Heavy metal oihu propioa du Barakaldoko Vhäldemar talde beteranoak: a muerte! Nori zuzendua den jakiteko beraiei galdetu beharko zaie, baina baliteke erregeei eskainitakoa izatea. Izen abizenik jarri gabe, erregearen figura oso presente dute diskografian. Pentsa, Against All Kings bosgarren eta azken lanean izenburura eraman dute berezitasuna.
Ez dira erregeak, baina taldeko koroaren jabeak bi dira. Carlos Escudero abeslaria eta Pedro J. Monge gitarra jotzailea dira hasieratik segitzen dutenak. 90eko hamarkada bukaeratik bandaren gidariak izan dira, eta alboan musikari hainbat izan dituzte. Garai desberdinen araberakoa izan da. Sendo hasi ziren bi urtetan bi disko argitaratuta. Harrera ona izan zuten estatuan, Bilboko diskoetxe baten bidez, eta Europara ere iritsi ziren beraien doinuak. Orduan finkatu zituzten beraien lehendabiziko ereserkiak.
Isilune luze baten ostean itzuli ziren hirugarren diskoaren mundu mailako metalari gorazarre egiteko, eta ez zuten gehiegi itxaron laugarrena ere plazaratzeko. Oihartzuna ez zen lehen garaikoaren parera iritsi, baina ez zuten etsi. Aldaketa berriekin, eta sormen fina bidelagun, bosgarrenean ibilbideko lan erakargarriena osatu dute. Errege guztien kontra egitearekin batera, heavy metal zuzena eta power metal melodikoa maila paregabean jorratu dituzte.
Ezin da kantu bat bera ere baztertu. Metalizer klasikoarekin hasita usaindu daiteke ondorengoak ere mereziko duela. Judas Priest, Gamma Ray eta Manowar ezagunen klubekoak izateko ezaugarri guztiak dituzte, aitorturiko eraginak dira. Bizkaitarrek, ordea, beraiena egitearekin konformatu nahi dute, eta harro egoteko arrazoiak dituzte. Against All Kings kantua, Eye For An Eye eta I Will Stand Forever ere heavy tradizionalaren eredu onak dira. Tradizioak aipatuta, 1366 (Old King's Visions Part V) bosgarren zatia ez da falta; bizia eta itsaskorra.
Sumendiak erdibitzen du diskoa. Vulcano instrumentalak bigarren zati aberats eta melodikoari ematen dio hasiera. Howling At The Moon eta Walking In The Rain kantuak ereserki bihurtuko dira. Jon Koldo Tera teklatu jotzailearen ekarpena ondoen jasotzen dute, eta agerian geratu da taldeak irabazi egin duela bere fitxaketarekin. Azken orduko aldaketen eraginez, diskoan parte hartu duten baxu jotzaileak eta bateriak ez dute zuzenekoetan parte hartuko.
Tronura igotzeko aukera berria dute bizkaitarrek, hastapenean erakutsi zuten grina berreskuratu dutelako. Gurean harrera polita dute heavy metal klasikoaren zale gazte eta zaharren artean. Hemendik kanpo ere, garai bateko oihartzunak bidea egin duela dirudi. Dena ematera aterako dira agertokira.
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Fighter Records.
Abesti zerrenda:
01. Metalizer
02. 1366 (Old King's Visions Part V)
03. Against All Kings
04. Eye For an Eye
05. I Will Stand Forever
06. Vulcano
07. Howling at the Moon
08. The Last to Die
09. Walking in the Rain
10. Rebel Mind
11. Titans in D Minor
Entzun: