2023/05/12

Vertigo Rock: "Urtez urte, Vertigo Rock garatzen eta eboluzionatzen joan da"

Ermuako Vértigo Rock jaialdiak hamabost urte bete ditu, eta hamabost talde programatu dituzte XV. ediziorako. Jaialdiaren izen bereko musika elkarteak antolatzen du, eta gaur egun Ermuako eta Eibarko hogei bat lagunek osatzen dute. Euskal Herriko rock eta metal jaialdi beteranoenetakoa da, eta beste batzuen aldean desberdina da. Gainera, doakoa. Elkartearekin hitz egin dugu aurtengo jaialdiaren atarian.

Zergatik erabaki zenuten Vértigo Rock jaialdia sortzea?

2007. urtean herriko bi musikarik erabiltzen ez zen diru laguntza bat bazegoela jakin eta jaialdi bat sortzea erabaki zuten, Ermuko musika taldeek jo zezaten. Horiek ikusgarritasuna emateko helburuarekin sortu genuen jaialdia. Bestalde, banda ezagunak herrira ekartzeko asmoa ere bagenuen, gure talde gazteek ezagunagoak diren beste musikari batzuekin agertokia konpartitzeko aukera izan zezaten. Rock kultura sustatzea garrantzitsua iruditzen zaigu, eta, horregatik, herrian jarduerak etengabe sortzen saiatzen gara: elektrotxarangarekin giroa sortuz, haurrentzako jarduerak antolatu, kaleko kontzertuak programatuz eta abar.

Jaialdiak hamabost urteotan izan duen harrera nolakoa izan da?

Urtez urte, Vértigo Rock garatzen eta eboluzionatzen joan da. Gero eta jende gehiago etortzen da jaialdira. Kokaleku aldaketak, berriz, jaialdia handitzea suposatu zuen, eta gure ingurutik kanpoko jende gehiago mugitzen hasi zen. Jaialdiak berak hedapen handiagoa izan du. Oraingo antolakuntza eredua gustuko dugun arren, herrian bertan jaialdia aurrera eramatea nahiago dugu, txikiagoa izaten bada ere. Hori baita gure filosofia, gure abiapuntua. Zoritxarrez, udaletxeak trabak jarri dizkigu, eta ezin gara hasierako formatura itzuli.

Eta aurrera begira, zein asmo dituzue?

Urtez urte lan egiten dugun elkartea gara, eta irailean biltzen gara erabaki berriak hartzeko. Ez dugu musika estilo zehatzik eta askotan ez dugu formatua errepikatzen. Urte batean kartel metalzaleago bat atera genezake, eta hurrengoan agian punkerantz lerratu daiteke. Horrek beste jaialdiengandik ezberdintzen gaituela uste dugu, eta horrekin oso harro gaude!

Hurrengo kontzertuak