Vhäldemar - Straight to Hell

Infernura bidean topatu dute arrakastari jarraipena emateko modua. Vhäldemar bizkaitarren sugarra sormen borobilek eta zuzeneko bereizgarriek hauspotu dute. Straight to Hell estudioko seigarren diskoarekin urtetan findu duten formula berretsi dute: heavy/power metal bizi zein pausatua, lelo eta estribillo gogoraerrazekin. Bestelako infernu batek apaldu du beraien bolada ona, eta ez dute diskoa taula gainean behar bezala aurkeztu.

Bi hamarkada luzeko ibilbidea beteta, duela hiru urte berpiztu zuten Vhäldemar taldea Pedro J. Monge gitarra birtuosoak eta Carlos Escudero abeslari zein artistak. Against All Kings lan bikainari esker, promozioa zaindu eta kritika bikainak jaso zituzten. Apalduriko sua indartu zuten boskotea berrituta eta Jon Koldo Tera teklatu jotzailea gaineratuz proposamenari. Jandro Camuñas bateriak eta Raul Serrano baxuak egonkortu zuten taldea, eta kontzertu esanguratsuak emateko aukera izan zuten.

Arriskatzeko beharrik gabe iritsi dira diskografiako seigarren urratsera. Formula berrasmatu ostean, jarraitzaile gehiago erakarri zituzten, eta horiek mantentzea erabaki dute arriskurik hartu gabe. Energiaz beteriko proposamen irabazleari eutsi diote, eta Straight to Hell lanarekin ere asmatu dute. Iraupen aldetik, beraien ibilbideko motzena da, eta baita orekatuena ere.

Hamar abesti eta berrogeita bat minutu ditu diskoak. Aise entzuten da, eta musika azkar kontsumitzeko ohitura bereganatu duten heavy metal zaleentzako aproposa da. Abiadura handiko heavy/power metalak (My Spirit, Afterlife eta Damnation's Here) talka egiten du pasarte epikoak (Death to the Wizard!, Straight to Hell eta Hell is on Fire) dituzten pieza pausatuagoekin. Epikoena, aldiz, Fear ereserkia da. Serranok konposatu du, eta abestera ere ausartu da Escudero jaunarekin.

Vhäldemarrek izaera eta diskurtso propioa landu ditu denboran. Urteekin zahartu badira ere, kantu berriekin etengabe gaztetzen dira. Horri esker lortu dute irautea, eta burdin aro berri bat bizitzen ari dira. Infernuko ateak zabalik badituzte ere, ez dira berehalakoan kiskaliko.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Fighter Records

Abesti zerrenda:

01. Death to the Wizard
02. My Spirit
03. Afterlife
04. Straight to Hell
05. Damnation's Here
06. Fear
07. Hell Is on Fire
08. Black Mamba
09. When It's All Over
10. Old King's Visions (VI)

Hurrengo kontzertuak