Velka - Purgatori Ignis Ludicium

Euskal Herrian denak ezagutzen gara, batez ere, herri txikietan. Velka black metal taldeko musikariak zeintzuk diren badakigu, baina beraiek anonimotasuna errespetatzeko eskatu dute. Ez dira bakarrak, noski. Altarage bizkaitarrek ere izaera anonimoa dute, nahiz eta taula gainera igotzen direnean ondorioztatu daitekeen nortzuk diren. Dena dela, ez gara jausiko ezkutaketa jolasean. Hobe da Purgatori Ignis Ludicium estreinako diskoan barneratzea. Iazko azaroan argitaratu zuten, eta urrun dagoela dirudien arren, ordutik oso presente mantendu dira sare sozialetan. Izan ere, asko dira lanaren inguruan idatzi diren iruzkinak. Hau zenbatgarrena ote da?

Buruko osasuna hizpide dugun garaiotan, horixe bera da diskoaren kontzeptua. Hori bai, makurra eta mezu baikorrik ez duena. Gizakiaren pentsamendu ilunetan jausi dira, eta entzuleei zulo sakon horri buruz kantatzen diete. Horretarako, gupidarik gabeko black metal gordina eta basatia darabilte. Arnasa hartzeko aukerarik ematen ez duten zazpi pieza dira, belarri latzentzako eginak. Abesti bakoitzeko riff bilduma agorrezina dirudi, zinez aberatsa. Aldiz, bateriaren ekarpena sinesgaitza da. Nor da gai erritmo horiek zuzenean jotzeko? Altxa ditzala bi besoak, eta erakutsi ditzala hankak.

Bederatzi minutuko Eternal Hate Awakens lehen piezak sentsazio bikoitza eragiten du. Hasi orduko bilakaera nolakoa izango den jakin nahi duzu, baina bukatzen denerako luzeegia iruditu ahal zaizu. Hori bera errepikatuko da gainerako kantuetan. Pasarte asko sartu dituzte abesti guztietan, eta batzuetan baliteke gehiegizkoa izatea. Gustagarria bezain mingarria da entzunaldia lehen kolpean, eta, beraz, hobe da pixkanaka dastatzea. Izan ere, ezohiko disko bat da kantuen iraupenarengatik eta duen intentsitatearengatik. Horregatik, zazpi minuturen azpitik dauden lau kantuak dira gozagarrienak: Freezing Hell Isolation, Inner Chaos Unleashed, Ancient Pain Exposed eta Ascension Through Fire. Hain zuzen ere, azkenaren suak goxatzen du gehien belarria.

Itzaletik sortu ziren, itzalean geratzeko. Horregatik, egiazko black metalaren jarraitzaile sutsuek estimatuko duten talde anonimoa da. Velka da beraien izena.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Base Record Production/Necromance Records.

Abesti zerrenda:

01. Eternal Hate Awakens
02. Freezing Hell Isolation
03. Inner Chaos Unleashed
04. Ancient Pain Exposed
05. The Imposed Punishment
06. Lake of Forgetfulness
07. Ascension Through Fire

Hurrengo kontzertuak