usuales taldearen proposamen ezaguna eta freskagarria.
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Autoekoizpena.
Abesti zerrenda:
01. Renunciar
02. Algo Que Contar
03. Hasta El Final
04. Viene Y Va
05. Nadie Duerme
06. Siempre Tarde
07. Ritual
08. Viento A Favor
09. ¿Dónde Estás?
10. La Cuenta Atrás