Hirugarrenarekin iritsi da lehendabiziko iruzkina. Hard rock melodikoari buruz estreinako aldiz idazteko unea iritsi da. Nafarroako Xtasy taldeak joera europarra landu du etxeko estudiotik azaleratu zenetik, eta hasieratik lortu zuten munduratzea. Eye of the Storm hirugarren diskoarekin euren izaera indartu eta apustua berretsi dute. Erik Märtensson (Eclipse) musikari, ekoizle eta laguna alboan izatea erabakigarria izan da. Orain arteko ekoizpen finena lortu dute.
Melodien sortzaile profesionalak dira taldearen gidari Silvia Idoate eta Jorge Olloqui. Bikoteak etxean pixkanaka prestaturiko errezeta gozoek oihartzuna lortu dute. Osagaien zerrenda luzatu dute disko batetik bestera. Rock melodikoa heavy metal klasiko zein modernoarekin jantzi dute. Horregatik, elementu horiek antzeman daitezke lan berriko hamaika abestietan. Guztiek goxatzen dituzte belarriak, itsaskorrak eta erakargarriak direlako.
Diskoaren lehen zatia zinez gogoangarria da. Lau pieza eder kateatzen ditu: Die Young, Play With Fire, Eye of The Storm eta Perfect Strangers. Nafarren hard & heavy proposamen orekatuaren isla dira. Egitura eraginkorrak eta errepika ahaztezinak dituzte. Idoate abeslariaren lana nabarmentzekoa da, ahotsa etengabe egokitzen duelako lausotuz eta urratuz. Melodiak marrazteko Olloquiren gitarraren, teklatuen eta sintetizadoreen konpainia du uneoro. Märtensson jaunaren eragina ere nabari da.
Erritmo eta intentsitate desberdinak tartekatzen dituzte gainerako errepertorio atseginean. Heavy metalera lerratzen dira The War eta Nowhere to Run zuzenak. Aldiz, hard rock zein AOR doinuen erakusgarri dira Flesh & Blood, Crashing Down eta The Clock. Bereziki hirugarrenak jasotzen du betidanik mantendu duten freskotasuna. Egia esan, kantu bakar bat ere ez du soberan edo lekuz kanpo. Hasi eta buka maila paregabea mantentzen duen hard rock lan gozagarri bat aurkeztu dute.
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Metalapolis Records.
Abesti zerrenda:
01. Die Young
02. Play With Fire
03. Eye of the Storm
04. Perfect Strangers
05. Welcome to My World
06. The War
07. Flesh and Blood
08. Crashing Down
09. Nowhere to Run
10. The Clock
11. Silent Heroes