Lehenengo iruzkina ote da hau? Galdera honi ez erantzun. Bilboko Withredd talde interesgarriak otsailean plazaratu zuen No Replicant EP digitala. Sarean ez dago lan honen inguruko aipamen askorik, erreferentziarik eta iruzkinik. Adimen artifizialaren bidez topatu ahalko dira? Sorkuntza bera da erantzuna, konstatazioa, errealitatea. Eta hau izango ote da lan honen inguruko euskarazko iruzkin bakarra?
Danel Garay musikari eta gidariak honela aurkeztu zuen Withredd banda: "Esperimentatzea oso gustuko dugu. Talde gisa eta indibidualki lan egiten dugu ditugun gaitasun artistikoak baliatzeko. Horregatik, hasieratik bideoklipak sortu ditugu, baina ez banda kontzeptuari begira. Forma alternatiboen bidez transmititzea da helburua". Hain zuzen ere, rock eta metal alternatiboa jorratzen dutela adierazi dute. Etiketak zorroztu aldera, prog eta djent metal modernoaren zaleak direla esan behar da. Leprous, VOLA, Periphery eta Sleep Token gisako taldeak gogora ekar ditzakete.
Aleka aurkeztu eta osatu zuten lan deigarria da No Replicant. Hamaika geruzekin eta elementuekin eraikitako sei pieza ditu. Ahotsen, gitarren, baxuaren eta bateriaren gainetik nabarmentzen dira sintetizadoreak, distortsioak eta erritmo aldakorrak. Saxoa ere ageri da une jakinetan. Entzumena fintzea ezinbestekoa da sei abestien pasarteez jabetzeko. No Replicant, Prevelion eta Synthetic dira bizkaitarren talentuaren erakusgarriak.
Zergatik egin digute oihu? Erantzunik gabeko galderari erreparatzeko. Horretarako, maiatzean single berri bat estreinatu zuten: Why you shouted at me. Lan laburraren ildokoa izanik ere, orain arte aurkezturiko borobilena da, aipaturiko ezaugarriak beste maila batera eramaten dituelako. Oihu horren oihartzunak bizirik dirau plataforma digitaletan.
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Autoekoizpena.
Abesti zerrenda:
01. No Replicant
02. Prevelion
03. Cryo
04. Faces
05. Synthetic
06. Leaves